Gatazkaren letrak

Gatazkaren letrak –

Adintxo bat dugun euskal idazleok kokoteraino gaude ziklikoki agertzen den gai errepikakor eta akigarri batekin: “euskal literaturak ez dio behar bezala erreparatu euskal gatazkari”. Putza, putza eta putza. Horixe. Gezur borobila, azken aldikotz Fernado Aramburuk jaso duen erbi ustela bezalakoxea.

Gatazkaren letrak

Ezjakintasuna izango da, agian, baina gogoa daukat esateko —eta esan egingo dut—, nahiko nukeela jakin zer demontre idatzi duten gaiaren inguruan Euskal Herriko erdal idazleek, Luisa Etxenikeren gaztelaniazko  aleren bat edo beste kenduta, edota Mari Jose Basurkoren frantsesezko bakarren bat.

Beste txorakeria ugariren artean, esan izan zaigu gatazka hurbilegi genuela gauzak behar bezala kontatu ahal izateko,  distantzia eta tarte bat derrigorrezkoak zaizkigula. Sarean harrapatuta zaudenean, zeure zirkunstantziari buruz ezin idatzi ahal bazenu bezala. Eta ia elbarritzeraino sinetsi izan dugu sarri euskal idazle gaizook, idazten jartzen  ginen  bakoitzean gertatzen zitzaigun hori ez zela benetakoa, egokia edo ona.

Zertaz idatziko duzu baina, gertatzen zaizun horretaz ez bada? Zergatik behar duzu distantzia errealitate soziopolitikoaz idazteko eta ez, aldiz, zeure desamodio eta ibilera existentzialez, esaterako? Non dago aldea? Non hasten da kontu bat eta non bukatzen bestea pertsona beraren baitan? Nola egiten da “gatazkarena” zeure bizimoduaren esperientziatik erauzteko? Bizitza ez al da, bada,  hari desberdin askok ehundutako oihal bat eta bakarra?

Nik dakidala, bizi izandakoaren mina literaturagai erabiltzeak  sortarazi ditu Europako idazle garaikide handienen obrak ere: Kundera, Kadaré, Solzhenitsin, Böll, Kertész… Baina ez garaikideak bakarrik, euren aurrekoek eta aurrekoek ere bizi izandako izugarrikeria izan zuten meatz nagusi edo, bederen, ezagututako gerlen eta bestelako gatazken gordinak markatu zuten haien lana. Ez naiz izenak ematen hasiko, amaigabea litzateke zerrenda eta Homerorenganaino.

Geuk ere halaxe,  ezagutu eta bizi izandakoaz idatzi dugu, edo hartan arnasturik egin izan dugu lerroetan aurrera. Batzuetan erdiguneko ardatz izan zaigu “euskal gatazka” deitu izan den hori, beste batzuetan, ostera, garaia eta lekua tindatzeko moduko aitzakia baizik ez. Alegia, munduko gainerako literaturgintzetan bezala jokatu dugu, edo antzera, jakina. Ez baikara Saturnokoak.

Baina hara non, tatian potian, beti agertzen den gaia bazterren batetik.  Ez garela libre eta halakoak. Euskal idazlearentzat erabiltzen diren simulakro, subentzionatu eta txarra kalifikatiboei, koldarra  ere gehitzen zaie horrela. Balirudike, zeruko zigor moduko bat entzutera kondenatuak gaudela sekulorum sekulotan, egin behar genuen eta egin ez dugun zerbaiten zorretan…

Agian, Aramburu, Juaristi eta enparauei jakinarazteko modukoa delako,  euskal/erdal idazleon gaiaren inguruan,  Pedro Ugartek idatzitako kontu bat datorkit, besteak beste,  gogora: “Sekretupean, inork entzuten ez digunean, erdaraz idazten dugun idazleok geure dardoak botatzen ditugu tradizionalki bazterrean utzi gaituzten erakundeen aurka, bere egonkortasunak inbidia ematen digun euskarazko argital-egituraren kontra, edota euskal idazle askok publikoa eta kritika liluratzeko duten gaitasuna finigaitzaren aurka”.

Ausardia erakusten du Ugartek hori dioenean, aitortza bat da, nolabait, bestelako zenbait baieztapen ipurdi-bistan uzten duena, Arambururen azken hau tarteko. Zer den jeloskorra izatea! Zein gogorra behar duen izan, zeure ingurukoen maitasuna nahi baina lortu ezina!

Esan eta esan egiten dute beraz, beste gauza askoren artean, koldarrak ere bagarela. Argitaratutako hitzen pisuaren ondorioz, euren eskuz eta inongo kazetariren tartekorik gabe barkamena eskatzen hasitakoan ere, gurasokeria kolonialista lotsagarria darakuste, baina ez diote uzten esaten dutena baietatzeari, hala ere: “…me daría con un canto en los dientes si después de mi intervención temperamental ocurriera el milagro: que las zonas de silencio en Euskadi empezaran a vaciarse de escritores y hubiera un intercambio de pareceres…” . Mirariren bati esker, inoiz libre izatera iristen bagara, berak hautsak harrotu dituelako izango da, gainera. Hau mundu arranoa!

Horregatik, esatearen esatez ahotan darabilten gezurra egia bihur dakigun baino lehen,  zerrenda bat argitaratuko dugu hementxe bertan, urrutira joan gabe.

Markos Zapiainek hasitako zerrenda bat bota du  Joseba Gabilondok berrikitan sarean. Huraxe hartuta, egileen izenak eta beste zerbait gehitu ditugu geuk. Asmoa da poliki-poliki eta denon artean, zerrenda  osatzen joatekoa.

Baldintza bakarra du: zela edo hala,  “gatazka” darabilten eleberriak izatea, luzeegi joango bailitzateke bestelakoak ere sartuta, ipuina, saiakera eta poesia, batez ere.

Okerrik bada edo falta den bat ezagutzen baduzu, bota iruzkinetan zerrendara gehi dezagun.

Ikusi nahi ez duten itsuek ez dute ikusiko,  baina zu bederen ederki jabetuko zara errealitatearen neurriaz: ez daude denak, ez eta gutxiago ere, baina daudenak badira batzuk, ez niri esan ezetz.

 

 “Gatazka” darabilten eleberrien zerrenda kronologikoa.

(55 oraingoz)

Gatazkaren letrak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

19 pentsamendu “Gatazkaren letrak”-ri buruz

  • Iraitz Madariaga 2011-12-08 15:32

    Berri Txarraken kanta batek diñon modura: “Betiko leloaren betiko leloa”.
    Ez jakintxasunetik berba eitxen danian ganorabako gauzak baño eztira esaten…

  • “Lekuak” liburuan argitaratutako testu batean, Atxagak berak dio halako iritziak arrazakeria galantaren erakusgarri direla, euskaldunen aurkako arrazakeriarena, hain zuzen. Aramburu hori Donostiakoa dela? Ba, munduan bada beltz arrazistarik, baita homosexual homofobo eta andre matxistarik ere. Aukeran nik Aimery Picaud irakurri nahiago: latinak prestigiotxoa ematen du beti, ezta? “Lingua barbara… Haec est gens barbara, omnibus gentibus dissimilis ritibus et essentia, malitia plena, colore atra, visu iniqua, prava, perversa, perfida, fide vacua et corrupta, libidinosa, ebriosa, omni violentia docta, ferox et sylvestris, improba ete reproba…” Aramburu jaunaren uste ustelak ez dira sakonagoak, Picaud-en garaitik hona aldagai bakarra euskaldun salbajeen elizkoikeria izango da beharbada, baina horretan ere ez da oso orijinala izan, ze badakizue, ETA nació en un seminario. Oso aspaldi ez dela Txillardegik esan zuen ETAren mutisak beste “fronte” batzuetara ekar lezakeela lisitilloen arreta: hizkuntza eta kultura, esaterako. Morroi horren esanak, eta batez ere “El diario global en español” delakoan argitaratu izanak, baietz pentsarazten du…

  • P.D. Zerrendan falta dira Andu Lertxundiren “Zorion perfektua” eta “Etxeko hautsa”. “Ugerra eta kedarra” ez da Edorta Jimenezena, Sonia Gonzalezena baizik; bestalde, “Azken Fusila” (hau bai Jimenezena), gogoan daukadanaren arabera, esango nuke lotuago dagoela gerra ondoko kontuei, baina tira, aspaldi batean irakurri nuen.

  • Markos Zapiainen zerrendatik “Ni naizen hori” (1992, Karlos Gorrindo) falta da, gutxienez. Aparte, lehen begi kolpean Juan Kruz Igerabide sumatzen dut faltan: “Hauts bihurtu zineten” (2005) eta “Elurra sutan” (2009). Anjel Lertxundiren azkena ere (“Etxeko hautsa” 2011), oraindik ez dut irakurri, baina sartzekoa da, naski.

    Gainerakoan, eta oro har, ados nago zurekin, Hasier. Distantziaren kontuan, Literaturan bertan badago leku nahikoa eta sobera, distantzia hartu nahi bada, liburu bat idazterakoan. Gatazka bere osotasunean hartu eta argitzeko asmo potoloa ez duzun bitartean, bistan da. Horretarako bai beharko da denbora luzea, perspektiba zabala, eta espediente ezkutu asko desklasifikatzea.

    Azkenik, “distantzia hurbiletan” mugitzea ere eskertzen da, tarteka. Esku eta bihotz zabaltasunez egiten denean. Pertsonalki, ez zait errez ahaztuko duela 6-8 urte, Miarritzen, UEUko “Euskal literatura eta gatazka” ikastaroan eman zenigun “lezio majistrala”. Hunkigarri eta aberasgarria izan zen, benetan.

  • Mikel Antzaren “Ospitalekoak” ere zerrenda horretan sar liteke.

  • Kopurua borobiltzeko, Felipe Juaristi, “Ez da gaua begietara etortzen” (2007), adibidez. Eta zerrenda luzatzen segitzeko pista gisa, Xabier Amuriza, bere “Hil ala bizi” (1983) hartatik hasita.

    Atrebentziaz, eta nire aurreko komentarioarekin lotuz, distantzia dela eta ez dela (espazioan zein denboran). Literatur ikuspuntu batetik begiratuta, zenbat eta luzeagoa zerrenda, eta baxuagoa ote kalitate maila (bataz besteko hipotetiko bat)? Altuagoa ote, denboran aurrera egin ahala? Zerrenda horretatik zenbat titulu dira Euskal Literaturaren “urrezko orrietara” pasatzeko modukoak? Edo bestela: zenbatek gainditu(ko) dute denboraren iragazkia?

    Kontu hutsala dirudi, agian, baina hona iritsi nahi nuen: euskal gatazkari buruz erdaraz idatzi diren eleberrien artean badago bakarren bat, literarioki nabarmendu dena, erdal letren markoan? Esperatzekoa ote da, bestela, etorkizun hurbil edo ertain batean? Batez ere -denok espero bezala- aurrera egiten badugu bake bidean, elkarbizitzan, elkar ezagutzan…

  • Aranbarriren Emon biar yako erantsiko nuke nik, “gatazkaren” hasieran girotua, 60ko hamarkadan.

  • “Berandu da gelditzeko”, Unai Iturriagarena.

  • esperanza saiz agirre 2011-12-15 10:38

    “Lasto sua” Aingeru Epsltzarena
    “Baina Bihotzak dio” Xabier Montoia
    “Bizia lo” Jokin Muñoz
    “Golgota” Xabier Montoia
    “Kolosala izango da” J.Sarrionaindia
    “Ainhoari gutunak “J. Sarrionaindia
    “aulki-jokoa” Uxue Alberdi
    “Gerezi denbora” Inaxio Mujika Iraola
    eta abar eta abar….

  • esperanza saiz agirre 2011-12-15 10:41

    “Gasteizko hondartzak” X Montoia
    “Handik gutxira guar” Eider Rodrigez
    Hala Gerra zibilaren gertaerak ez dira euskal gatazkaren osagarrian izan?, eta beste mila

  • esperanza saiz agirre 2011-12-15 10:42

    Eulien bazka”Hasier Etxeberiarena

  • Gaia nolabait mugatu beharra dago, Esperanza (hasiera bat, bukaera bat ahal bada, izen bat, “gatazka” bezain zehazgabea bada ere…). Eta “eleberriak” bakarrik sartzen ari ginen zerrendan, erreferentzia gisa. Bestela neurrigabe luzatuko zen.
    Eta oraindik badaude hutsuneak. Joan Mari Irigoien bera, “Udazkenaren balkoitik” (1986) hartatik hasita. Aspaldi irakurri nuen, eta agian ez zen bete-betean “gatazkan” murgiltzen, baina uste dut sartzekoa dela.

    • esperanza saiz agirre 2011-12-21 11:34

      Bada, nik uste dut euskal “gatazka XIX:mendean bertan hasi zela karlistadetan eta gaur egun ere ez dela amaitu.Beraz nik onartuko nituzke Guda Zibilari buruz aritzen diren liburu guztiak, esaterako

      • “Distantzia” kontua nabarmenduko nuke nik, berriz ere. Idazle batentzat, ez da arazo bera distantzia bat bilatzea (gaiaren erresonantziak hurbilegi sentitzean), irakurleari bere lekua ez jateko. Edo distantzia nolabait murriztu behar izatea (oihartzunak urrunegi sumatzean), irakurlearengana hurbiltzeko. Konparaziora -zineman eta distantzia arloetan- oso bestelakoak ziren Medemek zituen erronkak “Behiak” edo “Euskal pilota” filmetan.

        Horregatik esan dut ez dudala esperantza handirik, epe labur edo ertainean, erdal literatur mundutik liburu gogoangarri bat iritsiko zaigunik, gai honetaz. “Gatazka” edo “gauza” ez da amaitu, egia. Baina -benetan- konponbidean baldin bagabiltza, eta aurrera egin ahala, nago euskal idazleen bihotzetan geratuko dela erantzun literario pendiente horiek emateko beharra eta gogoa.

        Ez nuke aztikerietara jolastu nahiko, baina zinez, ez dut Julio Medemen edo Jaime Rosalesen (“Tiro bat buruan”) neurriko ahalegin askoz gehiago espero. Literaturan -nire ezjakintasunetik- Sanchez Ostizen “Las pirañas” (1992) aparta baino ez dut gogoan. Nahiz eta hor “euskal gatazka” osagai bat gehiago baino ez zen, Iruñeko saltsa lodi eta kiratsan.

  • Badaezpada ere, zerrenda itxita ez badago, “ETAko buruzagi” (2010, Aitor Arana)

  • Ai, barkatu! Agian ez dira Konstantzako zerrendan joango. Eta, nire ustez, zerrendan sartzekoak lirateke, “gatazka darabilten eleberriak” izaki. Baina hobe berandu, inoiz ez baino. “Bigarren haurra” (2002, Patxi Ezkiaga) eta “Koadro isila” (2003, Xabier Etxaniz Rojo)

  • Intrigazko nobela ederra, aldi berean biografikoa dena:
    Mentxakaren aitorpena, J.R. Goikoetxea “Ardotxi” zenarena. Elkarrek argitaratua, 2006an. Webgunea ere badauka: http://agurmentxaka.info/

    Horren haritik, biografien generoa aipatu gabe geratu da. Titulu asko, seguruenik. Nor animatuko da horrelako beste zerrenda bat egitera? Mereziko luke, nire ustez…

  • Bi proposamen gehiago zerrendarako: Luis Haranburu Altuna, “Kandido, edo Euskadi independientearen ukronia” (2002) eta Joxe Belmonte “Marina Suredaren amets urratuak” (2009)

  • Azkena: Txema Arinas, “Borreroak baditu mila aurpegi” (2011)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude