Inoiz ez ispiluaren aurrean

Inoiz ez ispiluaren aurrean –

Gari Otamendik Info7 irratirako idatzitako testua jaso dugu Dantzan ataritik.

Joan zen astean dantzaria eta gorputz hezkuntzako irakaslea den taldekide eta lagun batek eskatu zidan Dantzaren Nazioarteko Egunerako prestatu zuen muralean parte-hartzeko. Planteamendua sinplea eta zuzena zen. “Dantza zertarako?” galdera luzatu zien ikasleei.

Inoiz ez ispiluaren aurrean

Espero zitekeen moduan, hitz eta kontzeptu ugarirekin mosaiko erako murala osatu zuten ikasleek. Bete ere, funtzio asko betetzen ditu dantzak, hala norbanakoaren esparru intimoan, nola komunitatearen esparru publikoan.

Esan liteke dantzak, eta arteak oro har, gure izaeraren jatorrira garamatzala. Haur txikiek beren burua eta inguruko pertsonak bereizten ez dituzten moduan, une jakin batean dantzan irits gintezke sortzera sentimendu kolektibo bakar bat bat.

Pozgarria eta interesgarria iruditu zait gorputz heziketako irakasleak dantza integratzea bere programan. Azken batean, dantzarako dugun tresna bakarra gure gorputza da, baita edozer ikasteko dugun tresna bakarra ere.

Ez dago ikasketarik, ezpada gorputzaren memorian sentimenen bitartez erregistratzen. Matematikako buruketa bat ebaztean sentitzen dugun plazera gorputzean idatzita geratzen zaigu.

Nortasun digitala gailentzen ari zaigun gizartean, funtsezkoa da gorputzaren bidezko ikasketak sustatzea, eta dantzak ezinbesteko lehentasuna eduki behar luke prozesu horretan. Hori bai, oinarrizkoa da gorputza ikasketaren subjektua izatea, eta ez objektua. Badago aldea.

Horregatik, borobila da aurtengo Dantzaren Nazioarteko Eguneko mezuan Ohad Naharin israeldar koreografoak idatzi duen azken esaldia: “Beti gogoratu behar dugu egunero pixka bat dantzatzeaz… baina inoiz ez ispiluaren aurrean”.

Inoiz ez ispiluaren aurrean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.