Hannah Arendtengana hurbiltzeko

Hannah Arendtengana hurbiltzeko –

Simone de Beauvoirrekin batera, munta handia izango du aurrerantzean Hannah Arendtek EAEko Bigarren Hezkuntzako Filosofiaren Historian (Batxi 2); baita Filosofian ere (Batxi 1), irakasleak hala erabakiz gero. Iparraldean Arendt aspalditik da garrantzitsua Terminal Orokorrean, eta ezinbestekotzat jotzen da Justizia eta Askatasuna nozioak azaltzeko orduan. Arendti buruz askoz ere material pedagogiko ugariago dago frantsesez gaztelaniaz baino.

Hannah Arendtengana hurbiltzeko

BIOGRAFIAK

Lau dabiltza nagusi gure artean:

1-Elisabeth Young-Bruehl, Hannah Arendt, for love of the world, 1982 (gaztelaniaz eta frantsesez ere badago)

2-Laure Adler, Dans les pas de Hannah Arendt, 2005; gaztelaniaz: Hannah Arendt: una biografía

3-Anne C. Heller, Hannah Arendt, A Life in Dark Times, 2015. Audioliburu gisa ere badago. Gaztelaniaz, Hannah Arendt, Una vida en tiempos de oscuridad. Ez dago frantsesez.

4-Ken Krimstein-ena biografia grafikoa da, komikia, The Three Escapes of Hannah Arendt, 2018, gaztelaniaz Las tres vidas de Hannah Arendt, frantsesez Les Trois Vies de Hannah Arendt. Oso polita, gustura irakurtzen da eta Krimsteinek gainera tentuz aukeratu eta nabarmendu ditu Arendten bizitzako pasadizorik erabakigarrienak, hala nola Gurs-eko egonaldia edo Walter Benjamin adiskidearen suizidioa.

Sendoena, ikerketa lan handi eta serioena erakusten duena, lehenbizikoa da, Elisabeth Young-Bruehlena. Adlerrek Arendten liburuen irakurketa pertsonalak emendatzen dizkio, eta literatura dei genezakeena: adibidez, Young-Bruehlek Arendt Königsbergetik Berlinera amarekin trenez joan zela kontatzen badu, Adlerrek irudikatzen du pentsalariak bihotz-gogoetan zeramakeena, eta leihatilatik ikus zezakeena.

Anne C. Heller-ena Young-Bruehelenaren laburpena da funtsean. Young-Bruehlenak 630 orrialde, Hellerenak, gure garaiari egokituago, 150 inguru. Dena den, biografia bakar bat aukeratu behar izanez gero, dudarik gabe Elisabeth Young-Bruehlenaren alde. Dirudienez, 1982az geroztik ez dute Arendten bizitzari buruzko datu esanguratsu berririk aurkitu, Heideggerrekiko harreman estuari dagozkionak izan ezik.

.

ARENDTEN PENTSAMENDUARI BURUZ, EGOKIAK SARRERA ETA AMU GISA

EUSKARAZ

1-Jakin aldizkarian, ale berezia, “Filosofiatik ezabatutako emakumeak”, 2022, eta bertan artikulu bi, Yolanda Barriosen “Hannah Arendt: pentsatzeko ausardia”, eta bestea anonimoa, “Hannah Arendt, Gaizki absolutua”, biak irakaskuntzan erabiltzeko eta selektibitateari begira ezin praktikoagoak.

2-Arendten beraren “Eichmann Jerusalemen” (2008) liburuaren Sarrera ondo informatua, Arendten jarrera batzuek sortu zituzten arazoak ganoraz eztabaidatzen dituena; aspalditik dago agortua, eta, Klasikoak bildumako beste liburu batzuk ez bezala, ezin da epub edo pdf gisa jaitsi. Lehenbailehen konpondu beharreko arazoa.

3-Mario Zubiagaren sarrera aparta Arendten “Indarkeriaz” liburuari, Katakrak, 2021

GAZTELANIAZ

1-Antonio Campillo, El concepto de amor en Arendt, 2019

2-Nuria Sánchez Madrid, La filosofía frente al mal, 2021. Espainian gaur egun dagoen Arendti buruzko berezilaririk garrantzitsuena da Nuria Sánchez, hitzaurre mamitsuak egin dizkie Alianzak argitaratu dituen Desobediencia civil eta La mentira en política-ri.

FRANTSESEZ

1-Julia Kristeva, Le génie féminin. 1-Hannah Arendt, 1999; gaztelaniaz: El genio femenino 1-Hannah Arendt. Batzuetan Arendti zeharo arrotzak zaizkion kategoria psikoanalitikoak badarabiltza ere, interesgarria da nola joaten den obraz obra Arendten ideia nagusi zenbait atzematen eta azaltzen, hala nola bizitza, jaiotza, kontakizuna, politika…

2-Jean-Claude Poizat, Hannah Arendt, une introduction, 2013. Dijon-go filosofo gazteak biografia baztertu eta zuzenean ekiten dio Arendten pentsamendu politikoa aztertzeari. Ederto baten dago antolatua Arendten paradoxa nagusietan barneratzen gaituen liburu distiratsu hau. Ez dezala irakurri lehenbailehen, argi eta garbi eta kosta lain kosta erabaki nahi lukeenak Arendt ezkertiarra ala eskuindarra ote zen, sionista ala antisionista, feminista ala antifeminista, batuaren ala euskalkien aldekoa.

Zori oneko gabiltza, zeren eta, euskarazkoak bezala, oso onak baitira erdarazko sarrera horiek ere

Hannah Arendtengana hurbiltzeko

13 pentsamendu “Hannah Arendtengana hurbiltzeko”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-10-15 12:07

    kaixo Markos,
    Guti dakit Arendti buruz bere biografiatik purruska batzuez aparte. Baina gertatzen da justu ari naizela irakurtzen seinalatu nahi nizuekeen , Wolfram Eilenberger-en liburu berriaren itzulpena; ” Les Visionnaires” nun autoreak paraleloan deskribatzen eta erkatzen baititu ARendt-en, Beauvoir-en, Ayn Randen eta SWen bizi-ibilaldiak baita ideia bilaketa ere.1933 eta 1943 artean.
    Laster itzuliko dizuet zer den idatzia bukaerako azaleko orrialdean Liburuari buruz eta idazleari buruz.
    Plazer handi batekin irakurri zaitut Markos.

  • Benat Castorene 2022-10-15 16:57

    Hona hemen hitz eman nizuen iHannah Arendti buruzko (bestean beste) liburu berriaren tzulpen tipia.
    LIBURUARI BURUZKO AURKEZPENA ( Les visionnaires: Aurreikusleak)
    XX. mendearen hegian, lau mundu ikonok modu ereduzkoan eta gaur arte inkarnatu dute existentzia egiazki librea eramateak erran nahi duena;
    1933tik 1943arteko urteek markatzen dute modernitate europearraren kapitulu betzena. Kataztrofearen aurrean lan emakume filosofo gaztek, euren 30 urteen egunsentian, Simone de Beauvoirrek, Simone Weilek, Ayn Randek eta Hannah Arendtek garatzen dituzte euren ideia aurreikusleak (visionnaires): gizabanakoaren eta gizartearen arteko erlazioa, Gizona eta Emakumearen artekoaz, sexua eta generoa, askatasuna eta libertatea, Jainkoa eta gizona.
    Haien ibilaldi abenturosak iheslari, militante, eta erresistante gisa gidatzen dituete Stalinen Leningradetik Hollywoodera, Hitlerren Berlinetik Parise okupatura; baina oroz gain gogoeta iraultzaile batzuetara zeinen ezean gure oraina eta gure etorkizuna ez liratekeen berdinak izango.
    AUTOREARI BURUZ
    Wolfram Eilenberger, estudiatu ditu filosofia, psikologia eta filologia. Alemaniako “Philosophie Magazin”en sortzailea eta erredaktorea da. Bere azken obra, Le temps des magiciens, ( Albin Michel 2019) irabazle izan da “Saio arrotz hoberena”ren txapelketan 2019an. Aurreikasleak ( Les visionnaires) best-sellerra da Alemanian eta ari dira itzultzen bederatzi hizkuntzatan.
    Liburua irakurri ondoren artikulu honen iruzkinei gehituko dut zenbait lerro ene zirrara emaiteko.
    Goraintziak zuri Markos eta euskaldun filosofia zalei

  • Beñat, gaztelanaiz “El fuego de la libertad” izenburutu zuten “Les visionnaires”. Aspaldion, tankera horretako gero eta liburu hobeak argitaratzen ari dira (esaterako, Sarah Bakewell-en Comment vivre? Une vie de Montaigne eta Au café existentialiste), erdi kronika erdi dibulgazio, berehala harrapatzen zaituzte.

    Wofram Eilenbergek Beauvoir eta Arendti buruz kontatzen dituenak ezagunagoak dira beharbada. Weilena biziki da hunkigarria. Ayn Randt ez nuen ezagutzen. Kapitalismo basatienaren alde egiten du filosofia baliatuz, baina baita nobelak ere. San Petesburgon jaio zen, baina sozialismoa inhumanoa iruditzen zitzaion (Stalin baino puskaz lehenago) eta 1926an AEBetara ihes egin zuen, 21 urte zituela. Ahalegin pertsonal heroikoa aldarrikatu zuen. Arendt bezala, errukia politikan sartzearen aurka zegoen. Arendten ustez, Frantziako Iraultza “fraternité” horrek izorratu zuen. Haurridetasun errukitsuaren izenean baliatu omen zuen Robespierrek gillotina neurriz gain.

    Rand, Arendt eta Weil juduak ziren, Beauvoir ez. Rand eta Arendt tabakoak hil zituen. Beauvoirrek ere erretzen zuen, baina ez hainbeste. Eta Weil? Ba al dakizu, Beñat, zer harreman zuen tabakoarekin? Lehen begiratuan erabat inkonpatibleak dirudite.

  • Benat Castorene 2022-10-16 12:03

    Igande on Markos
    Zure galderari erantzuteko ez banaiz makur aipatzen dutan liburu honetan edo beste batean ikusi dut bere arropei tabakoaren usaina zeriela. Gaineara tubekulosatik hil zenez ez nintzateke harrituko pipatu balu.
    Horretatik aparte eta nahiz liburua oraindik ez bukatu arren naizen irakurle honi jadanik iduritzen zait SW beste hiruei gailentzen zaiela filosofia sakontasuna eta epesoragatik. Ene uste apalez ez dago konparaziorik. Egia da SW ez dela egia erran ez feminista ez intelektual amerikarra (eta humore piskat sarteko ene andreak erraiten duenez ni hartaz maitemindua)
    Serioago mintzatzeko, SWen arrakasta faltak batez ere Arendten baina Beauvoirren aldean ere bai publiko zabalean baita ere eta ingurune akademiko eta instituzionaletan seguraski zerbait sakon esan nahi duke gure garaiaren ideologiaz.
    Ez ote?

  • Hauek babukeriak. Neronek halako anitz irakurriak ditut, eta zer. Sekula ere ez duzue deus ere leituko geronen amatxien bizitzaren gainean, eta judu puta horiek hagitz interesgarriak omen dira. Utikan! Burgesak. Zuek bai burgesak.

  • Amonamantangorri 2022-10-17 21:23

    Neronek “Eichman Jerusalemen” PDFan jaitsi nuen webgune batetik orain hamaikatxo bat urte; ez naiz, ordea, oroitzen nondik. Dena dela, “Klasikoak Euskaraz” bilduma ez al da kasik soilik liburutegietan banatzeko? Institutuetan-eta eduki beharko zenukete…

  • Zure Psikiatra Naiz 2022-10-20 16:33

    Nagore, hartu zure pastillak, azken egunekoak saltatu dituzu eta nabaritzen da.

  • Amonamantangorri, ni ibilitako azkeneko bi Institutuak, behintzat, Klasikoak bildumaren harpidedunak izan dira. Garai batean bai, Eichmann Jerusalemen doan irakur zitekeen, baina orain ez. Jaitsi daiteke, baina soilik lehenbiziko orrialdea dago ikusgai ordea. Uste dut Hezkuntza Sailak arduratu behar lukeela sarean doan jartzeaz, besteak beste, Klasikoak bilduma osoa eta Gaiak argitaletxe desagertuaren fondoa (sekulako perlak dauzka).

    Beñat, ez gure garaia eta ez Simone Weilen obra ez ditut fundamentuz ihardesteko bezain ongi ezagutzen. Zure testuak irakurririk, imajina dezaket zer esan nahi duzun. Hala ere, zehaztu zenezake poxi bat gehiago, zure emaztearen baimenarekin?

  • Markos eta Beñat horiec,

    Hona hemen Jerusalem horii:

    https://www.dropbox.com/s/glx40asm9vswl1y/100%20eichmann%20jerusalemen.docx?dl=0

    Adeitsuqui

  • Benat Castorene 2022-10-21 19:24

    Markos “El fuego de la libertad” ezagutzen duzun liburuaren konklusioan Eilenbergerrek emaiten digu Albert Camus-en aipamen bat:
    “SW, badakit orai, gure garaiko ezpiritu handi bakarra da…”
    Eta lau filosofoei ( Rand, Arendt, Beauvoir eta SW) kontsakratutako bere liburuaren azken esaldia da: ” Ordu da bere (SWena alegia) obra deskubritzea”
    Beraz barkatu Markos “zehaztea poxibat” galdatzen didazun bezala ezinezkoa zait ezdakit nundik has.
    Pentsatzen dut, duel mende erdi baino gehiago SWek egin zuela jada mundu modernaren kritika sakona, beharbada sobera sakona eta moleztagarria zen entusiasma segituan sortzeko. Horrelako pentsamolde kritikoak denbora behar du ezpirituak bustitzeko.
    Ene indar tipiekin L’enracinement euskararatuz saiatzen naiz ezagutarazten EHan eta konbentzitua naiz hortan dauden analisiak gure gazterian ezagutuagoak izan balira mende erdi honetan erru gutiago eginen ginituela eta orai fuerteagoak izango ginatekeela gure erresistentzian.
    “L’enracinement” testua gure gazteek ( eta ez gazteenk bakarrik) errotik estudiatu behar lukete.
    Ondoko artio Markos eta guziz segi dezagun gure sail filosofiko tipia Zuzeun.
    Adeitasunez

  • Lavin, nolatan duzu erdietsi? Aisa galduko nituen alferrikako eginahaletan lauzpabost ordu, esajeraziorik bat ere gabe diotsut; zeuk berriz di-da, Prometeo berri batek zeuri bakarrik ezagutarazi balizu bezala XXI. mendeko tekhnéaren mamia.

    Aldez aurretik zenuen Dropbox-en, eta zuzeulariokin konpartitzera mugatu zara?

    Edo ilunagoa dea hor ezkutatzen den enigma?

  • Marcos,

    Neu, guiçaqui modura, ceharo transparent nauc.

    2017.ean post hau eman nian arguirarat Zuzeu leku bicain honetan:

    https://zuzeu.eus/euskara/pentsamenduaren-klasikoak/

    105 libururen descargatzea lorthu nian eta hor ikusten ahal duc nire dropboxerat joaiteco linka.

    Iruzquinetan cerbait guehixeago aiphatzen diat.

    Içan onsa!

  • Esker mila, Josu!

    Sekulako lana hartu duk hire gain, eta irakurleei bideak zabaldu.

    Kareto haserreak ez ditiat ulertzen.

    Aitzina beti euskalduna!