Kezkak

ShaolinZur eta lur utzi gintuen aurreko astean Bilbon gertatutakoak. Inork ez zuen espero, maisu shaolina zen Juan Carlos Aguilarrek horrelako ankerkeriak egitea, hau da, emakume bat koman egon arte kolpatzea eta bere gimnasioan hezur batzuk aurkitzea. Gogoan dut ere nola hedabideek shaoli maisuaren bizitza izpirituala aipatzen zutenHainbat telesaiotan ere agertu zen Aguilar bere jardueraren berri emanez, bera izan baitzen mendebaldean jaiotako lehen maisu shaolina. Hori esaten zuen, behintzat. Horren harira, El Correok bere web orrian orain dela urte batzuk egindako elkarrizketa bat zekarkigun, gizon honen profila argitzeko asmoz, edo-ta egunkariko zuzendariak gizon honen gorabeheraren jakinaren gainean zeudela erakutsi guran. Batek daki.

Baina gauzak zer diren, Aguilarren atxiloketatik egun bi pasa eta, hau ezuste!, bilbotarra ez zela maisu shaoli bat iragarri zuen El País egunkariak. Hortik aurrera egunkari eta hedabide guztiak iruzurraren berri ematen hasi ziren. Antza denez, Aguilarrek aipatutako bizimodu pentsakor eta lasaia irudikeri hutsa zen. Eta gero-gerokoak etorri ziren, hau da, tipo harroputza, putazale eta gezurteroa zela leitzen hasi ginen. Hori gutxi balitz, Aguilarren miseria guztiak agerian uzten hasi ziren egunkariak, nola diru falta zaien edo-ta zelan putetara joaten zen ilordea ipinita, prentsa arrosa eta prentsa serioaren jarduera nahastuz. Ez diezaiegun kazetariei erru guztia leporatu, arren, Aguilarren moduko hiltzaileen profil psikologikoa biziki erakargarria egiten baitzaigu irakurle kuxkuxeroi.

Dena den, kezkatuta utzi nauen zera izan da: nola den posible egun batetik bestera Aguilarren osatutako bizitza ezerezean geratzea? Hau da, nola gerta litekeen Punset-en telesaiotik pasa den tipo baten kontakizuna bat-batean desegitea. Erantzun ugari datozkit burura. Hasteko, ekialdeko kulturak liluratuta Aguilarrek esandako guztia egitzat hartzea eta horren berri emateko gogoak. Horren harira, baliteke ekialdeko kulturaren berri ez daukagunez, Aguilarrek aipatutako maisu shaolin eta euren bizimoduaz kontatutako guztia benetakotzat jotzea, hau dena argazki eta bideo xarmangarriaz apainduta (the show must go on!– aren filosofia) Segitzeko, mendebaldeko lehen maisu shaolinaren berri ematearen grinak bultzatuta, Aguilarrek esaten zuen guztia egiatzat hartzeaz gain, bere lorpenen berri ematea, kazetariok orokorrean dugun eta Aguilarrek ei daukan izaera harroa asetuz. Izan ere, azkarrena eta informazio onena emateko premia daukagu kazetariok, lehiaketa bailitzan. Bukatzeko, gezurrak entzuteko ohituak ez bageunde bezala jokatzea, Aguilarrek esandako guztia ez egiaztatuz. Lantzean-lantzean erratzen dugu denok.

Gizakiaren ankerkeria agerian utzi du Aguilarren auziak. Era berean kazetariaren eginkizuna garrantsitzua dela ere gogorarazi digu. Alde batetik, informazio iturriak egiaztatu beharra daukagula diosku auzi honek. Bestela, ezinezkoa litzateke gertatutakoa, hau da, egun batetik bestera Aguilarrek kontatutako guztia ezerezean geratzea. Bestalde, kazetari finak ere badirela erakutsi du auzi honen gorabeherak. Berbarako, Aguilarren “errelatoa” hondatu dutenak El País-eko kazetariak izan dira. Beraz, ez dugu eroarena egin behar, kazetari denak “manipulatzaile” batzuk direla esanez. Dena den, ez dut uste maltzurkeriaz jokatu dutenik Aguilarren “errelatoa” egitzat hartu zuten kazetariek, baizik eta, sinistu nahi izan zuten edo, denbora faltagatik, ez zuten datuak egiaztatzeko denbora aski izan. Arin larregi mugitzen den mundu honetan, berria berari baino, berria emateari ematen diogun lehentasuna, Aguilar maisu shaolina zela ala Dolores Vázquez-ek Rocío Wanninkhov hil zuela egitzat hartuz, horrek dakarren guztiarekin. Kazetariak denbora behar du informazioa bildu eta berria osatzeko. Ez dezagun ahaztu.

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

2 pentsamendu “Kezkak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2013-06-11 16:25

    Kazetariek ez al zuten denborarik eduki telefonoa hartu eta arte martzialen federazioei galdetuz informazioa kontrastatzeko? Zenbat denbora behar da horretarako, hamar minutu?

    • Jon Intxaurraga
      Jon Intxaurraga 2013-06-11 20:12

      Hori jakin nahi dut nik. Dirudienez, ez zen oso kontu konplikatua izan; El País-ek oso azkar eman baitzuen iruzurraren berri. Larriena da, inork ez duela hutsa aitortu. Era natural batean segitu dute informazioa ematen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude