Eskuinaren diagnostikoak

Eskuinaren diagnostikoak –

Atzo bertan Ertzaintzaren egoitzara jo nuen Gasteizen, bizikleta ostu zidatela eta (jakinaren gainean baitago Lautadako herri lauan zeinen ohikoa den txirrindulen lapurketa). Bertan itxaroten nengoela hainbat berri etorri zitzaizkidan mugikorrera, Andaluziako egoera politikoa dela eta ez dela. Azkena: Alderdi Popularreko (PP) Pablo Casadok onartu duela Vox alderdiaren proposamena, zeinaren bidez indarkeria matxista gizaki orori hedatzen zaion, eta hemendik aurrera gaizki tratatua den inori dirulaguntzak emango ei zaizkiola. Berdintxo dio eskuinaren oraingo hiztegian “etxeko indarkeriaren” ondorioz hiltzen diren bakarrak andreak izatea. Baina antza denez, emakumeak ez dira eskuinaren etxean determinanteak, eta ondorioz, hobe aita obeditzea ama baino.

Eskuinaren diagnostikoak

Andaluziako gobernantza baldintzatuko duen neurriaren inguruan irakurtzen nenbilela, bertan agertu ziren bi tipo, “feminismo supremazistak” kaltetua bata, bere lehengusua bestea. Lehen honek harrerako poliziari galdetu zion, gaztelera kaxkar batean (lehengusuak laguntzen zion), zer egin behar ote zen denuntzia batetik libratzeko, bere neskalagun ohiak salatu baitzuen antza, urruntze-agindu bat desobeditzeagatik. Distantzia, zein eta Gasteiztik Nafarroako Lodosaraino dagoen tartea bere seme-alabak ikusteko, eta salaketaren bitartekaria, bertoko Guardia Zibila. Estatuko indarrak desafiatu nahi zituen, bera ez baitzen nafarra, “hemengoa” baizik, eta ez zuen Lodosara joan nahi bere desafioagatik inori ezer azaltzera. Ertzaintzak lagunduko?

Ez dakit zer bozkatzen duen gizon horrek, eta bere historiaz dakidan bakarra entzundakoak dira. Argi daukat ordea nahikoa dela jakiteko PP-Vox tandemaren diagnostikoa ez dela guztiz egia, eta andre hori Lodosan bizirik badirau deuseztatu behar duten Legearengatik dela, akatsak akats. Zorte txarra dauka “kaltetuak” ordea, Voxek argi baitu gizona lagun “zezakeenErtzaintza disolbatu nahi duela, eta Guardia Zibilari eskuduntza oro eman. Nork esango zuen hori izango zela Abascaldarren neurria bortizkeria matxistaren kontra borrokatzeko, hain kontzientziatuta omen dauden segurtasun indarrekin batera!

Eskuinaren diagnostikoak

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"