Aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu Durangoko Azokako 56. edizioak, “baDA!” lelopean

Aurrez aurreko 220 stand eta online denda Durangoko Azokako 56. edizioak, “baDA!” –

  • Leire Urbeltz sortzaile iruindarra da aurtengo kartelaren egilea. “Desipuindegia” izenburupean, Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, garai horretako irudien “revivalismoa” eginez.
  • Abenduaren 3tik 8ra izango da 56. edizioa: online denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra, eta aurrez aurreko erakusmahaiak Landakon abenduaren 4tik 8ra.

“Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA!”. Hala iragarri du Gerediagako presidente Nerea Mujikak gaur Durangoko Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Durangoko Azokako 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra antolatuko da “baDA!” lelopean, eta aurrez aurreko salmenta eta online denda uztartuko ditu. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra, eta online denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra durangokoazoka.eus webgunean. Azoka presentziala eta digitala izango da aurten, beraz.

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, edizio honetan “itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!”. Landakoguneak biltegi izateari utziko dio eta bizia hartuko du 56. edizio honetan berriro ere, aurrez aurreko 220 erakusmahairekin, 152 partehartzaileren eskutik. Azokako antolatzaileek adierazi dutenez, Landakoguneak izango duen aforoa eta Azoka bisitatzeko osasun-neurriak zeintzuk izango diren aurrerago zehaztuko dira.

Durangoko Azokako 56. edizioak baDA!Mujikak eskerrak eman nahi izan dizkie izena eman duten argitaletxe, diskoetxe, eragile eta autoekoizleei: “Badakigu askorentzat une zailak direla eta datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderez beteta daudela. Eta hala ere Azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute. Eskerrik asko Durangoko Azokan sinesteagatik”.

Aurrez aurreko salmentaz gain, bigarren urtez Azokak online denda izango du bere webgunean. Bertan erosi ahal izango dira Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak… “Iazko esperientziari jarraipena emanez, norberaren etxetik Azokaz gozatzeko aukera ere izango da, eta Azokako produktuak online dendan eskuragarri egongo dira”.

Egitarauari dagokionez, Azokak aurrez aurreko jarduerak ere izango ditu abenduaren 4tik 8ra, gune eta diziplina ezberdinetan. Horrez gain, Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak eta Ahotseneako zuzenekoak ere jarraitu ahal izango dira durangokoazoka.eus webgunean. Urriaren 8an irekiko da epea kultur sortzaileentzat Azokako egitarauan parte hartzeko proposamenak bidaltzeko, gune ezberdinetarako. Bere 56 urteko ibilbidean Azokak garai ezberdinetara egokitzeko gaitasuna izan duela gogoratu du Gerediaga elkarteko presidenteak, osasun-krisia barne. Aurtengo edizioa ere erronkatzat jo du: “Erronkaz beterik dator aurtengo Azoka. Ezinbestekoa izango da denon indarra eta konpromisoa: erakundeak, herri-mugimendua, sortzaileak, banatzaileak eta baita kulturzaleena ere”.

Gaur Landako gunean antolatutako aurkezpenean, Gerediaga eta Azokako guneetako arduradunekin batera, bertan egon dira Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Begoña De Ibarra (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria), Mikel Arregi (Nafarroako Euskarabideako zuzendari kudeatzailea) eta BBK, Euskaltel eta Eroskiko ordezkariak.

Leire Urbeltzen “desipuindegia”, aurtengo kartela

Leire Urbeltz “desipuindegia”

Prentsaurrekoan aurtengo edizioko nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, 56. Azokako kartela ere aurkeztu da. Egilea Leire Urbeltz (Iruñea, 1985) sortzailea da, eta aitortu duenez, “ohore handia” izan da berarentzat kulturaren plazako irudia egitea: “Ilusio handia egiten dit, baina ardura handia sentitzen dut ere, Azokak duen garrantziagatik”.

Sortzaile iruindarrak “Desipuindegia” izeneko lana sortu du Azokako 56. edizioarentzat. Kartel koloretsu honetan, Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, baina gaur egunera ekarrita, “erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. Irudi moderno eta gaurkotuarekin, kartelean kulturaren plaza osatzen duten elementu ezberdinak topa daitezke (biniloak, liburuak…), “Kili Kuir” izeneko pertsonaiekin batera eta Anbotoko magalean. Egileak 60. hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du, Durangoko Azokako lehenengo edizioena, alegia, “revivalismo” ariketa eginez. Urbeltzek Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren lizentziatura eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasi zituen, eta ondoren Bartzelonan eta Madrilen eman zien jarraipena ikasketei. Bere lanak Seul, Juarez, Pekin eta Estatu Batuetan egon dira ikusgai, eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroan lanean ibili da zazpi urtez. Egun, sormen lana uztartzen du bitartekaritza eta hezkuntza lanekin Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Durangoko Azokako 56. edizioak baDA!

Durangaldea lan esparru duen elkartea gara, baina Euskal Herri osora zabaldu eta hedatzen diren ekimenak ere tarteka burutzen ditugu. Adibiderik, garbiena, Durangoko Azoka bera da. 1965. urtean sortu zen elkartea, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizana ikusi zutelako eta gertuko ondare historikoa zein kulturala - galduta zegoena - berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinistuta.