Migel Gallastegi hil da

Migel Gallastegi hil da –

Amatiñok, Eibar.org komunitatean.

Migel Gallastegi hil da
1948an, lehen aldiz txapeldun.

Gaur goizeko ordu txikietan hil da Migel Gallastegi. Datorren hilean kunplituko zituen 101 urte. Gallastegi, eskuz-eskuko txapelduna izan zen, hiru bider, orain hirurogeita hamar urte inguru, eta ez zuen laugarren txapelik irabazi, ez zituelako antolatzaileen diru-eskeintzak onartu.

Ez bazitzaion nahiko iruditzen, jokatu ez, eta kitto. Hau izan zen, beti, ehun urte luzean, Asoliartza baserriko semearen berezko sena: nortasun asko, buruan jabe izan eta, Eibarren esaten den bezala: “esne-berba” gutxi.

Mutil-koxkorra nintzela ezagutu nuen nik Migel, gure aita zenaren laguna. Eta aitaren eskutik ikusi nuen Gallastegi pilotan, Astelena frontoian. Sekula izan den atzelaririk onenetakoa. Orduko umeok, harro asko, munduko txapelduntzat jotzen genuen gure herriko pilotaria, benetan txapelduna izateaz gainera, mundu guztian pilotan egiten zelakoan.

Jakina, gero, pilotari onak izan direna Gallastegi baino lehenago eta geroago, baina gauza bitan behintzat, eibartarrak pilotaren historia aldatu zuen:

Batetik, pilota-jokoa kirol profesional bihurtu zuen. Gallastegi arte, pilotariak –Atano handia-edo izan ezik— astegunetan tailerrean jarduten zuten eta, jaiegunetan, ostera, zuriz jantzi eta kantxara irten, hainbat txanpon urriren truke. Gallastegik, aldiz, ez zuen inoiz pilotan baino lanik egin. Astegunetan bi edo hiru pilotariren kontra entsaiatu, soka-saltoan egin, aizkoran ahalegindu, Santanderreko Racingen fubolean egindako Justo Larrañaga “panaderuaren” ariketa fisikoak bete, dieta aproposa gogoan euki eta beste edozein kirolari profesionalen pare edo gehiago zaindu.

Eta, bestetik, bere burua profesionaltzat zuenez gero, gutxieneko diru-ordainak eskatu zituen eta, nahiz kostata, baita atzenean lortu ere. Modu berean lortu zuen pilotalekuetako zerbitzuak hobetzea. Gezurra dirudien arren, neurriren batean pilotak Gallastegiri zor dizkio orain normaltzat jotzen diren soldatak, aldagelak, dutxa beroa, xaboia, toalla eta gainerako ipi-apa guztiak.

Gallastegi zenak sekulako iraultza erakarri zion pilotari, baina aldaketarik sakonenak ez ziren kantxan gertatu, frontoietatik kanpora baino. Jakinezta bada ere, egungo pilotariak zorretan daude Migel Gallastegi zenarekin. Goian bego.

Migel Gallastegi hil da Migel Gallastegi hil da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.