Dabid Anauden paradigma aldaketari buruz

Dabid Anauden paradigma aldaketari buruz –

Egundaino egina izan den asko ondo da, EAEn eta beste toki bakar batzuetan euskararen ezagutza jakin bat ekarri duelako, baina ez dela nahikoa, batez ere nihun ez duelako euskararen pratika ekarri bere salbamenduak behar lukeen heinera.

Orai euskalgintzak talka egiten du faktore objektibo eta subjektiboekin: hala nola, alde batetik, Euskal Estatu baten nahikundea falta, Espainiak eta Frantziak inposaturiko limitazioak, eta bestetik, testu inguru honetan, Euskal herriko biztanlego hanitzaren motibazio eta gaitasun orokorrean ez nahikoak.

Faktore horiek aldatzeko ahalegindu behar dugula, ba araiz, dudarik gabe, bainan noiz aldatuko diren edo sekula aldatuko diren ere, egiatan eta oneski nehork ezdaki.

Nabarmen da, besterik ezean, orai artinoko ahaleginak jarraiki, hobetu eta areagotu behar direla. Bainan, Galden eta Zuzeun bertan berriki agerturiko testuan, Dabid Anaudek proposatzen duen bezala, ezinbestekoa litzateke bilatzea zer izan litekeen paradigma aldaketa bat, beste urrats bat aurrera egiteko eta atzera egiten ez hasteko.

Ageri da jadanik anitzek ezagutua den arnasgunearen ideia lehenesten duela, zentzu oso zabal batean hartuta.

«Eta ez arnasguneak modu hertsiki geografiko edo lurraldezko batean ulertuta. Arnasguneak modu zabal samarrean ulertuta, alegia, euskara nagusi izanen den espazio gisa ulertuta: udalerri bat agian, baina baita elkarte bat ere, edo ikastetxe bat, tailer edo lantegi bat, kuadrilla bat, Interneteko gune bat…»

Haatik, hanbat esalditan, berak, prudenki iraganean egindakoaren meritua aldarrikatuz, ideia piskanaka zehazten du:

«… hiztun euskaldunak behar ditugu, hizkuntza erabiltzeko arrazoiak eta aukerak dituztenak … Euskaraz eroso ariko den hiztun talde edo komunitate sendoa behar dugu …»

Geroxago:

«… Badaude arrazoi ugari eta sendo askoak lan-mundua euskararen biziberritzerako bide-orri baten erdigunean jartzeko, baina ez dugu inoiz hor jarri, orain xehetuko ez ditugun eta pisuzkoak diren zenbait arrazoiren ondorioz. Paradigma aldaketa batek, agian, horrelako aldaketa sakonak ere ekarri beharko lituzke.»

«Euskara nagusi izanen diren espazioak sortu, elikatu, zabaldu eta elkarrekin josi, horixe da, nahiz eta oso modu lausoan esan dugun, euskaraz egiteko eta eginarazteko bide emankorra, euskara hizkuntza erabilia bihurtuko duena eta, horrenbestez, hizkuntza erakargarri izateko ahalmena emanen diona, eta, baita ere, beste hainbat alorretan egindako inbertsioa, hezkuntzan eta helduen euskalduntze-alfabetatzean batez ere, zentzuzko, emankor eta praktiko bihurtuko duena».

«Agian hobe litzateke egun dakigunarekin, eskura ditugun osagai guztiekin, zaharrak nahiz berrixeagoak, eskema berriak pentsatzen hastea. Paradigma berria, agian, ez da izanen hainbeste elementu berri eta ustekabekoekin osatutako errezeta, baizik eta etorriko diren agertoki berrien aurrean, ezagutzen ditugun osagaiekin eginen ditugun konbinazio eta leheneste berriekin osatutako formula. Eta horretarako, iruditzen zait, egiten ari garena egiteari kolpean utzi gabe, argi luzeak ere jarri beharko dira, eta argi eta lasai hitz egin horretaz guztiaz.»

Barkatu aipamen hain luzea eginik, hau ez dut egin plagia itsutsi bat egiteko asmoz, baizik eta esaldi hauetan, ene ustez, bailegoke nahikoa hausnarketa kolektibo bat hasteko abiapuntua.

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua