Camino de los Ángeles

cm470.jpgJohn Fante. Camino de los Ángeles. Compactos-Anagrama.

Itxura denez, atzetik aurrera irakurri dizkiogu nobelak John Fanteri. Gaurko hau idatzi zuen lehena da, eta garaian ez zion inork argitaratu nahi izan. Antza, alargunak aurkitu zuen paper zaharren artean eta 83an argitaratu zuten estraineko. Hemen agertzen da Arturo Bandini izeneko morroia, geroagoko beste nobela batzuetan ere aurkitu duguna bera. Nobela ohiko estilo errazean dago idatzia, baina, esango nuke argazki “muturrekoegia” egiten duela Fantek bere pertsonaia gorrotagarriarekin. Egiazki da nazkagarria Bandini hori, batere eskrupulurik eta errukirik gabea,  ez eta bere buruarentzako ere. Benetan egin zait jasangaitza halako mamorroa. Ez dut oroitzen hainbesteko kasurik irakurri ditudan nobela guztien artean, halako higuina eman didanik beste inork. A ze miseria morala, a ze bakardade antzua, a ze eromen alferrikakoa. Gizarte amerikarra salatzen du Fantek, bai, familia, erlijioa eta sistema ekonomikoa, batez ere, baina, arraioa, idazle izan nahi duen Arturo Bandini, harroputz ezdeus eta jasangaitz horri, Filosofia liburu potoloetako hitz are potoloagoak erabiliz idazten duen mozolo egundoko horri, neuk zapaldu nahi nioke burua hankapean, erreteneko sugegorriari bezala, baldin eta bidean agertuko balitzait.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Camino de los Ángeles”-ri buruz