Ez galdu Durangoko Azokako 56. edizioko spota!

Ez galdu Durangoko Azokako 56. edizioko spota! –

“BaDA!” leloarekin hitz-jolasa egiten du aurtengo Azokako iragarkiak.

Horrez gain, Durangoko Azokak “portaDA!” erronka antolatu du Euskal Herriko ikastetxeentzat. Azaroaren 30ean amaituko da parte hartzeko epea.

 “Badu? baDA!” Horrela hasten da Durangoko Azokako edizio honetako spota. Aurtengo leloarekin hitz-jolasa egiten du iragarkian agertzen den protagonistak, Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak gorpuzten duenak.

Spota Durangoko Landako Gunean grabatu da: hutsik agertzen da pabiloia, baina abenduaren 4tik aurrera berriro ere beteta ikusi ahal izango dugu, 220 erakusmahai baino gehiagorekin. Iragarkiak edizio honetako Leire Urbeltzen “Desipuindegia” kartelari ere keinu egiten dio protagonistaren bidez, eta kulturaren plaza osatzen duten adierazpide ezberdinak agertzen dira. Hogei segundoko iraupena duen erritmo biziko bideo hau Sorland eta Filmak enpresek sortu eta ekoiztu dute.

.

PortaDA! lehiaketa martxan

Hilabete baino gutxiago falta da Durangoko Azoka hasteko, eta kulturaren plazak edizio honetako ezaugarri nagusiak aurkezten jarraitzen du. Aurten ez da Ikasle Goizarik antolatuko Azokako lehenengo egunean (abenduaren 3an online denda martxan jarriko da, baina ez da aurrez aurreko Azokarik egongo). Hala ere, ikastetxeei begira, Azokak lehiaketa bat antolatu du LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat: portaDA! erronka.

Ikasleek euren sormena garatu beharko dute euskarazko liburu edo disko baten azala hartuta, eta eurekin argazki sortzaile bat ateraz, objektu bat edo euren gorputzeko atal bat erabilita, portada osatuz. Parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da, eta irabazleek oso sari bereziak jasoko dituzte: DBH eta Batxilergokoek Huntza taldearen bisita eta kontzertu egokitua ikastetxean eta LH-koek “Iratxoen kantu sekretuak” emanaldi berezia. Oinarri zehatzak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke.

.

DA! PRO euskarazko kultur sortzaileentzat topagune profesionala

Horrez gain, DA! PRO egitasmoan izena emateko epea ere irekita dago, azaroaren 11ra arte. Aurten Azokako profesionalentzako guneak lau eguneko egitaraua izango du, eta musikaz gain beste diziplina batzuk ere landuko ditu. Sortzaileek azaroaren 11ra arte izango dute tartea bertan euren proiektuak aurkezteko (musika eta familia-ikuskizunekin lotuta). Horrez gain, programatzaileek ere izena emateko epea zabalik dute.

Abenduaren 3an “Literaturatik zinemara, zer behar du lan literario batek ikus-entzunezko bihurtzeko?” mahaingurua egongo da DA! PRO egitasmoaren baitan, hainbat parte-hartzailerekin: Unai Elorriaga idazlea, Aizpea Goenaga zuzendaria, Joanes Urkixo gidoilaria, Ander Barinaga ekoizlea, Gaizka Izagirre kazetari eta zinezalea… Bertara joateko ere beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez.

DA! PRO sortzaileentzako topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak

Aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu Durangoko Azokako 56. edizioak, “baDA!” lelopean

Ez galdu Durangoko Azokako 56. edizioko spota!Ez galdu Durangoko Azokako 56. edizioko spota!

Durangaldea lan esparru duen elkartea gara, baina Euskal Herri osora zabaldu eta hedatzen diren ekimenak ere tarteka burutzen ditugu. Adibiderik, garbiena, Durangoko Azoka bera da. 1965. urtean sortu zen elkartea, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizana ikusi zutelako eta gertuko ondare historikoa zein kulturala - galduta zegoena - berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinistuta.

Zer duzu buruan “Ez galdu Durangoko Azokako 56. edizioko spota!”-ri buruz

  • Oso modernoak garela demostratzeko desio akonplejatuak jende erridikulo eta patetiko bihurtu ditu euskaldungoa.