Ondarroako portua garbitzeko proposamen zehatzak

portu2Eguzki Talde Ekologistak Ondarroako Portuko isurketekin amaitzeko neurri zehatzak eskatu dizkie Portu Zuzendaritzari eta Sustapen Ministerioari

Urte asko daramatzagu Ondarroako portuko uretan egoten den zikina salatzen. Duela urte batzuk, ehundaka sinadura batu genituen herrian, portua garbi mantentzeko eskatzen zutenak.

Ahalegin horiek guztiak eginda ere, gaur da eguna Ondarroako portuan ura zikinduta agertzen dena, eguna joan eta eguna etorri.

Behin baino gehiagotan egon gara itsas komandantziako ordezkariarekin, eta portua garbi mantentzeko eman diren pausuak azaldu izan dizkigu. Aurrerapausoak eman dira bai legalki eta baita jardueren aldetik ere, eta komandantziako ordezkariaren borondatea ere ona da.

Baina, hala ere, portuko urek zikinduta jarraitzen dute. Gure ustez hau bi arrazoirengatik gertatzen da: bata, ez delako bitarteko ekonomiko eta pertsonal nahikorik ipintzen isurketak zaintzeko. Bestetik, legeetan aurreikusten diren neurriak ez direlako nahikoak.

Horregatik, erakunde horiei neurri konkretu hauek ezartzeko eskatzen diogu:

  • Itsasontzi batek gasoila hartu behar duenean, portuan lanean dauden zaindariak bertan egotea, zaintzen.
  • Itsasontziek gasoila hartzeko erabiltzen dituzten mangerek topeak edukitzea, itsasontziko gasoil tankea betetzean denean gasoilak gainez egin ez dezan eta uretara eror ez dadin.
  • Portuan kokatuta dagoen desguazeari tanke itxi bat egitea, gaur egun han sortzen diren zikinak zuzenean uretara joaten dira eta.
  • Portuan agertzen diren isurietan laginak hartu eta aztertzea, isuritakoa zer den eta nondik etor daitekeen jakiteko.

Neurri hauen baliogarritasuna neurtu ahala, beste neurri batzuk hartzen joan beharko gara, historikoa bihurtu den arazo hau konpontzeko. Hori lortuz gero, herritarren osasunak eskertuko luke, eta portuaren irudia ere hobetuko litzateke.

Neurriok hartzeko bitarteko ekonomiko eta pertsonal guztiak ipiniko dituztela espero dugu. Guk horretarako lanean jarraituko dugu