Ortzadarraren bide magikoa

Ortzadarraren bide magikoa –

Gure sinesmen zaharren barruan zeruak edo unibertsoak izan dituen indar eta eragin handia ukaezina egiten zaigu, nonahi eta noiznahi azaltzen baitzaigu berarekin erlazio zuzena duen elementuren bat. Garai bateko euskaldunen dibinitate handia, osotasuna bere baitan hartzen zuen dibinitatea, ortziarekin identifikaturik azaltzen zen, hortik datorkio bere izena: Ortzi, Osti… garai zaharragotan Egu deitu zutena. Baina Europako beste kultura zaharretan zerua gizonezko batekin (Zeus, Jupiter, Thor…) identifikatzen zuten bitartean, gurean zeru hori duala zen, hau da, bere baitan bi sexuak hartzen zituen. Hori dela eta, Ortziz hitz egiten dugularik, ezin dugu jainko edo jainkosa batez hitz egin, dibinitate batez baizik. Berarekin lotura zuzena dute zeruarekin loturiko beste hainbeste kontzeptu edota pertsonaia magiko: orzuri, ostots (1), oskorri, oskarbi, ostarte… eta baita oraingoan aztertuko dugun ortzadar edo ostadar ere.

Ortzadarraren bide magikoa

Sinesmen naturalista-animista guztietan gertatu den bezalaxe, gurean ere, izadian diren fenomeno atmosferikoak zenbait pertsonaia mitikorekin lotu izan dira. Garai zaharretan fenomeno haiek ezin ziren logika zientifikoaz  azaldu, hori dela eta, mundu magikoarekin lotutako izaki bereziren bidez egiten zuten. Eta naturaren eta izaki magikoen arteko identifikazio horretan oinarritzen zen gure kosmogonia zaharra. Horrez gain, oso kontuan hartu behar dugu mundu magiko horren bidez gure arbaso zaharrek izakien (eta  gizakien, prefosta! (2)) hilkortasunaz, bizitza mugatuaz adierazpen konformista eta itxaropentsua bilatzen zutela. Beste modura esana, bizitza mugatuari sentidu bat xerkatzen zioten. Dibinitate eta izaki harrigarriz josiriko mundu hartan gizakiak ongi ulertzen zuen bizitzaren misterioa.

Mundu magikorik gabe, gizakiarentzat bere inguruan zegoena arrunt ulergaitza egiten zitzaion. Nola ulertu bestela, inongo zientziarik gabe, zer den izarra? edo eguzkia? edo ilargia? edo itsasoa? edota lur bera? Haatik, natur elementu horiek jainkotzean, eta gizakien munduarekin parekatzean, dena ulergarriagoa egiten da, eta are gehiago, ulergarritasun horri esker, gizakia konformismo batean murgildurik hobekiago bizi daiteke. Eta horixe da herri guztiek, milurtekoetan zehar egin dutena. Norberak bere bideak aukeratu ditu, norberak bere izakiak eta istorioak eraiki ditu, eta norberak ere bere irtenbide eta gogoeta hausnartu ditu biziak egunerokoan azaltzen dizkigun era guztietako eragozpen eta gertakizun ulergaitzetan.

Garai bateko euskaldunek gauza bera egin zuten, beraien bidea aukeratu eta kosmogonia oso bat eraiki. Den guztia, osotasuna, izaki batengan pertsonifikatu zuten. Ortzi, Urtzi, Osti, Ostri… (hastapenetan Egu) deitu zioten, eta bere baitan irudikatu zuten zegoen guztia: ezaguna eta ezezaguna. Hori dela eta, bere baitan sartu zituzten ona eta txarra, ederra eta itsusia, euskara eta erdarak, euskaldunak eta erdaldunak, arrak eta emeak, gizonezkoak eta emakumezkoak… hau da, izatean aurki daitezkeen dualismo guztiak, gure lehen sinesmen hura arrunt manikeista baitzen. Dualismo horretan  izaki magikoak ere sartu zituzten: Mari eta Maddu, Amalur eta Itsaso, Atarrabi eta Mikelats, Eki eta Ilargi…

Eki amandrea bizitzaren jainkosa zen, Amalurren alaba, berotasuna eta uztak lurrera ekartzen zituena. Amalurren alaba ere izan arren, Ilargi Ekiren aurkako zuzena zen. Heriotzaren jainkosa zen, hotza, gerrak, eta negua ekartzen zituena. Eta Eki eta Ilargiren arteko etengabeko talka horretan oinarriturik baziren beste izaki magiko zenbait, horietako bat: Ortzadar, lurra eta zerua bere koloreanitzeko uztai (3) magikoaz lotzen zituen dibinitate xarmangarria.

Ortzadarraren bide magikoaOrtzadar, hau da, Ortziren adarra, (Ostadar = Ostiren adarra) amaigabeko gurpil batean lotzen diren hasiera eta bukaera, bizitza eta heriotza dualismoen konkrezio metafisikoa daukagu; bera baita lurra eta zerua lotuz, gure gogoen Ilargirenganako bidea ahalbideratuko duena. Edozein izakik, gure sinesmen zaharren arabera, bi zati ditu: gorputza edo estalki fisikoa eta gogoa deitzen zuten bizi-indar espirituala, kristauek arima deitu izan dutena. Gorputzak hiltzean, gogoa libratzen da, eta Amalurrekin bat egiten du. Eki eta Euriren ezteiak direnean, hau da, Ortzadar koloretsua zeruan agertzen denean, gogoak bide hori hartuko du gogo ororen bilgunea den Ilargirengana joateko. Horretarako etxeko erleek erakutsiko diete zein den bide zuzena, eta non dauden zelatan ezkutaturik era guztietako izaki gaizto ezkorrak. Bide horretan galtzen zirenak, edota zelatan dauden indar ezkorren hatzaparretan erortzen zirenak gogo erratu edo hildako bizidun bilakatzen ziren, modu batez edo besteaz, Ilargirengana iristea lortzen zuten bitartean. Hori dela eta, euskaldun bat hiltzean, lehen berri etxeko erleei ematen zitzaien honako esapidea erabiliz: Erle andereak, Etxeko Jauna hil da! Erle andereak, etxeko Perutxo gurea hil da! Baina Ilargi ez da bizitzaren azken geltokia, bizitza berri baterako lortu beharreko gunea baizik. Ortzadar dugu, beraz, bizitza eta heriotza, behin eta berriro, berritzen eta bideratzen dituen pausu metafisikoaren euskarria, etengabeko ibilaldiaren zubi magikoa.

Lehen esan dugun bezala, Ortzadar da Ilargirengana bizidun ororen gogoak eramaten dituen bide koloretsua. Baina gogoen bidea ez da Ilargirengan amaitzen. Heriotzaren jainkosa zuriak, gaueko zeruaren begiak, bere kolkora iritsitako gogo guztiak hartzen zituen bere baitan, hartu, babestu, eta euriaren bidez berriro munduratu, behin eta berriro, hasierarik eta amaierarik gabeko gurpila osatuz. Euri Ekirekin ezkontzean, Ortzadar sortzen zen bezalaxe, Euri izaten da orain munduratzeko bide edo bitarteko berria. Berak itzultzen ditu gogo guztiak Amalurren kolkora, eta bera da sortzear dagoen beste izaki batengan sartzen dituena.

Horixe zen gure arbasoen sinesmenen muina edo ardatza, bizia, osotasuna, dagoen guztia inoiz hasi eta inoiz bukatuko ez den etengabeko ziklo edo zirimola batean murgiltzen da. Ezer ez da sortu, ezer ez da hilen, aldatuko baizik. Horrela izan da betidanik eta horrela izanen da betiko. Munduak ez du ez aurrerik eta ez atzerik, ziraldoka dabilen errealitatea da.

Ortzadarrek heriotzaren bidea ziurtatzen zuen bezalaxe, Ilargik berpiztearen momentua adierazten zuen. Ortzadar eta Ilargi txanpon beraren bi aldeak ziren: bizitza/heriotza, heriotza/berpiztea. Hau da, betidanik eta betiko dagoen izatearen bi aldeak.

Ortzadarraren bide magikoaArestian aipaturiko funtzioaz gain, Ortzadarrek bazuen beste ahalmen bat, izakien sexua aldatzekoa, hain zuzen ere. Gure kondaira eta esaera zaharretan esaten denez, bere uztai azpitik igarotzen denari sexua aldatzen zaio, hau da, pasatu aurretik arra zena, irtetean emea izanen da. Aunitzen urtez, hauxe zen, kosmogonia zaharrean homosexualitateari ematen zioten azalpen logikoa. Guztiz naturala zen aukeratzat hartzen zuten, norberaren aukeran zegoen sexubidea. Ortzadarren uztaiaren azpitik pasatzea, batzuetan ustekabekoa izan bazitekeen ere, normalean norberak libreki hautatutako ekintzatzat hartzen zuten. Ez dezagun ahantzi, sexuaren dualismoa sakralizaturik zeukatela.

Kristau erlijioaren etorrerarekin batera, zenbait gauza sinbiosi batean lotu baziren ere, beste asko desagerrarazi zituzten, aurreko mundu paganoaren aztarnak zirelakoan. Boterea kristau kosmogoniarekin lotzean  aurreko kosmogonia zaharrarekin loturiko elementuak baztertu egin zituzten. Balore berriak sortu ziren, azalpen kosmogoniko berriak planteatu ziren, eta fede berriaren ezarpenak aurrekoaren ukazioa ekarri zuen. Naturako elementuak biziki uztarturik zeuden garai bateko izaki magikoekin, hori dela eta, hiztegi berria zabaltzeari ekin zioten. Ortzia zena zeru bilakatu zen, ostotsa trumoi… eta ortzadarra Erromako Zubi, botere politiko-erlijioso berriaren bihotza non zen argi utziz.

 

  • Ostots: Trumoi adierazteko euskal hitz zaharra.
  • Prefosta: Jakina.
  • Uztai: Arkua
Ortzadarraren bide magikoa
Ortzadarraren bide magikoa
Ortzadarraren bide magikoa  Ortzadarraren bide magikoa
Ortzadarraren bide magikoa  Ortzadarraren bide magikoa
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude