Euskaldunen animismoa eta euskara

Euskaldunen animismoa eta euskara –

Garai zahar-zaharretan, Paleolito deitzen dugun aro urrunean, izadia eta izadiaren agerpenak sakratutzat hartzen zituzten. Iturriak, euria, hodeiak, ortzadarra, lurra, zuhaitzak eta oihanak, mendiak, errekak eta ibaiak…. sakratuak ziren orduko gizakientzat. Honi naturalismoa deitzen zaio. Bigarren momentu batean, sakratutzat hartzen zituzten naturako elementu horietan bazela indar edo gogo bizidun bat pentsatu zuten, hau da, horien baitan numen, jeinu edota jainko-jainkosak zirela gogoetatu zuten. Bigarren urrats honi animismoa deitzen zaio. Hainbat adituren ustez, naturalismoa indarrean izan zen Paleolito osoan, eta Neolitoan, nekazaritza eta bizitoki finkoak zabaldu zirelarik, animismoa sortu zen.

Euskaldunen animismoa eta euskara

Animismoarekin batera lehen mitoak sortu ziren, eta horixe izan zen euskal mitoaren jaiotze garaia. Animismoaren ustez, naturako elementu guztietan, mendi zein lautadetan, zuhaitz zein oihanetan, animalia zein pertsonetan, iturri zein erreketan, hau da, izadia osatzen duten osagai guzti-guztietan bada bizi-indar bat, euskaldun zaharrek gogoa deitu zutena. Horietako asko izen bereziez bataiatu zituzten: Mari, Hodei, Basajaun, Eate, Sugaar, Ostots….

Animismoaren ustez, izaki guztiok bi zatiz osaturik gaude: gorputza eta gogoa. Gorputza hilkorra da, gogoa, berriz, hilezkorra. Gure arbaso zaharren ustetan, gorputza hiltzean, gogoa lotura guztietatik libratzen omen zen eta etxeko erleek gidaturik, ortzadarreko bidea hartzen zuten ilargira joateko. Ilargitik, berriz, gure gogoa lurrera itzultzen zen eta, beste izaki baten barruan sarturik, beste bizitza bati ekiten zion. Eta horrela betidanik eta betirako. Arrisku bakarra ortzadarreko bidean ezkutarik eta zelatan egoten ziren indar ezkorrak ziren. Hauek gure gogoak harrapatuz gero, bahiturik gelditzen ziren, gogo erratu gisa. Hori ez zedin gerta, etxeko erleen laguntza ezinbestekoa zen, ortzadarreko bidea ederki ezagutzen baitzuten. Erleak, bistan da, sakratuak ziren, eta berorika mintzatu behar zitzaien. Etxean inor hiltzen bazen, lehen berri erleei eman behar zitzaien:

Erle Andereak, Etxeko Jauna hil da!

Euskaldunon ikuskera edo kosmogonia biziki zaharra da, Paleolitotik datorkiguna, eta haren iturburua duela 35.000 urte inguru hasi zen isurtzen. Ordutik hona gauzak garatu eta aldatu dira, prefosta. Hastapenetako mito haiek izenez, janzkeraz, mezuz eta doinuaz aldatuz joan ziren, aroz aro, mendez mende. Eta euskara izan da euskaldunen kosmogoniaren euskarririk handiena. Euskara izan da beti euskaldunok mundua interpretatzeko eta gure barne gogoetak kanporatzeko izan dugun tresnarik zehatzen eta egokiena.

Gaur, dotrina erlijioso eta materialista berrien menpe bizi garelarik, gogoeta naturalista-animista zahar haiek arrunt ahantziak ditugu, tamalez.

Hala eta guztiz ere, euskararen baitan badira oraindik garai zahar haien berri ematen diguten esamoldeak. Ikus dezagun hainbat adibide:

Ari izan aditza erabiltzen dugunean, ondoan jartzen diogun aditz laguntzaileak beti Nor edo Nor-Nori egituretakoa izan behar du.  Adibidez: Bazkaltzen ari gara, erortzen ari zaio, kantatzen ari nintzen… Bada, berriz, salbuespena fenomeno atmosferikoekin, kasu horietan Nor-Nork edota Nor-Nori-Nork egituretako aditz laguntzailea ezartzen baitugu. Hau da, aditz pasibo batetik aditz aktibo batera iragaten gara. Adibidez: Euria ari du, elurra ari du… Badirudi, hemen, badela subjektu eliptiko edo ezkutu bat, aipatzen ez dena, baina agerian daukaguna. Eta subjektu ezkutu hori Egu edo Ortzi litzateke, euskal natura osoa bere gain hartzen duen dibinitate zaharra. Beraz, horrela litzateke: Eguk edo Ortzik euria ari du,

Eguk edo Ortzik elurra ari du eta abar.

Naturako fenomeno atmosferikoez ari garenean, biziki zabalduta dago aditz iragankor edo aktiboak erabiltzeko joera. Ikus dezagun. Hamar egun daramazki atertu gabe. Lehen zaparrada ederra bota du. Euria dakar. Ekaitza dakar. Eguraldi txarra dakar. Euria hasi du. Tximista bota du. Kazkabarra bota du. Ortzantza urtuki digu. Horrelakoak guztiz ohikoak dira gure artean.

Izaera egile edo aktibo hori bestelako esamoldetan ere agertzen zaigu: Loak hartu nau. Lokarturik nago –loak harturik nago-, Suak etxea hartu du, Mikeltxo ibaiak hil zuen, Marinelak itsasoak eraman zituen, Beroak –harturik- nago, Hotzak –harturik- nago, Iduzkik bazterrak ditu berotu, Egun on! Halan ekarri!

Badirudi  Egu / Ortzi ez dela subjektu egile bakarra, ainitzetan bestelako pertsonaia mitikoek ere parte hartzen baitute: Sugaarrek baserria erre du, Ingumak gure umea eraman du lotan zegoela, Behigorrik Zelaibeltzetako oihana erre zuen, Eatek itsasontziaren oihalak ufatu zituen, Majuk txingorra bota zigun, Ostotsek trumoiaren etorreraren berri eman zien… eta abar.

Euskara da gure arbasoak euskaldun bilakatu zituena, eta gu ere euskaldun egiten gaituena. Lehenagokoa da euskara euskalduna baino. Euskarak atxikitzen ditu bere baitan euskaldunen gogoetak, nahiak, penak eta desirak. Euskarak moldatzen gaitu une oroz. Animismoa urrun samarra dugun une hauetan, euskara da gure oroitzapen zaharren berma. Eta gure izate berezi horrek iraunen du euskarak diraueino. Luzaz izan bedi!

Euskaldunen animismoa eta euskara
Euskaldunen animismoa eta euskara
Euskaldunen animismoa eta euskara

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Euskaldunen animismoa eta euskara”-ri buruz

  • “Ortzantza urtuki digu. Horrelakoak guztiz ohikoak dira gure artean.” bezalako baieztapenak interneten baieztatzen saiatu naizenean, Joseba Aurkenerenak artikulu hau 2017ko urtarrilean lehendabizikoz argitaratu zuela ikusi dut: https://kazeta.naiz.eus/eu/info_kz/20170118/euskaldunen-animismoa-eta-euskara

    euskalmitologia.com webgunea ere 2017ko urtarriletik ez da eguneratu.

  • Joseba Aurkenerena 2019-04-15 19:20

    Bai Txopi, Lapurdin bizi naiz eta Iparraldeko kazeta.eus izeneko agerkari digitalean, tarteka, hainbat artikulu plazaratzen dut. Hau 2017ko urtarrilean plazaratu nuen aipatu hedabidean.
    Euskal mitologia webgunea ezagutzen dut, baina ez du zer ikusirik nirekin.
    Adiskidetasunez agurtzen zaitut.