Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzan

Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzan –

Aritz Ibañez Lusarretak, Dantzan atarian.

Aspaldiko partez bisitatu dugu Xabierko gaztelua martxo hasieran. Ganbaraz ganbara, gurekin zetozen iparraldeko lagunei azaldu dizkiegu Xabierko Frantziskoren ibilerak, bere anaia Amaiurko gazteluaren defendatzaileetarik bat izan zela eta ohiko topikoak. Bapatean, burnizko hesiz itxitako kaperatxo batera heldu eta hara! Heriotzaren dantza!

Oier Araolazaren bitartez izan nuen horma-irudi bitxi honen berri duela lau bat urte eta hemen zerbait idaztekotan geratu nintzen. Gaur arte! Tira…

Xabierko gazteluko Kristo Santuaren dorreko kaperatxoan 8 eskeleto ageri dira keinu ezberdinak egiten, ohean dantzan emakume baten gainean, nolabaiteko dantza makabroan. «Facile cognoscit mundum qui cogitat moritorum» (Hilko dela badakienak errazki ezagutzen ditu munduaren engainuak) diote eskuetan dituzten pankarta modukoek. Esan bezala, ate txikia du kaperak, hesiz itxia gainera eta ez dago argazkiak egiteko angelu egokiegirik, beraz ezin argazkiz erakutsi begiz ikusitakoa.

XV. mende bukaera edo XVI. mende hasierakoak omen dira margoak. Denbora luzez ezkutuan egon ziren eta 1970eko hamarkadan atera zituzten berriz argitara, berritze lan batzuk tarteko. Oso horma-irudi bitxia eta bakana da. Europa osoan gisa honetako 50 bat margo baizik ez dago eta Euskal Herrian hau da bakarra (Iruñeko Santa Eulaliaren komentuan ere egon omen zen bat, baina 1521ean eraitsi zuten delako komentua, Gaztelak Nafarroa konkistatu eta gero).

Celia Rodriguez Pelaz-i irakurri diogun bezala, heriotzaren dantzen margo hauek ikonografia makabro zabalago baten parte izan ziren Erdi Arotik aitzina. Heriotzari eskainitako narrazioak, poesiak, antzerki lanak, margoak, eskulturak, grabatuak… ohikoak izan omen ziren garai hartan. Baita adierazpen korografiko moduan ere, gaur egun oraindik Kataluniako Verges herrian dantzatzen duten dantzaren gisakoak.

 

Molde honetako irudikapenetan, heriotzak dantzara gonbidatzen ohi zituen gizartearen estamentu ezberdinetako kideak, aberats zein txiroak, adierazteko denok etorkizun beltz bera dugula zain. Zuberotar kantuak dioen bezala: Hori bera da denen historia, herioak berdintzen handi-ttipiak…

Ez da lezio txarra Xabierko gazteluko kaperari begira ikas dezakeguna!

.

Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzanAzaleko argazkia: Nafarroako Gobernua.
Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzan”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-03-30 14:32

    Duela urte batzuk Xabierko gaztelua bisitatzera joan nintzen. Harreran, sarrerak erosterakoan, salmahaiaren beste aldean bi neska gazte zeuden, 20 urteren bueltakoak. Informazio orriak hizkuntza askotan zeuden eta tartean euskarazkoak ere bai. “Bi sarrera mesedez”, eskatu nion nesketako bati euskaraz. Ulertu izan ez balu bezala, aurpegi arraroa jarri zuen, “Qué?” edo horrelako zerbait esanez. Berriro errepikatu nion euskaraz eta lehen bezala gelditu zen. Dirudienez, bere lankideak euskaraz zerbait jakingo zuen, ulertu behintzat, izan ere ezer esan gabe bi sarrera eta euskarazko informazio orri bat bota zituen mahai gainean bortizki eta desafio-begirada gogorrarekin. Ez zuen ezer gehiago esan eta bere lanean jarraitu zuen. Ezer ulertzen ez zuen neska niri eta lankideari begira gelditu zen zer pasatzen ari zen jakin gabe. Eta neurekiko pentsatu nuen, “hauxe da Xabierko gaztelua; Xabier, Baztango Maria Azpilikuetaren semea, ama hizkuntza euskara zuena, Txina aldean hiltzera zioala euskaraz otoitz egiten entzun zutena… eta hemen ez dago inor hori aintzat hartzeko gai denik ere!”. Ziur nago ingeles batzuk joan izan balira sarrerak erostera, eztiki artatuko zituztela, etxean bezala sentiaraziko zituztela alegia. Eta ni berriz han nengoen, mespretxupean. Neska haiek inguruko herriren batekoak izango ziren. Baina nik badakit errua nork duen, bai. Xabierko gaztelua Loiolako basilikaren pean dago eta Loiolako burua Abaltzisketako seme gazte bat da. Ikusi izandu dut tarteka eta egunen batean badut harekin hitz egiteko gogoa honi buruz, bai. Galdetu behar diot bai hori al den Xabierren memoria tratatzeko modua!

  • Ossso interesgarria bai artikulua eta baita Euskaldun bat-en iruzkiña ere!!!
    Eskerrik asko biei.