Naftalina eta bonba kirastunak: Greba orokorrerako 3 poema [poetische samizdat]

Hau duzu geure ekarpena 29ko Greba Orokorrerako. Ez ahaztu kirats bonbak erabiltzea irekita dauden saltoki eta tabernetan! Bi aukera daude tokiotan: eskirolak edo greba egin ezin duten langileak. Bigarrena bada kasua buruak ez die lan egiten utziko, edo gizagabe hutsa izan eta kiratsarekin lan egitera behartuko ditu.

Egunean zehar informazio ugari jaso dezakezu GrebaOrokorra informazio gerrilan, Eguzki Bideoaken, Argian, Euskalerria Irratian, Hala Bedi Irratian  eta bestelako komunikabide askezaleetan.

Jaso geure pedeefe gorriena: 25 PAS D’OXIGE?NE PDF!

Oxigenorik ez finantzetako kanitxeentzat!

Andreas eta Gudrun

«ezin da edozer defendatu baina bide guztiak dira zilegi»UMPS-[ap]

 

GURE ALDARRIAREN GAURKOTASUNAZ

Irribarrez esaten digute ez garela langileak

lanjantzi urdinik ez daramagulako soinean.

Harroki diote burgesak garela gose ez garelako,

argazki makina dugulako sakelekoan,

musika entzuteko aparailu eramangarriak ditugula.

Uste dute ez dakigula langile izateak esan nahi duela

produkzio sistemaren jabe ez garela, geure lana

saltzea beste aukerarik ez dugula bizirauteko.

 

Destainaz esaten digute lehen baino hobe gaudela

baina ez dute esaten noiz eta non baino hobe.

Gure aiton-amonek bost aho elikatzen zituzten

lantegiko lansariekin, guk bakarra horni dezakegu

ordutegirik gabeko zazpi laneguneko asteetan.

Geure bizi itxaropena jaitsi da,

erosketa ahalmena galdu dugu,

etxebizitza eskubidea ez da segurtatua,

soldata eta lan finkoa ezabatu dute.

Leninen galtzerdiak zulatuta zeuden,

geureak ere hala daude.

Kasu! guk ez dugu zapalkuntza irainduko,

zapaltzailea seinalatuko dugu,

ez oiloa lapurtu duena baizik eta

Kolonboko bulego batetik

tamilak masakrarazi zituena.

Sorbaldatik kendu ditugu preso nahi gaituzten

ustezko hurkoen esku solidarioak.

Ez gara gaizki mintzo jabetzaz,

jaberik gabe jabearen figura hutsik da.

Bi etxe dituenik ezin da izan

etxerik gabekoak dauden artean.

Ez hitz egin airean

so egin begietara ankerrari

eta ez bilatu haren txaloak

bikaina zarela esaten dizunean ere.

Ankerrari egin kontra, ankerkeria ez da

jakien eta gomazko piloten jabea.

Suntsitua den pertsonak begiak ditu

ankerrak ere begiak ditu

eta negar egiteko gaitasuna ere badu.

 

Nagusitasunez esaten digute geure ideiak,

aldarriak eta tresnak garaiz kanpokoak direla.

Guk gonbidatu nahi ditugu Plaza Berrian jarri dugun

aiztoaren-ahoak funtzionatzen ote duen frogatzera.

Esaten digute askeak garela, bozka dezakegula,

baina gogoan dugu Bertolt burkideak bozkei buruz zioena

eta ez dugu geure zapaltzailea libreki hautatzeko gogorik.

Leninen galtzerdiak zulatuta zeuden,

geureak ere hala daude.

GAUR G BURKIDEA EGON DA BAZKALTZEN



Gaur G burkidea gurera etorri da bazkaltzera.
Ikastaroa eman behar zuen Gasteizen.
Hobe esanda Lakuan. Eta Lakua
ez da erabat Gasteiz eta horregatik du
tranbia bilbotarra handik etortzeko.



G burkidea etsaiak kontratatu du
baina –haiek oraindik ez badakite ere–
geure aldekoak izango diren batzuei
eman die interneten gaineko ikastaroa.



G burkideak esan du iraultzaren
seinalea ez dugula guk emango
baizik eta haiek. Eta gainera
G burkideak badaki seinalea
negar-gasez emango digutela
Boletin Ofizialean azaldu delako
aurten erosketa laukoiztu dutela.



G burkidearekin adostu dugu
geure bataila airera lerratuko dugula
heldu den greba orokorrean.
Haiek negar-gasa izango dute gertu,
guk bonba kirastunak jaurtiko ditugu
eskirolen denda, taberna eta bulegoetan.
Material bikaina da -kirastuna-
egun horretan batzuk ezin baitute
grebarik egin. Baina lekua kirasten badugu
ezingo dituzte bertan gelditzera behartu.



G burkidea eta biok entsaladaz
elikatu gara. G burkideak olibak
kendu dizkio. Ez ditu gogoko.

NAFTALINA

 

Naftalina baldin bada

gehiegi duenari kendu

eta ez duenari ematea

naftalinaren alde nago.

 

Naftalina baldin bada

aipatzea arbasoak ditugula

zapaltzen zituztenek bezala

naftalina aipa dezagun ostera.

 

Naftalina baldin bada

«hiltzeko era ugari daudela»

berriz ere afixetan jartzea

naftalina beharrezkoa da.

 

Naftalina baldin bada

hizkera salmodikoa berreskuratzea

arrazoia eta emozioa erabiltzea

naftalina ezinbestekoa da.

Naftalina baldin bada

mundua bitan banatzea,

konplexutasun zehatzez,

naftalinarik gabe ez gara helduko.

 

Altxorra eskuratzean

utziko diogu ostera bueltan

naftalina erabiltzeari.

andreas eta gudrun, angiolillo pamphletistInen, greba orokorra, literatura, pintura, poesia, umps

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna

2 pentsamendu “Naftalina eta bonba kirastunak: Greba orokorrerako 3 poema [poetische samizdat]”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude