Maradona Saharan

Maradona Saharan

Jainkoaren eskua. 10. Pibe de oro. Pelusa. Barrilete kosmikoa. Diego.

Diego Armando Maradona duela 55 urte jaio zen Buenos Airesen, eta beti izan da futbolari bat baino askoz gehiago. Familia txiro batean jaio zelako izan liteke, hein handi batean. Bere jokatzeko era txundigarriak maitemindu zuen Argentina eta liluratu zuen mundua, baina horretaz gain, jendea berarekin identifikatzen zen. Heroi herrikoia izan zen. Erresuma Batuak Malvinetako gerra irabaziko zuen, baina Diegok sekulako golak sartu zizkion bueltan selekzio ingelesari. Argentinarrek bizi zuten minari aterabide emozional bat eman zion.Maradona Saharan

Drogak, tratu txarrak, dirua, gehiegikeriak… Ezerk ez du lortu jende askok Maradonarekiko sentitzen duen miresmena zapuztea; ea gaur hori lortzeko aletxo bat jar dezakedan.

Mendebaldeko Sahara duela 40 urte inbaditu zuten Marokok eta Mauritaniak, Estatu espainiarrak baimendu ostean. Mundu guztiko komunikabideek Martxa Berdea grabatu zuten, hau da, 350.000 marokoar oinez, arma gabe, “Sahara askatzera”. Amu ederra, zeren eta bitartean, handik kilometro batzuetara, armada marokoarra jo eta su sartu zen berea ez zen lurralde batean. Sekulako sarraskia eragin zuten, milaka eta milaka hildako; oraindik ere hobi komunak agertzen dira. Hori gutxi balitz, marokoar Estatuak napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu zuen saharar herria, eta hori hitz bakar batean laburbildu daiteke: genozidioa.

Krimen horien 40. urteurrena ospatzeko (ondoren beste asko etorriko ziren), gobernu marokoarrak sekulako propaganda kanpaina antolatu du bai Marokon eta bai zonalde okupatuetan. Dirutza gastatu dute jaialdietan, kontzertuetan, komunikabideetan … eta gonbidatuetan.

Maradona okupazioari jokoa egiten, monarkia autoritario bati bere sustengua ematen, genozidak besarkatzen… Che eta Fidel tatuatuak dituela; eta gainera dantzatzeko gogoz. Lastima Goikoetxeak ez zuela herren utzi.

Jakingo duzuen bezala, Argentinan bada Maradonaren eliza bat. Beharbada Abel Azkonaren plan berdinean jarri eta kokaina marra batzuekin, edo bostehuneko bileteak ilaran jarrita “SALDUKERIA”, edo “ERASOTZAILEA”, edo “KALAMITATEA” idatziko dut bertan; edo zerbait motzagoa, garesti xamar aterako zait bestela.

Bertako fededunei Nietzschek aspaldi batean esandakoa errepikatu behar zaie: hil da Jainkoa.

Ganbelai, Maradona, Pakito, Sahara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude