Zulo beltz bat ikusi dut!

Zulo beltz bat ikusi dut! –

Naiara Barrado eta Itziar Garatek, EHUko Fisikako irakasle eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidek, Zientzia Kaieran.

Apirilaren 10ean Event Horizon Telescope (EHT) teleskopio sareak zientziaren historiako gertakari garrantzitsu baten berri eman zuen: zulo beltz baten lehenengo argazkia ezagutarazi zuen. Hau da zulo beltzen existentziaren lehen froga zuzena.

Hasiera batean zurrumurruek esaten zuten agian bi zulo beltzen argazkiak erakutsiko zizkigutela: bat, M87 galaxiaren erdigunean dagoena eta bestea, Esne Bidean. Lehenengoa Lurretik 50 milioi argi urtetara dago eta Eguzkiak baino 6 mila milioi masa handiagoa du. Bigarrena 26 mila argi urtetara dago eta 4 milioi eguzki-masaduna da. Azkenean bakarra erakutsi digute, M87 galaxian dagoena. Agian, hilabete batzuk barru gai izango dira ere gure galaxiaren zulo beltzaren argazkia erakusteko. Behatu, biak behatu zituzten 2017ko apirilean, baina bi urteko lana behar izan da datuak prozesatu eta ezagutzen dugun argazkia plazaratzeko. Hala ere, egindako lana bi urte baino gehiagokoa da. Datuak jaso aurretik ere zereginak izan baitzituzten proiektua aurrera ateratzeko.

Zulo beltz bat ikusi dut!
M87 galaxiako zulo beltzaren lehenengo argazkia (EHT).

Event Horizon Telescope (EHT) mundu osoan zehar sakabanatutako 8 irrati teleskopioen mundu mailako sarea da: ALMA eta APEX (Txilen), JCMT eta SMA (Hawaiin), SPT (Hego Poloan), SMT (Arizonan), LMT (Mexikon) eta PV (Granadan). Teleskopio guztiak sinkronizatuz eta lurraren errotazioa baliatuz, Lurraren tamaina izango lukeen teleskopio birtual bat eraikitzea lortzen da. Ondorioz, bereizmen aparta lortzen da. Datu aproposak lortu ahal izateko, ordea, toki guztietan egon behar dira baldintza klimatiko onak. Horrez gain, sinkronizazio maila altua behar da teleskopioen artean, erloju atomikoak erabiliz lortzen dena. Horretarako nazioarteko elkarlana ezin bestekoa izan da.

Zulo beltz bat ikusi dut!
Event Horizon Telescope (EHT) sarea osatzen duten teleskopioak (EHT).

Proiektu honen behaketak, lan teknikoa eta azterketa teorikoa aurrera ateratzeko hamarkadak behar izan dira. Baita 40 herrialderen kolaborazioa eta 200 ikertzaile baino gehiagoren lana. Gizartearentzako eredu bat izan dadila zientzia, guztiok elkarrekin lan egiten dugunean gauza izugarriak lor daitezkeela erakusteko.

.

Nola behatu ikusten ez den zerbait?

Definizioz zulo beltza, beltza da, ez du argirik igortzen, beraz ezin diogu argazkirik atera. Zorionez, galaxien zentroko zulo beltzak materiaz inguratuta daude, eta hori da, hain zuzen ere, zulo beltzen argazkiak ateratzea ahalbidetzen duena. Beraz, ezin dugu zulo beltza bera ikusi, ikusten duguna bere itzala da, materiaz eta argi fotoiez inguratuta. Itzala eta materiaren arteko mugari gertakarien horizontea deritzo. Muga esferiko bat da, itzulera gabeko puntua. Zulo beltzaren grabitatea hain handia izanik, ez argiak ez materiak ezin dute ihes egin muga horretatik kanpo, eta, beraz, ezin dugu barruko informaziorik jaso.

Zulo beltzaren argazkitik eta simulazio teorikoen konparaziotik informazio ugari lor dezakete adituek. Esaterako, zulo beltzak erlojuaren orratzen noranzkoan biratzen duela. Horrez gain, lortutako irudia garrantzitsua da ere zulo beltzaren jet erlatibistari[1] buruzko datu berriak ezagutzeko.

.

Zergatik da hain garrantzitsua argazki hau?

Orain arte genituen zulo beltzen existentziaren frogak zeharkakoak ziren, zuloen eragin grabitatorioan oinarritutakoak. Baina orain froga zuzen bat daukagu. Orain arte soilik zientzia teorikoa zena zientzia esperimental bilakatu da.

.

Oharrak:
[1] Jet erlatibista: Zulo beltzek izarrak irensten dituztenean, partikula eta erradiazio jetak kanporatuak izaten dira argiaren abiaduraren gertuko abiaduratan.
Zulo beltz bat ikusi dut! Zulo beltz bat ikusi dut! Zulo beltz bat ikusi dut! Zulo beltz bat ikusi dut!
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Zulo beltz bat ikusi dut!”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-04-14 12:01

    Jet erlatibista horiek zulo beltzatik kanporatzen direla irakurri dut hemen eta beste toki gehiagotan. Hori horrela da? Baina zulo beltzaren barnetik ezerk ezin duela ihes egin esaten da… Jet horiek zulo beltzatik irteten dira ala gertakarien horizontetik kanporantz dagoen materiaz osatutakoa da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude