Charlie Hebdo aldizkarikoak akabatzeko bidea

Ohi ez bezala, Hendaiako geltokiko kioskoan erosi nuen Charlie Hebdo aldizkariaren azken alea. Dentistarengana nindoanez, ez neukan barre egiteko gogo handiegirik, baina gauza zehatz baterako behar nuen aldizkaria. Gainera, azala ere ez zitzaidan oso erakargarri egin: Marine Le Pen ageri zen, eta ez nuen oso ondo ulertzen ahal zer demonio esan nahi zuen txiste hark. Galdetu nuenean bakarrik jabetu nintzen mezuaz. Nolabait.

chiche - Charlie Hebdo aldizkarikoak
“Front Nationalak gorrota al dezake munduko miseria guztia?”. Marine Le Pen: “Baietz!”

Eguzki ederra egiten zuen, eserleku batean jezarri eta editoriala irakurtzen hasi nintzen, barretxoren bat aterako zidalakoan. Bai zera! Barretxoa baino, ozpindu egin zidan arratsaldea, hori bai dentistarekiko urduritasuna uxatu zuen, behintzat. Izan ere, tartekoak tarteko, geu ere aspaldion ZuZeun oso kezkatuta ibili izan gara adierazpen askatasunaren mugak direla eta.

Kontua da, nire eta gure arazoak, euli kaka iruditu zitzaizkidala Charlie Hebdoren editorialak zekartzanen ondoan. Pentsatzekoa zen, hamabi lagun hil zituen atentatuaren ostean hainbesteko babesa jaso duen aldizkarikoak lasaiago ibiliko zirela, baina ezetz ematen du. Eta, gainera, balizko hiltzailea aldatu egin da, jada mehatxua ez baita Kouachi anaien antzeko muturreko islamista jendea, baizik eta geure antzeko herritar garaikidea, Interneteko sareetan gozo asko ibiltzen garen horietakoak.

Itota hildako Aylan haur siriarraren irudia erabiliz eginiko marrazkia dago arazoaren hondoan. Itxura batean jasangaitza eta eroan ezina egin zaigu guri, jende antiarrazista, abegikor eta sentiberoi Charlie Hebdok argitaratutako marrazkia. Humanista aurrerakoi itzeloi, azken finean. Edo hala ulertu duk nik, bederen.

Zer pentsatu ikaragarria eman dit irakurritakoak, eta iruditzen zait, zeuk ere behar zenukeela ezagutu editorialean aitortzen den kezka guztia.

ZuZeun ezin dugu inolako estekarik jarri, ez baitu Charlie Hebdok Interneten argitalpenik, dena paperean egiten du eta. Bere horretan dakargu, beraz,  P. I. lagunak itzulita eta lagungarri diren marrazkiak geuk hona ekarrita.

 

Heriotza zigor parte-hartzailea

aylan motxilarekin - - Charlie Hebdo aldizkarikoak
“KURTSO HASIERA DA”

Sare sozialak berriro ere gaiztotu dira aste honetan. Sendatu gabeko erlakizten bat bezala, gaizki desinfektatutako zauri bat bezala gaiztotu dira. Bizkarrean motxila bat daraman Aylan txikiaren silueta hila erakutsi eta izenburutzat “Kurtso hasiera da” duen marrazki batekin hasi zen dena. Erratuta Charlie Hebdori egotzitako marrazki horrek sortu zuen lehen protesta olatua sozial deritzegun sareetan. Hurrengo egunetan, Charlien agertu zen marrazki bati egokitu zitzaion jomugan egotea. Haurra hondartzan ageri zen, “Helburutik hain gertu…” zioen MacDonald’s etxeko iragarki baten ondoan. Email iraingarriz eta herio mehatxuz gainezka egin zuen Charliek segituan. “Domaia da Kouachi anaiek lana bukatu ez izana” gisakoak. Hainbesteraino ezen poliziak mehatxatzen gintuztenen aurka salaketa jartzea aholkatu baitzigun.

Charlieren aurkako atentatuak gertatu zirenetik zortzi hilabete igaro diren honetan jendea lasaiago ibiliko zela uste genezakeen. Justu kontrara, badirudi atentatu horiek gorrotoz beteriko ahots kriminal bat askatu dutela. “Odolkiak ordainetan” uste duguna baino jende askoz gehiagok esan duen esaldi banal bilakatu da. Eta ez dute islamistek bakarrik esan. Orain dela berrogeita hamar urte, Frantziar estatuan oraindik ere heriotza zigorra indarrean zegoenean, ohikoa zen akusatu batzuen aurka halako heriotza eskaerak egitea. Troyesko tribunaleko irteeran Philippe Bertrand txikiaren hiltzaile Patrick Henryrentzat gillotina eskatzen zuten gorroto oihuak oroitu behar dira.

Gaur egun, Facebook edo Twitterrekin, jende guztiak nahi duenean eska dezake hilketa

Hain hurbil - Charlie Hebdo aldizkarikoak
“HELBURUTIK HAIN HURBIL…” Iragarkiak: “PROMOZIOA! BI MENU INFANTIL, BAKARRAREN PREZIOAN” (HEC cc-by)

Gerra garaian errazagoa zen, zure bizilagun judua edo erresistentzian sartutako senarra gainetik kentzeko nahikoa zen Kommandaturrera salaketa gutun bat idaztea. Gaur egun, Facebook edo Twitterrekin, jende guztiak nahi duenean eska dezake hilketa. Hutsaltasun bat, eskubide bat bilakatu da. Ez da agintari erlijiosoa izan behar fatwa bat abiarazteko. Zu, ni, guztiok bilakatu gara Khomeini aiatolah. Mila esker sozialetik ez duten sareei beraien milioika erabiltzaileei buruzagi erlijioso fanatiko baten ezaugarriak ematearren. Bakoitzak, bere bizitzaren erlijio ñimiñoarekin, bere dogma pribatuak defendatzeko jende guztia mehatxatzeko boterea du orain.

Erlijioen aurkako marrazki satirikoengatik askotan kritikatua izan da Charlie Hebdo, eta orain arte karikatura horiek bakarrik piztu zituzten heriotza eskaerak. Charlien argitaratutako Aylan txikiaren marrazkiak, ordea, ez zuen erlijioarekin zerikusirik eta ez zuen blasfematzen. Baina heriotza zigorrak ekarri dizkigu. Heriotza gurtu beharreko dogma erlijioso bat bilakatu balitz bezala, profeta marraztearen debekua bezainbeste errespetatu beharrekoa. Gehitu horri haurraren sakralizazioa, gure garaiko obsesio hau, aurrean belaunikatzeko idolo berriak bilatzen dituena, pixoihalak erabiltzen baditu ere, eta polemika inozo hau ateratzen da.

Beltza eta hemezortzi urtetik gorakoa bazara jende guztia futituko da zure heriotzaz

KRISTO - Charlie Hebdo aldizkarikoak
“Europa kristaua den froga: kristauak ur gainean dabiltza, haur musulmanak ito egiten dira”

Charlie Hebdok ez du inoiz inoren heriotza nahi izan eta ez du ondo pasatzen inor hiltzen ikusten. Ez haurrak ez eta haurren borreroak ere. Heriotza zigorraren aurka gaudenean zentzuzko izan behar dugu. Umore beltza ez da hilketarako deia, ez eta besteen sufrimenduarekiko axolagabetasuna. Charlieko Aylan txikiari buruzko marrazkietako umore beltza distantziatze bat besterik ez da, gure haserre erraz eta askotan selektiboen inguruan ironiaz aritzeko modu bat. Zeren, hildako emigranteen gorpuak erakusten zituzten argazkiak lehenago ere azaldu dira prentsan. Eta Charlieko marrazkilariek askotan egin dituzte inori axola ez zitzaizkion hondartutako gorpu horien marrazkiak. Baina gorpu horiek akats bat zuten: emigrante afrikar beltz eta helduenak ziren. Beltza eta hemezortzi urtetik gorakoa bazara jende guztia futituko da zure heriotzaz. Aylan txikiaren marrazkiengatik haserretuta Charlie arrazistatzat daukatenek hobe lukete beraien azpiko arropa kakaztua garbitu. Beraiek baitira, arrazistak, hildako haur zuri batengatik bakarrik haserretzen direnak, berarekin errazago identifikatzen direlako oporrak igarotzen dituzten hondartzetan hondartutako Afrikarren gorpuekin baino.

Charlie arrazistatzat daukatenek hobe lukete beraien azpiko arropa kakaztua garbitu

arraioa - Charlie Hebdo aldizkarikoak
“Bineta bat irakurtzen ikasteko oharra”. Gizonak “PUTZA, ZATI BAT FALTA ZAIO!”

Elkarte ingeles batek adierazi du arrazagatiko gorrotoa sustatzeagatik Charlie Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrera eramatea aztertzen ari dela. Itotzen ari den Aylanen ondoan ur gainean oinez dabilen Jesus agertzen den marrazki bat da arrazoia. “Europa kristaua den froga: kristauak ur gainean dabiltza, haur musulmanak ito egiten dira”. Harrigarria da ikasia izan beharko litzatekeen eta adimen kritikoa eduki beharko lukeen jendeak 2015ean horrelako marrazki bat lehen graduan (literalki) irakurtzea. Marrazki hau, Europar batzuek aldarrikatzen duten identitate kristauaz ironiaz jardun nahi zuena, eta inolaz ere hau berretsi nahi zuena, arrazagatiko gorrotoaren sustatzaile gisa interpretatzen da. Gauza hain larriaz akusatzen bagaituzte Kouachi anaien ondorengoei tiro egin diezaguten arrazoiak emateagatik besterik ez da. Salaketa honek, jartzen badute, ez du inolaz ere arrazagatiko gorrotoaren sustapenaren aurka egiten, kontrakoa, Charlieren aurkako gorrotoa piztea du helburu. Ofizialki, Frantzian eta Ingalaterran heriotza zigorra ez dago jada indarrean. Charlierentzat interneten bai ordea.

 

 

adierazpen askatasuna, Aylan, charlie hebdo, mehatxua, sare-sozialak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Charlie Hebdo aldizkarikoak akabatzeko bidea”-ri buruz

  • Ta beste bat ta beste bat 2015-10-06 23:06

    Hasier, mila esker gai honen inguruan zentzuzko zerbait idazteagatik. Eta mila esker orokorrean Zuzeun eguten duzundenagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude