Energia berriztagarria bai; mendiak txikitu ez

Energia berriztagarria bai; mendiak txikitu ez –

Ehundaka lagunek parte hartu dute zentral eolikoen aurka herenegun-damu Elosuan egindako elkarretaratzean. Bertan egindako prentsaurreko jendetsuan antolatzaileek irakurritako komunikatua duzue hemen.

Gipuzkoara atzerritik etorritako enpresa handiak -Green Capital eta Statkraft, momentuz- Gipuzkoan, han eta hemen, zentral eolikoak egiteko baimenak tramitatzen ari dira. Tartean behin, proiekturen baten berri izaten dugu, orain Urretxu-Zumarragan, gero Soraluze-Elgoibarren, geroago Azkoitian, geroxeago Zizurkilen eta azken berrien arabera Azpeitia-Errezil-Zestoa eta Eskoriatza-Aramaio aldean beste bana. Zenbat gehiago?

Erritmo berean sortzen ari dira taldeak edo plataformak helburu jakin batekin: bertako mendietako ondare naturala, arkeologikoa, geologikoa, historikoa, paisajistikoa eta espirituala babesteko; zein inguruetako baserrietako eta herrietako biztanleak, haien bizitokia, haien osasuna eta jardun ekonomikoa -bereziki nekazaritza jarduerari lotutakoa- defendatzeko. Eta elkartasunean hasi gara.

Izan ere, mehatxua ez da nolanahikoa: 200 metro luze eta 158 metro zabal liratekeen makroeolikoak aurkeztu dituzte -Elgeakoak halako bi baino altuagoakk; Eiffel dorreak 330 metro ditu, konparaziorako-, 5 metro zabal baino gehiago izango liratekeen errepide berriak mendi gainetaraino eta hauetan zehar, hormigoizko zimentazio erraldoiak eta abar luzea.

Energia berriztagarria bai; mendiak txikitu ez
Eoliko baten tamaina irudikatzeko mosaikoa egin dute Elosuko belardi baten. (Gipuzkoako Mendiak Aske Taldea)

Proiektuok berehala egiteko aitzakiatzat Ukrainako gerra darabilte, energiaren prezioa garestitu duela esanez. Baina pasa den udazkenetik prezioen gorakada nabarmena zen, ekoizpenerako materiala bukatzen ari delako. Gainera, duela 20 urte, hainbat eremutan mehatxu bera egon zen eta herritarren eta udalen kontrako lanari esker geratu ziren proiektuok.

Orain ere, Gipuzkoarako aurkeztu diren proiektu eolikoen lehentasuna ez da Gipuzkoako herritarron elektrizitate beharra bermatzea, aberatsen diru nahia elikatzea baizik. Oro har herrialde pobretuetan hainbestetan erabiltzen den eredu bera da, “berriztagarri” eta “jasangarri” etiketak gehituta: azpiegiturak eraiki, ingurua eta inguruko biztanleak sakon kaltetu, hainbat urtetan intentsiboki ustiatu, eta ondoren, alde egin, zaborra eta kalteak bertan utzita.

Eredu horrek jasangarritik gutxi du, eta berriztagarritik ere berdin. Dorre eolikoak material mugatuez egiten dituzte, eta horietako bakoitza egiteko behar dira: hormigoizko tona bana, 335 tona altzairu, 4,7 tona kobre, 3 tona aluminio, 2 tona lur arraro eta beste material batzuk -hala nola, zinka eta molibdenoa-. Jakina, material horiek lortu, garraitu eta manipulatzeak kutsatu eta energia fosil asko gastatzen du. Bestalde, dorre eolikoen hegalek -70 metro luze edo luzeago direnak- gehienez 25 urtez funtzionatzen dute. Hondatzen direnean, oraindik orain, hondakin moduan lurperatzen dituzte gehien-gehienak. Berriztagarriak?

Erauntsi mediatikoek zabaltzen duten mezua da ez dagoela makroproiektuok berehala egin beste erremediorik. Ez da, bada, egia: energia lortzeko modu asko daude dagoeneko martxan, urrutira joan gabe, Euskal Herrian bertan, eta sortzen ari dira modu hobeak ere. Baliabide energetikoen ustiapenerako gobernantza eredu sozialak eta gertukoak baliagarrienak dira, instalazio txikiagoak energia kontsumituko den lekuetatik gertuago jarrita, jada artifizializatuta dauden eremuak lehenentsiz -teilatuak, industrialdeak…-, efizientzia energetiko hobea lortuz eta kalte txikiagoa eraginez. Europa erdialdeko hainbat herrialdetan bide horri ekin diote, eta horrekin batera debekatu egin dute mendietan eolikoak jartzea. Egin daiteke beste modu batera; hori ere asmatuta dago. Hemen zergatik ez?

Krisi energetikoaz gain, jakinekoa da gizarte eredu krisia daukagula: ekonomikoa, soziala, klimatikoa, elikadurarena, osasunarena eta abar luzea, dena elkarri lotuta dagoelako. Oso industrializatuta, kutsatuta eta artifizializatuta dagoen lurraldea da Gipuzkoa. Horregatik, eta murgilduta gauden krisi honetatik ateratzeko, mendiak, basoak eta larreak, bertako sare hidrologikoa, aniztasun biologikoa eta baliabideak errespetuz eta kontuz baliatzea dagokigu, oraingo zein ondorengo belaunaldiak bertan bizitzeko moduko lurraldea izan dadin. Horrek guztiak gizarte gogoeta bateratu eta integrala eskatzen du, energiari buruzkoa ere bai, eta horren ondoren, zentzuzko planifikazioa.

Esandako guztiagatik, Gipuzkoako mendiak babestearen alde gauden eta aurkeztu diren proiektu eolikoak gerarazteko lanean gabiltzan taldeok urriaren 12an Elosun bukaera izango duten mendi-martxei batzeko deia egiten diegu herritarrei.

.

Arianne Unamuno Loidi

Gipuzkoako Mendiak Aske taldeko kidea [Azkoitia (Oletan ere ez), Azpeitia (Sañu Bizirik), Bergara (Karakate Bizirik), Elgoibar (Karakate Bizirik), Soraluze (Karakate Bizirik), Urretxu-Zumarraga (Urretxu-Zumarraga Bizi!), Usurbil (Andatza-Ezkeltzu Bizirik), Zestoa (Sañu Bizirik), Zizurkil (Andatza-Ezkeltzu Bizirik)].

Energia berriztagarria bai; mendiak txikitu ez

5 pentsamendu “Energia berriztagarria bai; mendiak txikitu ez”-ri buruz

  • Beste batzuk egin moduan, nik ez dizuet terraplanista eta antzekorik deituko. Nik ere galdera asko dauzkat STATKRAFTi buruz. Zer dela eta bapatean Norbegiako enpresa batek halako interesa Azpeitian haizerrotak jartzeko? Norbegiako enpresa nirea balitz, uste dut Azpeitia baino haizeleku hobeak aurkituko nituela beste nonbait etekin handiagoa ateratzeko… Azpeitia ote da ba haizelekurik hoberena? Baina beno… Baina artikulu hau idatzi dutenen antzekoei hitz egiten entzun diet eta hauek ere amorrua sortzen didate: “Haizerrotak partxeak dira, bideragarria ez den kapitalismoaren partxeak, azterketa sakonagoa egin behar da eta soluzioak eskaini herriari”. Oso ondo, beti bezala gure herrian badago halako joera bat soluzio handietarako, “sobraos” goaz beti, gero kalean euskaraz hitz egitea lortzen ez badugu ere. Baina ez diet inoiz soluziorik entzuten. Ez hitz egin politikarien moduan, hitz egin soluzioez: han eta hemen hau eraiki, bestea antolatu eta bestea sortu. Baina ez! Beti mahaiaren bueltan etorkizuneko herria eraikitzen, baina gero 10 euro aurrezteko Amazonen erosketak egiten zabiltzate guztiak. Asteburutan “Amazon Prime” furgoneta ikusi besterik ez dut egiten gure herrietan. Amazonen erosi eta Netflixen serieak ikusi, besterik ez duzue egiten!

  • Eta 42.000 € furgoia, eskolako jantokia garestia da, geu ekologistak gara, telefonoa hemen kargatuko dut, ez, zerorren etxean. Eta autokarabanako ura gasolindegi batean ezta pentsatu ere!

  • “Europa erdialdeko hainbat herrialdetan bide horri ekin diote, eta horrekin batera debekatu egin dute mendietan eolikoak jartzea.”
    Zeintzuk dira alternatiba horiek? Zehaztu dezakezue? Loturaren bat jarri? Mila esker.

  • Oso erraza da ezetz esatea, baleko proposmen zehatzik egin gabe. Horrela bai, gu beti garbi eta besteak zikin.
    Momentuz EHn daukaguna hau da:
    – Sekulako energia dependentzia.
    – Erabiltzen dugun energia, ez berriztagarria eta kutsagarria da ia erabat.

    Alternatiba errealik (kopurutan) mahai gainean jartzen ez den bitartean hori da daukaguna, dependentzia eta kutsadura.
    3 miloi biztanle bizi gara 20.000 km2-tan. Mingarria den arren naturaren zati bat kaltetu gabe ezin dugu bizi. Kaltea ahalik eta mugatuena izan bedi.

  • Aitor Unanue 2022-11-29 17:49

    Euskal Herri gehienetarako baliagarria den eredu bat hortxe hasteko: Oñatiko Ur jauziak. https://www.youtube.com/results?search_query=teknopolis+oinatiko+ur+jauziak