Bateragune Auzia: huts egindako erabaki baten amaiera?

porrotaEspainiako Auzitegi Gorenak Bateragune Auzia aztertuko du gaur 10:30etan. 2009ko urriaren 13an ezker abertzaleko zenbait kidek abiarazi nahi zuten ibilbidea errotik eten nahi izan zuten. Hiru urte igaro ez direnean, kolpe polizial horren ondorio politikoek izua zabaldu dute unionisten artean. 

Ezker abertzaleko kideek esku artean zutenaz jabe ziren, baina atxiloketak egitea erabaki zuten. ETAren agindupean lan egitea egotzi zieten. Bi urte eta bost hilabete barru Bateragune Auzia deiturikoa Auzitegi Gorenean dago, eta zirt edo zart egin behar du: aske utzi edo espetxean mantendu.

Bitarte honetan gauzak aldatu egin dira: atxilotuen lanak fruituak eman ditu eta proiektu independentista indartuta dago. Eta zer esan Arnaldo Otegiri buruz; sinbolo bat da, alderdi politiko, gobernu eta gizarte komunitate orok nahi duen irudi indartsu eta erakargarri bat. Burumakur sartu ziren espetxera, baina, ateratzen badira, kartzelara bidaliz zapuztu nahi izan zuten estrategia babesteko aukera izango dute, aske.

Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak Salvados saioan esana: “Otegi gero eta lehenago askatu, orduan eta hobe”. Arnaldo Otegik elkarrizketan esanak zentzua hartzen du Gonzalez entzun ostean: “Estatuak bere estrategia aldatuko du geldik egotearen kostua onurena baino handiagoa denean”.

Gaur Auzitegi Gorenean frogatuko da bost espetxeratuak kartzelan mantentzea jasanezina zaion Espainiari edo ez. Elefantea mugituko da?