Carlos Castro: “Hegoameriketan egunkariek inpresorak erosten segitzen dute”

IMG_0269

“Nora zoazte, ministerio batera ala?”, erantzun zigun liburudendari batek Jr Camana 320 helbideagatik galdetu genionean. Han, Limako kale zaratatsu batean, aurkitzen da La República komunikazio taldeko eraikuntza. Bertan izen bera daraman egunkaria idazten duten kazetariak dabiltza jo eta ke, Peruko egunkari serioenetariko bat (ez da zaila gero) egunero argitaratzeko. Carlos Castro zuzendariorde eta kazetari beteranoarekin bertan jarri genuen hitzordua pasaden astean, eta han genuen zain, Perun ohikoa ez den puntualtasunez, esku zabal, kafea eskeiniz eta komunikazio taldeko sail guztietako ateak zabalduz.

Castrok bere kazetaritza ibilbidea arrazoi politikoak medio hasi zuen, Francisco Morales Bermúdezen diktadura aldian, ezkerreko mugimenduetan militatzen zuen artean. Castrok badaki zer den beraz boterearentzako inkomodo izan eta ondorioak jasatea. Kapitaletik 562 km iparraldera dagoen Trujilloko La Industria egunkariko erredakzioan hasi zen lanean. Beranduago Lima aldera egin zuen alde, jazarpen politikotik ihesi, eta La Repúblican segi zuen bere ibilbidea, egun zuzendariordea den egunkarian.

Elkarrizketa osorik:


Paperaren krisia ez da iritsi Hegoameriketako prentsara

Peruko edozein kioskotan sekulako egunkari sentsazionalista collagea topatu daiteke. Dena kolore eta oihu. Ikuste hutsak min ematerainoko gustu txarreko titularrak, argazki ezin horiagoak eta kazetaritzako edozen kode deontologikoren arabera egin ezin denaren zerrendako beste hainbat opari. “Egunkariek oraindik inpresoretan inbertitzen jarraitzen dute”, dio Castrok, izan ere, paperak saltzen segitzen du, interneta oraindik ez delako kontsumorako erabiltzen. Eta La República taldea honen adibide garbia da, El Popular (egunkari sentsazionalista) eta Libero (kirol egunkaria) editatzen baititu, oso salduak biak, La República egunkaria bideragarri izan dadin. Eta izan, bada, irabaziekin, ozeanoaren beste aldera salbuespen bilakatu dena.

Europan eta AEBtan kazetaritzak bizi duen krisi bikoitza ez da iritsi Hegoameriketara. “Etorkizunera begira gure atal digitala indartu nahi dugu eta interneteko telebista martxan jartzen gabiltza. Hona ere iritsiko da, eta jada nabaritzen dugu twitter eta Facebook eta informazio azkarraren eragina”, dio Castrok, hemen bizi dugunaren begirale. “Etorriko denaren aurrean ondo kokatu behar gara, baina oraingo ondo gaude.”

Diktadurek ixten dituzte egunkariak

Sarreran aipatu bezala, kazetari beteranoa da Castro, diktadurapean lan egindakoa, eta ez du “inolaz ere justifikagarria” ikusten egunkari bat ixtea. “Pentsamendu bat ezin espresatua izatea bilatzen da, baina azkenean beti amaitzen da espresatzen handik edo hemendik”. Ez zituen ezagutzen ez Egunkariaren, ez Eginen kasuak, eta harriduraz bezainbeste interesez erantzun zion galderari. “Jendarte batek zenbat eta espresabide gehiago izan, orduan eta hobe”.

Unibertsitateek ez dituzte kazetari onak hezten

“Salbuespen bat badago ere, Perun unibertsitateek ez dituzte kazetari onak hezten”. Halaxe dio Castrok, eta nago ez dela hori Perun bakarrik gertatzen. La Repúblicako zuzendariordearen aburuz kazetariek egunkarian ikasten dute “ia dena”. Bere iritziz, egun, kazetari batek asko irakurri behar du, independientea izan eta etikoki idatzi. “Hizkuntzen ezagutza ere oso garrantzitsua da egun, informazioa hainbat hizkuntzetan iristen baita, lehen ez bezala”.

carlos castro, Egunkaria, kazetaritza, la república, lima, Papera, periodico, periodismo, Peru
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude