Joxemiel Bidador poesia taldeaz, bi hitz

Joxemiel Bidador poesia taldeaz, bi hitz –

Irrintzi poetikoa izan gaberik ere, poesiaren aldeko irrintzia botako dut gaur Irrintzi plaza honetan. Izatez, ez omen dira garai onak lirikarako. Eta nik egiten dut galde: noiz izan dira garai onak lirikarako? Batzuk bederen sinetsita gaude hobe dela poesiaren aldeko kandela bat piztea iluntasuna madarikatzea baino, eta horregatik poesia talde bat sortu dugu Iruñean. 

Joxemiel Bidador poesia taldeaz, bi hitzZeren eta narratiba irakurle taldeak badira Iruñean, badira Iruñerrian, baita Leitzan, eta Zaraitzun eta Erronkarin ere… Baina poesia talderik ez, ez orain arte bederen. Bada euskarazko poesia jorratzeko asmoz, euskarazko poesia talde bat sortu berri dugu Nafar Ateneoaren baitan. Hileroko lehen asteartean biltzeko asmoa dugu, eta, beraz, apirilaren 2an bilduko gara, datorren asteartean, gaur zortzi, arratsaldeko 7,30etan.

Nafar Ateneaoren babespean jarri dugu ekimen hau abian, eta lehen bileran dozena erdi bat lagun bildu ginen:Matxalen Bezos bermeoatarra, Antton Goñi lazkaotarra, Nerea Balda iruntzundarra, Mikel Sanz irunsemea, Ventura Diaz txantrearra, Ines Castiella goierritarra… Talde anitza, poesia bera bezain anitza.

Badugu asmorik hilabete batean hemengo poeta bat aukeratzeko, eta beste hilabete batean euskarara ekarritako poeta bat, euskara itzulitakoa, alegia.  Izan ere, hemen sortutako poesiaz landarat, azken urte hauetan euskarara ekarritako poetak asko eta askotarikoak izan dira, batez ere, Munduko Poesia Kaierak bildumaren bitartez.

Poesia taldeak Joxemiel Bidador zenaren omenez bere izena hartu du, eta aztertuko dugun lehen poeta, ezin bestelakorik izan, Joxemiel Bidador bera eta bere liburua Hutseaniko hazkurria izanen da, Hutseaniko hazkurria, Pamiela etxeak argitaratua. Eta, esan gabe doa, taldea irekia da, eta Nafar Ateneoan bitzen garen arren (Barañain etorbidea, 10. 1.) ateneokide ez denak ere ateak zabalik ditu.

Ez omen dira garai onak lirikarako, baina guk argi poetiko bat piztu egin dugu iluntasunean.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko martxoaren 26koa]

Joxemiel Bidador poesia taldeaz, bi hitz
Josu Jimenez Maia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude