Socorro, perdón

pn699.jpgFrédéric Beigbeder. Socorro, perdón. Anagrama.

13’99 euros idatzi zuenean, ahots berri batek esan zigun publizitatearen mundua erabat dela lotsamangarria, eta ankerra. Gure bizitzak gidatzen dituen goseak pizten direla, interes zehatzen arabera. Atseginez irakurri genion liburu hura Beigbeder-i, garaiak bikain harrapatzen zituelakoan, garai posmoderno eta dena baleko haiek (eta hauek). Gainera, lantokitik bota zuten liburu hura idazteagatik, heroismo apur bat gehituz haren motxilan. Ondoren pailazoarena egiten ikusi genuen Frantziako telebistetan, eta, kra, apurtzen hasi zitzaigun beraganako lilura. Eta halako batean Windows of te World argitaratu zuen New Yorkeko dorre bizkien inguruan eta ekin genion hari ere. Baina ezin. Eskuetan behera joan zitzaigun liburua.

Orain Socorro, perdón iritsi zaigu, esango nuke, lehen liburu hartako ahots eta protagonista berarekin: Octave Parango. Oraingo honetan Mosku aldean dabil, eliteko kosmetikogintzaren ikur izateko, emakumerik ederrenaren bila. Eta halako gauzetarako emakume ederrenak, jakina, nerabeak dira, batez ere.  Beigbederrek ondo ezagutzen duen mundua dirudi modeloenak, eta esango nuke, gaurko Errusia eta garai bateko literatura errusiarra ere, bikain ezagutzen dituela (Pushkin, Pasternak, Gorky, Dostoiesvki…). Kontua da, magnate eta droga arteko ibilera lazgarrietan, emakumerik ederrenaren bila dabilela bera, jotzen duelarik larrua bata eta bestearekin, denak gazteak, ia umeak. Halako batean, ordea, Lena izeneko neskatxa batengana bideratuko du abade batek, eta harekin maiteminduko da ezin gehiago. Nobela trepidantea, makabro xamarra askotan, baina amaierako sorpresa eta guzti dakarrena, nahiz eta erdi aldera hartu ahal zaion datorrenaren tankera. Beigbederrek ederki daki erritmoari eusten, hizkuntza joria erabiltzen, kultur erreferentziaz hornitzen, erlijioa eta gizarte garaikidearen inguruko gogoetez parrafoak betetzen, Errusiako egoera soziopolitikoa deskribatzen, errealitatea eta asmatua parekatzen… Batere esperantzarik gabe hasitako irakurketan, azkeneraino joan gara, ia liburua utzi ezinik. Baina, esango nuke, mendebaldeko gizonezko garaikidea bere bakardade etorkizunik gabekoan erretratatzeko orduan, lan askoz hobea dela Michel Houellebecq-en Plataforma izeneko eleberri gogoangarria. Haren usaina hartu diot honi edo, bederen, huraxe ekarri dit gogora. Nolabait.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Socorro, perdón”-ri buruz