Du – da

 

Maialen Akizuk Berria egunkarian.

Du - daDu eta da erraz trukatu daitezke. Izatetik ukaitera gero eta alde gutxiago dago, garena dugunarekin definitzen dugu askotan, eta dugunak garenaren antza izaten du sarri. Durangoko Azokaren bueltan ere suertatzen da aditzen arteko zalantza. Durango da, baina, Durangok du, besteak beste, lehen silaba. Durango fantasia da, eta fantasia du bere baitan; kultura da, eta kultura du han ez bada hor. Baina, Durango ere bada ez duena eta Durangok ere badu ez denik. Badelako kulturgileentzat sostengu politikorik apenas duen herri baten plaza, eta badu, adibidez, euskal kultura ez den erdarazko kultura ere beregan. Jolas polita da Landakoren atean jarri, eta sartzen dena zein standetan geldituko den asmatzea, izatetik ukaiterako bidea egitea. Alderantzizkoa ere bai; begiratu bakoitzaren zorro, poltsa edo besapera, eta irudikatu nor den zer hori daramana, zergatik daraman, nora, zertarako. DAk urtero duda du: zer du kulturgile batek kulturgile ona dela irizteko? Zer du musikak, kantua ala autorea? Zer du irakurriko ez duzun liburu bat etxera eramateak? Zer du Durangok, Durango izateko?

 

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude