Lauburua edo euskal esbastika
Lauburua edo euskal esbastika –
Euskaldunok tipi-tipitatik ikusi izan dugu gure artean lau buruko ikur bitxi bezain eder hau. Beste garaietan abertzaletasunaren ikurtzat hartzen genuen, bere barruan ezkutaturik balego, kanpoan guztiz galarazirik zegoena. Bera zen gure nazio sentimenduen iturri isila, gure euskal nortasunaren altxor gordea, eta berarengan jartzen genuen askotan gure ikusmira, bera bailitzan gure izaera bereziaren oinarria, gure euskal kontzientzia zanpatuaren zimendu bizia.
Bera zen bandera eta suziria denbora berean, iragan ezkutuaren, orainaldi sufrituaren eta etorkizun askearen lotura magikoa. Itsaso eta izarra, sufrikario eta esperantza, iraganeko sustraiak eta geroko hegalak, izaera bera baten “atzo, gaur eta bihar” hitz batean. Eta horregatik, gure haur-esku dardaratiaren bidez, gure karpetak, liburuak eta kaierak, era guztietako lauburuz jantzi ziren gure ikasle-gogoetak beste dimentsio ezberdin batera eramanez.
Bat-batean, Bigarren Gerla Handiari buruzko film eta komikiekin topo egin genuenean, samindura eta tristura handiz, gure lauburuak senide gaizto bat zuela ikusi genuen. Gure lauburu ederra eraile nazien sinboloa bihurturik, nola ote? Ezin genuen ulertu, gure idealen ikurra, gure izaera eta askatasunaren sinboloa alemaniar nazien eskuetan eta banderetan. Nola eta zergatik ?
Zorionez, laster bilatu genuen irtenbidea, bereizketa. Alemaniar naziena karratua zen bitartean gurea biribildua baitzen eta beraienak ezkerretara begiratzen zuen bitartean, gureak berriz, eskuinetara. Eskerrak !
Handik aurrera bide horretatik abiatu ginen, gure lauburu biribildu guztiak eskuin alderantz orientatuz. Hala ere, zenbait hilobi eta etxetako lauburu karratuak eta ezker alderanzkoak ikusterakoan kezka eta zalantza pizten zitzaizkigun gure baitan, baina ez ikusiarena eginez, aurrera jarraitzen genuen geurearekin. Beraiek beraiena eta guk gurea, bai horixe !
1.- Esbastikaren zabalkundea.
Nahiz eta lauburua gure kulturan elementu handia izan, gaurko euskaldunok ondotxo dakigu lauburua eta bere izen generikoaz ezagunagoa den esbastika, ez dela bakarrik gurea, munduko lau haizetara zabaldurik dagoenez, gizateria osoarena baizik. Europa, Asia eta Ameriketako zibilizazioetan ikus daiteke, India, Txina eta Tibetetik Alemania, Euskal Herria eta Islandiaraino. Aztekengandik grekoenganaino. Beraz, munduko mutur batetik beste muturreraino. Kontuan hartu beharra daukagu esbastikak oso itxura bereziak har ditzakeela, hori bai mamizko izaerari ongi eutsiz. Alde batera edo bestera begira dezake, hiru, lau, sei, zortzi,… beso edo buru ukan ditzake, nahiz eta gure artean lau burukoa zabalduena izan; eta bere besoak karratuak edo biribilduak izan daitezke.
Esbastikarik zaharrena Trantsilvanian aurkitu da eta dirudienez, Neolitoaren azken garaian egina omen dago. K. a. XIV. mendeko zenbait arrastotan agertzen zaigu berriro, eta baita Iliongo (Troiako) aztarnen artean ere. K. a. IV. mendean Indiako kulturan ikus daiteke, eta Txinan K. o. V. mendean. Mende bat beranduago, hots VI.ean, Japonian agertzen da eta garai hartan zabaltze-garapenean zegoen budismoak bere ikurtzat hartu zuen. Geroztik mundu osoan zehar zabaldurik ikusi ahal izan da, Grezian, Erromatar Inperioan, Germaniar Herrietan, Euskal Herrian, Bretainian, Errusian, Tibeten, bikingoen artean, Ipar eta Ertamerikako indiar kulturetan…
1925. urtean, alemaniar nazismoak odol arioaren sinbolotzat hartu zuen, berarekin batera bere teoria arrazistak zabalduz. Bitxikeria bezala, aipatu beharra dago, 1925. urtean, Panamako kuna izeneko indiarrak matxinatu zirenean guardia nazionalak akabatuz eta beren lurretan “TULE” izeneko errepublika independentea aldarrikatuz, hondo laranjako ehunean egindako gurutze gamatua (1) banderatzat hartu zutela.
2.- Esbastikaren sinbologia magikoa.
Bai Europan, bai Asian eta bai Ameriketan, esbastika ikur magikotzat harturik izan da. Sinisten denez, berotasuna eta energiaren iturria, biziaren hazia,… sinbolizatzen dituen eguzkia eta bere etengabeko mugimendua agerrarazten dizkigu. Erdigune batetik sortzen diren karratu edo biribil itxurako besoek (hiru, lau, sei, zortzi,…), eguzkiaren berotasun eta energiaren etengabeko dantza, jira-bira, adierazi nahi omen dizkigute. Ikusten dugunez, esbastika bi aldeetara bira daiteke. Ezkerretara mugitzen bada levogiroa edo ezkerbirakaria deitzen zaio eta eskuin alderantz mugitzen bada, berriz, destrogiroa edo eskuinbirakaria. Eta badirudi, aurkako mugimendu bikoitz honetan hartzen duela esbastikak bere sinbologiaren zentzurik handiena. Aitzinean daukagun edozein esbastika interpretatzeko orduan erne ibili beharra dago. Eskuin alderantz mugitzen den esbastikaren buruak ezkerrerat begira geldituko dira, eta ezker alderantz mugitzen delarik, berriz, buruak eskuin alderantz begira geldituko dira. Hori ongi barneratu behar da interpretazio egoki bat egin ahal izateko.
Antzinako gizaki naturistak, mundua, osotasuna, bi aldetan banatzen zuen, bata ezkorra, gaiztoa, txarra, ankerra, itsusia,… eta bestea berriz, guztiz aurkakoa, hots, baikorra, ederra, ona, goxoa, jatorra,… eta bitasun honen erdian errotzen zituen bere izatea, bere bizia, eta baita bere inguruko izaki guztiena ere. Horrela, esbastika destrogiroak baikortasuna adierazten digun bitartean, levogiroak, berriz, bere aurkako zuzena, ezkortasuna alegia.
Beste batzuek esbastika suarekin eta trumoiarekin lotu egiten dute, germaniar mitologian egiten den bezalaxe, baina bere barneko bikotasuna beti gordez eta agerian utziz. Alemaniako ideologo naziek, tibetar lamek bezala, ondotxo ezagutzen zuten esbastikaren sinbologia ezkutua eta horregatik bai lehenengoak eta bai bigarrenak baliatu izan dira bere esanahiaz eta bere itxuraz, beren asmoak eta gogoetak azalarazteko.Hitlerren banderan esbastika destrogiro ezkorra ezartzen zuten etsaien artean porrota eta etsipena zabaltzeko asmotan. Ez da kasualitatea, Errusiako frentea irekitzerakoan, Hitlerrek Kaukasoko zenbait menditan, eta eskalatzaileen bitartez, gurutze gamatuaren entseina gorri-beltza ipinaraztea, eta ez da kasualitatea ere, Tibeteko lamategietan (2) garai onak edo txarrak azaltzeko gurutze honi ematen dioten erabilpen grafiko adierazkorra.
Euskal Herrian, nahiz eta sinbologia hau jadanik guztiz galdurik egon, eta duen zama apaingarria ahaztu gabe, lauburuaren eta zortziburuaren (3)erabilpena euskal nortasunaren baieztatze eta finkatzearen prozesuan sar genezake. Gauza bera egin genezake Bretainian hiruburuarekin (4), beraien nortasunaren eta nazionalismoaren banderatzat harturik baitaukate. Esbastikaren bitasunak antzekotasun handiak ditu munduko hamaika bazterretan, esate baterako, ekialdetarren oinarrizko printzipioen ikur magikoa den ying-yang delakoarekin, edo aurkako bi aurpegi zituen Jano jainko erromatarrarekin… edota euskaldunon sinismenetan agertzen zaizkigun aurkakoak diren jainko-jainkosen bikote ugari eta esanguratsuekin: Mari eta Maddu, Atarrabi eta Mikelats, Eki eta Ilazki, Amalur eta Itsaso, Ostots eta Sugaar…
Gaur egun, esbastikak bizi bizirik dirau munduko edozein bazterretan, herri eta kultura ugarien etxeetako hormetan, liburuetan, eraikinetan, apaingarrietan,… bere misterio gordea agerian utzi nahiko baligu bezala, bere magia esoterikoa beti present eduki nahiko balu bezala,… edo agian, bere besoen arteko estekagunean (5) ezkutatzen duen mugagabeko indar ikaragarria berriro gure artera askatu eta zabaldu nahiko balu bezala. Auskalo!
-
Gurutze gamatua: Alemaniar naziek erabiltzen zuten esbastikari ematen zioten izena.
-
Lamategi: Tibeteko apaiz budistak –lamak– bizi diren tenplu modukoak.
-
Zortziburu: Zortzi buru dituen esbastika mota. Euskaldunon artean oso erabilia izan da.
-
Hiruburu: Hiru buru dituen esbastika. Bretainian eta zelten artean oso erabilia izan da.
-
Estekagune: Bilgunea, lotunea.