Ordainketa bidezko prentsa digitalaren arrakasta

Times+Times+ zerbitzuak , The Times egunkari britainiarraren ordainketa bidezko on line prentsa zerbitzuak, lehen urteurrena ospatu du, eta pozik gainera, 100.000 harpide lortu baititu urtebetean. Ordainketa bidezko on line egunkarien arora iritsi ote gara?

Plataforma martxan jarri zutenean beldur ziren ez baitzeuden ziur arrakasta izango zuen ala ez, baina argi geratu da urtebete pasa eta gero “irakurleak formatu digitaleko kalitatezko kazetaritzarengatik ordaintzeko prest daudela”, adierazi du Rebekah Brooks editoreak.

Ordainketa bidezko edukiei esker, enpresak onura bikoitza lortu du: alde batetik, kuoten bidez lortzen dituen diru sarrerak eta, bestetik, egunkarien paperezko edizioetan aurrezten duten dirua, egunetik egunera geroz eta kopia gutxiago inprimatu behar dituzte eta. The Timesen arabera, 30 milioi orrialde gutxiago inprimatu dituzte, oso berri onak ingurugiroarentzat, baina ez horren onak egunkari saltzaileentzat.

Gainera, tabletek  mota horretako prentsa zerbitzuei bultzada handiagoa eman diete gailu horiek eskaintzen duten erabiltzaile esperientzia paperezko egunkarietatik oso gertu baitago: arinak dira, eramangarriak, ez dira ordenagailu eramangarri bat bezain handiak eta telefono batean baino hobe irakurtzen dira testuak … Adibide bat: egunero  The Times 35.000 iPadetan irakurtzen da.

Ordainketa bidezko prentsa

Gertueneko kasuak Orbyt eta Kioskoymás (oraindik ez da martxan jarri) ditugu. Orbytek Unidad Editorial eta Grupo Zetako egunkariak erosteko aukera ematen digu: Marca, El Mundo, Expansión, Sport, La Razón… Kioskoymásen buruak Prisa eta Vocentotaldeak dira; beraz, hemendik gutxira martxan jatzen denean, El Diario Vasco, El Correo, El País, ABC, As, La Gaceta, Público, La Vanguardia, Mundo Deportivo eta beste egunkari gehiago erosteko aukera emango digute.

Dena dela, zergatik ordaindu beharko genuke doan eskuratu dezakegun informazioagatik? Bi prentsa eredu horiek biziraungo dute? Doako on line prentsaren azken egunak al dira hauek? Ba al dute komunikazio enpresek informazioa kontsumitzeagatik kobratzeko eskubiderik? Ez dute nahikoa publizitatearen bidez lortutako diruarekin?

Gauza batetaz ziur egon zaitezkete behintzat: Zuzeu.com doan izango da beti.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Ordainketa bidezko prentsa digitalaren arrakasta”-ri buruz