Euskal akulturazioa

Euskal akulturazioa –

Euskal akulturazioaBetitik pentsatu izan dut “akulturizazioa” terminoa bazela, eta gaztelaniaz “aculturización” zela, baina oker ibili naiz, antza. Euskal Wikipediara jota, izan ere, erraz topatu dut “akulturazio” kontzeptua; gaztelaniazko “aculturación” delakoa. Eta, labur esanda, zera esan nahi du akulturazioak: “Gizaki bat edo giza talde bat, berezko kultura (gutxitua edo menderatua) galduta, beste kultura (nagusiago edo menderatzaile) batez jabetzea da akulturazioa; hots, kultura menderatua edo gutxitua dutenak kultura menderatzailera edo nagusira egokitzea, horren eragile behinenetako bat kolonizazioa izanik”.

Bada, Wikipediako definizio biak irakurrita, bistakoa da biotako zein den lehenagokoa, zein datorren zeinetatik, zein den sortua eta zein itzulia. Hots, zein den hizkuntza menderatzailea eta zein menderatua; akulturatzailea eta akulturatua, bestela esanda.

Bada, esango nuke euskal akulturazioa abian dela aspalditik, eta berori agerikoa dela gizartearen arlo gehientsuenetan (guztietan ez esatearren). Euskaradunok, esaterako, euskaldun izanda edo gabe, egunerokoan pairatzen dugun kontua da akulturazioa, eta, hein handi batean, aktiboki esku hartzen aritzen gara akulturatze prozesuan, egunean-egunean, eskuzabaltasunez esku hartuta, gainera. Bestela, eman dezagun begiratua gure ingurura egun arrunt batean, eta kontura gaitezen erdarak eta erdal kulturak azpiratuta, xurgatuta, janda bizi garela eguneko ordu askotan zehar, egunero.

Nabarmena da, kasu, zer hedabide hautatzen dugun informatzeko, entretenitzeko edo komunikatzeko. Nonbait irakurria dudanez, telebista-katerik ikusienak ei dira, Hego euskal Herrian, Espainiako Telecinco edota LaSexta, eta beste horrenbeste gertatuko da, nik uste, Iparraldean Frantziako kateekin; era berean, diotenez, Radio Euskadi entzuten dugu gehien irratietan, edo Onda Vasca; El Correo-Diario Vasco, Deia edota Gara irakurtzen dugu batez ere egunkarien artetik; Interneteko nabigatzailea bera erdaraz daukagu gehienok, eta, zer esanik ez, erdarazko webguneetan sartzen gara gehienetan; Whatsapp erabiltzen dugu gehienbat, nahiz eta euskaraz konfiguratzeko aukerarik eman ez, Telegramek (ez) bezala. Eta abar.

Zirkunstantzia horrek, ohitura horiek guztiek, zalantzarik gabe, eragin ukaezina dute akulturazioa gauzatzean, uneoroko arrastoa uzten baitigute hizkuntz portaeran ere, dela lanean, lagunartean edota familiaren baitan ere bai. Gero eta erdara gehiago entzuten da euskaldu(nen) aho(e)tatik eta, euskaraz aritzean ere, gero eta erdal lexiko gehiago ekartzen dugu euskarara. Kultur erreferentziatzat jotzen ditugu erdal kulturarenak, estatu frantses eta espainiarreko lekuak, ohiturak, aktoreak, ardoak eta abar bertokotzat emanez, geureak bailiran.

Eta euskal akulturazioa gauzatzen ari den honetan, geure buruari galdetu beharko genioke zertan ari garen, zer egiten dugun: aurre egin eta, nolabait esatearren, geure burua defendatu, ala kezka handirik gabe erdal kultura eta hizkuntzetara egokitzen ari gara, eroso, gustura eta geure eginez? Euskaldun bakoitzak erantzun diezaiola galdera horri, nahi duen hizkuntzan erantzun ere.

Kontua da oraintsu irakurri ditudala Harkaitz Canoren honako hitzok: “Iruditzen zait kolonizaturik bizi garela, kulturalki kolonizaturik, eta gainera gustura gaudela kulturalki kolonizaturik, baina ez gaude prest onartzeko gustura gaudela kulturalki kolonizaturik”. Eta, atoan, zera pentsatu dut, erabat ados nagoela Harkaitzekin: euska(ra)(l)dunok akulturatuta gaude, erdaraz bizi gara, gustura asko, eta geuk zokoratzen dugu euskara, baina ez gaude prest onartzeko oso gustura bizi garela erdaraz, akulturatuta. Horixe da nire erantzuna.

Euskal akulturazioa Euskal akulturazioa

2 pentsamendu “Euskal akulturazioa”-ri buruz

  • Egiak goitik behera eta alderik alde.
    Egia Canok dioena, eta egia zeure erantzuna ere.
    Eta bitxia oso, euskalgintzan oro har, inor gutxik aipatzen dituen gaiak direla hizkuntza ordezkapena, menpekotasuna, arduragabekeria politikoa, akulturazioa, elebitasun faltsua, euskaldunen bazterketa, eta oro har gure egoera ondoen definitzen duten kontzeptuak.
    Oro har, euskalgintzan ere, gure erosotasun-eremua aurkitu dugulako askok eta askok, lanbidea, soldata duina (edo ez hainbeste), eta amigo… zer da hizkuntzaren edota herriaren bilakaera, lanpostuaren egon(h)ortasunaren aldean?
    Lehenengo zopia, eta gero ere zopia… eta hor konpon pilosopia.

  • Benat Castorene 2019-03-07 21:48

    Euskalgintzan erosotasunaren eragina sendi dela ba araiz, baina arlo gehiagotan ere, euskal hedabideetan, eta, euskal erakunde politikoetaraino. Iduri du ixiltasunaren konspirazio orokor batean bizi garela.
    Erran nezake gure aldean are nabarmenagoa dela bestean baino. da. Zergaitik ?
    Madrideko botereari begira autonomia alde batetik transmisio korrea da, bainan bestetik pundu jakin batetaraino babes murrua da ere. Adibidez, harek du soldataren ardura eta aitortu behar da harek horrek emaiten digula egoera kritikatzeko beldur gutiago.
    Hemen aldiz,nun ez den den mendreneko autonomiarik, babes murrurik,erlatiborik ere ezdago. Parisek du zuzenean soldata ordaintzen.
    Horrengatik, hemen euskararen egoeraren kritika erradikala urriago da eta ez da nekezago adituko dugu Kano, Odriozola edo JJ Aguirre bezalakorik.
    Jarrita gauden adaska segatzeko arriskua haundiegia da eta