Martzelok barrikada bat egin nahi zuen

Martzelok barrikada bat egin nahi zuen –

Martzelok barrikada bat egin nahi zuen eta gorputzak batu zituen. Gorputzaren ahaltasunagatik galdetu zuen, indarra non zegoen jakin nahian. Barrikada,erresitentziarako tresna bat da, gu eta etsaiaren artean jartzen den oztopoa alegia. Oztopo hori ahula bada etsaiak zeharkatu dezake. Baina Martzeloren barrikada ez zuen oztopoaren ideia jarraitzen baizik eta zeharkatzearena.

Martzelok barrikada bat egin nahi zuenGerrarako prest dagoen gorputza indartsua izan behar da, tente egon, zapaldua izan ez dadin. Indarra oso irudi konkretuez eraikia dago, soldadu baten iruditik oso gertu dagoela esango nuke. Gerrarako soldaduak ezin dira ahulak izan, ahultasunak akabatzen gaitu eta. Pentsamolde hori egunerokotasunaren hainbat esparruetarazabaltzen da eta indartsua izan beharreko presioarekin bizi gara. Indar inposatu horrek ez al dio gure gorputzari barrikada bat jartzen? Gorputz horiek ez al dira oztopo bat beste gorputzen aurrean? Zenbat barrikada aurkitzen ditugu gure harremanetan?

Barrikadaren kontzeptu hori berrasmatu nahian, Martzelok gorputz irekiak bilatzen zituen. Errealitateak gorputz ireki horien kontra talka egin baino, zeharkatu ditzake eta zeharkatze horretan, agian, gure ideia  eta sinesmen finkoak lekuz alda daitezke, gure ikuspuntuak berrituz eta freskatuz. Erresistentziari buruz hitz egin genuen, nolaerresistitzeak gorputzak gogortzen dituen, eta nola gorputz gogortu horiek harri bihurtzen diren ideia finko eta sinesmen ezin moldakorrez osaturik daudelako. Ondorioz gizaki-fosilak agertzen dira.

Martzelok gizaki-fosil hauek ez-harritu nahi zituen, zuritu, zulatu, zauriak airean senda daitezen. Gorputzak gara, indartsu, ahul, leun, gogor, usaintsu, eder, itsusi, sentikor, hotz, bero, moldakor. Martzelok, gure gorputzaren forma enkistatuei espazioa ireki nahi zion, gruyer gazta baten edota sare baten antzera,  gorputz porosoak bilakatu gaitezen. Tarteko espazioak bilatu eta sartu, mugitu, moldatu, bigundu, tentsatu, momentuak eskatzen duen mugimenduei erantzun eta egon, adi, zain.

Batek daki lortu zuen ala ez.

Martzelok barrikada bat egin nahi zuen

Hala Bediko erredakzioan