Lady Soul, agur

Lady Soul, agur –

Minbiziak jota, Aretha Franklin zendu da gaur, 76 urte zituela.

Soularen erregina legez ezaguna -Beyoncek Tina Turnerri ezarri zion koroa, eta musika zaleek ez diote oraindik barkatu-, kantari estatubatuarrak sei hamarkada luzeko ibilbide oparoa osatu du, eta ondo ezagunak diren ereserkiak utzi dizkigu, besteak beste “Think”, hemen 1980ko “The Blues Brothers” filman Franklinek berak kantatua; edo “Respect”, jatorrian Otis Reddingek idatzia, eta… Negu Gorriak taldeak bertsionatua.

Lady Soul, agurMenphisen jaioa eta Detroiten hezia, pianoa jotzen bere kasa ikasi zuen Aretha Franklinek, neskato bat baino ez zela sinatu zuen bere lehen kontratu diskografikoa, 14 urterekin; ordurako bitan erditua zen! Arrakasta 1967tik aurrera erdietsi zuen, Columbia etxea utzi eta Atlantic Records sonatuarekin. Aurretik, orduko beste kantari askok eta askok bezala, gospela kantatzen zuen elizan, aita, Martin Luther Kingen lagun handia berau, sermolaria baitzuen.

Time aldizkari famatuaren azalean agertu zen lehen emakume afroamerikarra izan zen, 1968ko ekainaren 28an. Barruko erreportajean, bizimodu gogorra izan zuela kontatu zuten, senar eta manager izan zuen gizonak tratu txarrak eman zizkiola. Hamar urte geroago, eta Rolling Stones aldizkariak plazaratutako elkarrizketa batean, zoriontsu “seme alabek” egiten zutela adierazi zuen, “… eta janari pilo bat kozinatzeak, eta elkarrizketek, eta urrezko diskek, eta maitasunak”.

.

Aretha Franklin, hamarkadaz hamarkada

Aretha Franklinen itzala nabarmena izan da AEBetako musikagintzan azken mende erdian, eta makina batek izan du inspirazio iturri -George Michael, Eurythmic edo Elton Johnekin batera kantatu zuen-. Gazteek egiten zutenari ere adi zegoen antza, 2015ean, esaterako, Adeleren “Rolling in the Deep” bertsionatu baitzuen berak! -klikatu eta entzun zuzenean kantatzen-.

Lady Soul, agur50 disko baino gehiago zituen argitaratuak, eta irailerako lan berri bat prestatzen zegoen, Steve Wonderrek ekoiztua.

Zuzeneko azken agerpena iazko azaroaren 7an egin zuen New Yorken, Elton Johnen hiesaren kontrako fundazioaren 25. urtemuga ospatzeko -ordukoa da azaleko argazkia-; dagoeneko osasunez oso ahul antzematen zitzaion.

Ibilbide artistikotik haratago, bere komunitatean ere pisu handia zuen Aretha Franklinek, txikitan eta familiarekin batera Martin Luther King giza eskubideen alde lagundu zutenetik.

Angela Davis kartzelaratu zutenean “libre ikusi nahi dut -adierazi zuen-, ez komunismoan sinesten dudalako, emakume beltza delako baino”; fidantza ordaintzeko  prest ere agertu zen: “badut dirua, pertsona beltzei esker eskuratu dudana, eta gure jendea laguntzeko erabili nahi dudana”

.

Atzora arte kantuan

Esteka honetan klikatuz gero, zahartu ahala Aretha Franklinen ahotsak izan zuen bilakaera ezagutu dezakezu eta, bestalakoan, hamarkada bakoitzeko kantu bat hautatu dizugu, ez beti ezagunenak, zuzeneko bideo eta guzti.

1968an Asterdamen hasi, Rolling Stones taldearen “Satisfaction” kantatzen, 4. minututik aurrera zaleak loreak bota eta bota dituela -ikusi, ikusi-; eta 2017an New Yorken bukatu, kantariaren oholtza gaineko azken agerpenean. Tartean, besteak beste, Obamaren aginte-hartzean “My Country Tis of Thee”  kantatuz, 2009ko urtarrilaren 20an. Sei kantutxo baino ez, Aretha Franklini gabon esateko.

.

1960´

.

1970´

.

1980´

.

1990´

.

2000´

.

2010´

Lady Soul, agur Lady Soul, agur Lady Soul, agur
Aretha Franklin, heriotza, musika, soul

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude