Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa –

Europa osoan ospatu izan den jai hau zahar-zaharra da, eta badirudi loturik dagoela Paleolito Aroan kontinentea populatu zuen herri ibiltari, ehiztari eta biltzaile zahar harekin, orain, Europako mapa genetikoa burutu ondoren, ikerlariek deitzen duten herri protoeuskaldun harekin, alegia. Jai honen jatorria naturako indar menderaezinak nolabait ezagutzeko eta bereganatzeko garai haietako gizakiak egindako ahaleginetan bilatu beharko genuke. Ortzia edo unibertsoa ziklikoa zela jakitera iritsi ziren eta urtearen banaketa ezagutu zuten.

Horretaz gain, gogoeta handiak egin zituzten bizi-gurpilaz, ama-lurraren zikloaz, emankortasunaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, ilargiaren aldiez, denboraren mugagabetasunaz, naturaren indarra menperatzen zuten jainko eta jainkosez, gizakiaren bizitza laburraz… Eta hori dela eta, naturaren aldaketekin zer ikusirik zuten jai eta erritoak antolatu zituzten, horietako garrantzitsuenak solstizio, ekinozio edota ilargiaren aldiekin loturikoak.

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa
Arg: euskalherrian (Flickr)

1.-  Sinestearen erro zaharrak

Lehen esan bezala. aro zahar haietan urtaroen banatzaileak, hau da, solstizioak eta ekinozioak, oso kontutan hartu zituzten euren egutegian zein urtero errepikatzen zituzten jai erritualetan, beraiek baitziren, nolabait, euren bizimodua bideratzen eta baldintzatzen zuten mugarriak.  Neolito Aroan, gizakiak,  bere bizimodua nekazaritza edo laborantzaren inguruan finkatu zuenez geroztik, lurraren indar ezezagunak ulertzeko eta aurreikusteko zuen berezko grina hori areagotu zen. Hau da gizakia hastapenetatik naturatik bizi izan da, eta horregatik saiatu izan da betidanik lurraren zikloa ezagutzen. Hori dela eta, urtez urte, urtearen sasoiak edo aroak ospatu ditu: Subilaro edo Olentzaro neguko solstizioan, inotea (edo ihotea) udaberriko ekinozioan… eta nola ez, Eguzkiaren Jai handia udako solstizioan.

Arg: Karrikas (Flickr)

Naturaren gurtzearekin loturik azaldu ziren euskaldunen lehen dibinitateak: In (edo Inko), Egu, Mari, Eki, Ilargi … eta Ortzi berantago. Urtero, ospatzen zituzten jai erritual horietan dibinitate horiek gurtzen zituzten. Errito horien bidez, lurraren emankortasuna, uzta oparoak, narotasuna… bilatzen zituzten, eta horretarako haien aztiek lurra bedeinkatzen zuten edota ur eta su garbitzaileak erabiltzen zituzten. Hasieratik urtearen solstizio eta ekinozioen inguruan burutu zituzten erritualak, egunarekin eta gauarekin, eguzkiarekin eta ilargiarekin, lau urtaroekin, uzta eta emankortasunarekin erlazionaturik zeuden, halanola: Ekihotz gurtzen zuen Olentzero edo neguko zuhaitza neguko solstizioan, udaberriko ekinozioarekin eta ama-lurraren berpiztearekin loturiko inotea (In-o+te, Ine do Inko jainkoaren garaia, hainbat ikertzaileren ustez) eta Eki gurtzen zuen jai handia udako solstizioaren inguruan. Azken jai erritual horretan Ekik zeruko gaina jotzen du, eta hortik etor dakioke, hainbat antropologoren ustez, ekainari bere izena (eki+gaina = ekaina).

 

2.- Giristino sinesteekin nahasirik

Kristautasuna Europan zabaldu eta indartu zelarik, jentil usaiak edo ohiturak eraldatu eta bereganatu zituen. Honi sinkretismoa deitzen zaio.

Neguko solstizioaren inguruan Gabon eta Eguberri jaiak ezarri zituen, udako solstizioaren inguruan San Joan edo Jondoni Joane eguna, eta zikloaren berritzea azaltzeko, inoteen gibelean Garizuma eta Aste Saindua.

Errito zaharrak, lurraren eta azienden bedeinkapenak, ur eta su garbitzaileak, kantu eta dantza erritualak… eraldatu, moldatu eta bere egin zituen; baina errito horien atzean eraiki zuten ikuskera edo kosmogonia erabat ezberdina zen.

Hala eta guztiz ere, hau ez zen egun batetik bestera gertatu, eta lurralde ainitzetan, Euskal Herriko eremu zabaletan adibidez, aitzineko erritoak eta pentsamoldeak zituzten gogoan. Orduan elizgizonak errito horiek deabruarekin eta sorginekin lotuak zirela hasi ziren zabaltzen. Beraien menekoa ez zena, deabruaren menekoa zen, sorgin gaiztoen menekoa, eta akelarre deitu zuten jai erritual zahar horietara joaten zirenak zigortzeko edota Inkisizioaren sugarretan kiskaltzeko moduko bekatariak zirela hedatu zuten.

Haatik, ez zuten inoiz errito zahar horien inguruko magia eta misterioa desagerrarazi ahal izan, eta gaurko egunetara arte, jentilen oihartzunarekin nahasirik iritsi zaizkigu.

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa
Kurtzebarri. Arg: Keta (Wikipedia)

3.- Jondoni Joaneren inguruko sinesteak

Jondoni Joane edo San Joan ekainaren 24an ospatzen da, udako solztiziotik (ekainaren 21ean, normalean)  gertu. San Joan bezperako gauean erritual franko ospatzen ditugu Euskal Herrian. Etxeetako ate eta leihoetan lizar edo elorri-zuri adaxka ezartzen da, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan. Herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz  handi bat jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan.  Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte.

Herri, auzo, baserri guztietan sua pizten da. Suak eguzki berria omentzen du eta gizakion bekatuak garbitzen. Zenbait herritan patatak erretzen dituzte Jondoni Joaneren gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte, oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan.

Suaren inguruko dantzak edota gazteek gainetik egiten dituzten jauziak ere ohikoak izaten dira.

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa
Arg: Egizu (flickr)

Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren luze-zabalean. Ikus ditzagun horietako batzuk:

  • Eguzkiak ekainaren 24ko egunsentia argitzen duenean, iturriek eta errekek jendea sendatzeko eta indartzeko ahalmena dute. Hori dela eta, jende askok egunsentian ura jaso eta etxera eramaten dute familia eta aziendak bedeinkatzeko.
  • Berdintsu balio du egunsenti horretan zelai eta larreak bustitzen dituen ihintzak. Hori dela eta, jendea oinutsik ibiltzen da ordu horietan edota abereak ateratzen dituzte urte guztirako indar daitezen. Esaten dutenez, lehen baziren biluzik ihintzetan iraulka ibiltzen zirenak.
  • Itsasoan biluzik, bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera izanen du.
  • Pikondo baten azpian musika-tresna batekin jartzen denak berehala ikasiko du tresna hori jotzen.
  • Ekainaren 24a hasten delarik, leihotik begiratzen duten ezkongaiek euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute.
  • Zerbait ahaztu nahi badugu edo pertsona gaizto baten itzala guregandik urrundu nahi badugu, paper batean idatzi eta gaueko surtara bota. Papera surtara botatzean honelakoak esaten dira: “To zan, zaharra eraman zan eta berria ekar zan!” edo “Txarrak eraman eta onak ekarri!”
  • Emakume batek, biluzik eta bizkarra emanik, ispilura begiratzen badu kandela baten argipean, bere heriotzaren momentua ikusi ahal izanen du.
  • Ekainaren 24an goiz jaikitzen denak ez du logurarik izanen urte osoan.

 

4. Jondoni Joane gaua Iparraldeko herrietan

Lapurdiko Sara herrian, bidegurutze batean egiten dute sua bezperan. Suaren inguruan ibiltzen dira bertakoak arrosarioa errezatzen, eta horrekin eguzkiari bere urteroko ibilbidean laguntzen diotela uste dute.

Azkaine herrian, gauerdia iristean, sua pizten da herriko plazan eta herriko dantzariek mutxikoak dantzatzen dituzte bere inguruan. Ondoren, bilduta dauden guztiak soka-dantzan ibiltzen dira suaren inguruan jira-biraka, eta geroxeago jauzika suaren gainetik su-meta itzali arte.

Donibane Lohizunen, larunbateko gauean txondorrak pizten dituzte elizaren eta herriko etxearen aitzinean, eta gero horien inguruan dantza erritualak egiten dituzte.

Agosti Xahok bere liburu batean kontatu zigunez, Jondoni Joaneren egunean, kostaldeko euskaldunak, Biarritzen, Hendaian… biluzik bainatzen omen ziren hondartzetan. Familietako guztiak, zaharrak eta haurrak, gizonak eta emazteak, bainatzen ziren batera.

Urruñan 2012. urtetik, Eki Besta egiten dute suaren inguruan Jondaine Johane dantza eginez.

Lapurdiko Uztaritzen eta Nafarroako Beintza-Labaienen, herriko gazteak su-metaren inguruan dantzan eta jauzika ibiltzen dira. Esaten dutenez, suak gaitz guztiak garbitzen omen ditu, baita larruko sarna ere. Hori dela eta, Uztaritzen Xarnafera! oihukatzen dute, behin eta berriro, eta Beintza-Labaienen honako hau: Sarna fuera, / gaixtuk kanpora! / Onak barrenera! Lapurdiko, Nafarroa Garaiko eta Nafarroa  Behereko herri ainitzetan antzeko errituala errepikatzen dute urtero. Zuberoan ere bai, eta  xarnatera deitzen diote.

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa2010. urtean, Junes Casenave-Harigile idazle eta jakintsu zuberotarrak liburu ttipiño bat plazaratu zuen Astobelarra argitaletxearen bitartez. Aroa izena zuen eta eguraldiaz, senda-belarrez, euskal mitologiaz eta abar mintzatzen zen bertan. Zuberoako herri-jakintzari buruzko altxor ttipi eta izugarri aberatsa dela erran daiteke. Liburu honetan Ekiaren bestaz, hau da, Jondane Johane bestaz, azalpen interesgarriak ematen ditu, zuberotarrez prefosta! Nik ulergarriagoa izan dakigun euskara batuaz ezarri dut. Jondane Johane besta edo xarnaterak izena du. Horratx:

“Bezperan, gazteek ekarri egur eta adaxkekin, su bat pizten da plaza erdian. Jende guztiak hor dira: haurrak, gazteak, adinekoak, zaharrak. Sua pizten delarik, oihu eta irrintziak egiten dituzte. Gero garrak hein bat gora direlarik, gazteak eta haurrak su gainetik aritzen dira jauzika, batzuk larri-larri ibiltzen dira, besteak trebeago, denak ahal bezain gora jauzi eginez. Jauzi egitean denek oihu egiten dute: Belagile zaharrak oro erra eta berriak ez kontserba.

Sua itzali ondoren, gelditzen diren errautsekin gurutze bat egiten dute lurrean. Gero denak beren etxeetara doaz.

Goizean, ateburuan, lore xorta bat ezartzen da. Zurezko gurutze arrunt bati Jondane Johane lore, arrosa eta beste zenbait, lotzen zaio. Etxeko aitzinaldean, aldiz, urritzez eta eta elorri zuriz egindako xorta ezartzen da. Hor ez da lilirik. Ber gauza egiten da bordetan; han ere sarrerako alde gainean urritzezko eta elorri zurizko xorta jartzen da, eta beste bat horma zulo batean edo loturik. Xorta bera ezartzen da baratze bazterrean.

Eguna argitzean, denak errekara joaten dira. Han aurpegia garbitzen dute, eta gero ez dute idortzen. Iturburua baldin bada, hara joaten dira. Gero ibiltzen dira, oinutsik, ihintzez bustiriko belarretan. Goiz horretan ere, biltzen dira zenbait sendabelar: milaxiloa, idibegia edo bixileta, erlebelarra, hazteibelarra, peldoa eta beste, hala nola intxaur hostoak zangoetako mina sendatzeko.

Ez ohiko gauza bat ere egin daiteke. Hona: haur batek baldin badu eritasunen bat, sendatzeko bi Johane behar dira. Jondane Johanez, goizean goiz joaten dira oihanera. Haritz gazte bat erdibitzen dute, zutik, moztu gabe. Haur eria haritzaren goiko bi aldeetara igoarazten dute, erranez: To Johane. Emak Johane. Hori dena hamar aldiz egin behar du.  Joan baino lehen, haurraren eritasuna adar batetik zintzilik geldituko da.

Aro gaitzaren kontrakoa. Gamere-Zihiga Irondoko auzategian, eta pagadi handi baten barruan,  bada kapera bat Jondane Johaneri eskainia. Eraiki omen zuten babazuzak eta harriak maiz izaten baitziren hango lurretan. Geroztik, halako mehatxu bat delarik, egunez ala gauez, pagadiko  nagusia badoa kaperara eta sarraren aitzinean, kanpotik ezartzen du Jondane Johanen irudia. Eta geroztik, horko auzoek ez dute ez txingor eta ez harri erauntsirik ezagutzen.

Laminen kontuak. Laminak Jondane Johane goizean loriatzen dira. Orduan, garbitzen dira iturburuetan. Hala nola, talde handian, Iratiko gainaren beheko aldean, Txistapeko iturriaren sorbegian.

Jondane Johane goizean, Larrañeko üztarbeko harpe aintzinera agertzen zen lamina bat. Üztarbeko seme batek ikusi zuen. Urte batez itxaron zuen, atzeman behar zuela eta etxera eraman, harrapatuko zuela. Azkenean atzeman zuen eta bizkarrean etxera eraman, baina lamina mugitzen zen. Bidean mutilari edozein kabala agertzen zitzaionean, suge, abere itsusi eta, ibiltzeko traba egiten zion. Erreka zeharkatu behar izan zuenean, han laminak ihes egin zion.”

Honaino kontatu dugu Junes Casenave-Harigilek bere liburuan maisukiro azaltzen diguna. Gaur egun Zuberoan antzeko su-metak eta lore edo belar sortak ipintzen dira, ateburuetan, bordetan, baratze aitzinetan…

Baina badira bestelako usadioak ere. Jondane Johane bezperan, hainbat mendi gailurretan su-meta handiak pizten dituzte: Betzülan, Maidalenan, Barazean, Gaztelainen, San Antonin, Zalhagainen, Ahargonen… suzko lerro ikusgarria eginez. Suzko lerro hau jadanik nafarroa beherean sartzen da, Orgamendian eta Behorlegin ere su-meta handiak egiten baitituzte. Su horien inguruan jendeak biltzen dira eta Mixel Etxekoparrek egin Jondane Johane dantza egiten dute suaren inguruan. Gero solasak, kantuak, dantza-jauziak… izaten dira eta bukatzeko, sua beheititu delarik, ohiko jauziak aldez alde.

Adibide hauetan garbi ikusten den bezala, antzeko erritualak dira Iparraldeko hiru lurraldeetan errepikatzen direnak. Eta Hegoaldeko lurraldeetan antzeko erritualak izaten dira.

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa

Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa  Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa  Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa  Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa  Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa  Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

5 pentsamendu “Donibane Gaua, udagoieneko lehen hatsa”-ri buruz

  • Nondik atera dituzu “Ekihotz” eta “Ine”, “In”, “Inko” izenak?

  • Joseba Aurkenerena 2020-06-26 12:41

    Agur Peru. Zure galderari erantzuten ahaleginduko naiz, Ekihotz hitza bizirik dago Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskalkietan, eta neguko indarrik gabeko eguzkiaren berri emateko erabiltzen da. Ez dakit, Erronkarin, Zaraitzun eta inguruetako ibarretan, hitz bera edo antzekoa erabili edo erabiltzen duten. Beti gogoa izan dut hori jakiteko.
    Bestela, -IN- erroari dagokionez, gure hainbat antropologok eta hizkuntzalarik aipatu izan dute gure hiztegian hiru erro zahar ikus daitezkeela: -IZ- (biziarekin lotua), -HIL- (herioatzarekin lotua) eta -IN- (ekintzarekin lotua).
    Hirugarren erro horretatik INKO izena etor liteke, eta JAINKO hitza (Jaun Inko) izan liteke. Horrela aipatu dute hainbestetan. INKO izena, gaur egun, Iparraldean erabiltzen da mutiko izen gisa, eta teoria horretatik aterea da.
    EGU izena ere, antzekoz, hainbat hitzetatik ateratako izena da (eguna, eguraldia, eguena, eguberri, eguzki…) eta suposatzen da hau zela Ortzi baino lehenago zen jainkoa (zeruarekin eta eguzkiarekin lotua). Batzuek diote Paleolitoan erabiltzen zela, eta ORTZI, berriz, Neolitoarekin lotua dela, hau da, laborantzaz bizi zen gizarte zaharrarekin. Batzuek diotenez, bigarren horrek lotura ukan lezake herri eta kultura indoeuroparrekin. Auskalo! Sinesmen, eta gainerako kontu zaharren arloan, ezer idatzirk ez dagoenez, horrelako etimologietara jo izan da. Edo bestela ahozko lekukotasunetera, baina hauek noizkoak dira?
    Barkatu, Peru, gehiegi luzatu banaiz, baina erantzuteko gogoeta modua egin behar izan dut.
    Osagarria zuretzat.

  • Lan bicaina eguin duçu, Joseba!
    Anhitz esquer çure lanengatic!
    Adeitassunez

  • Hainbat dokumental ederrerako GAIA dago horko ohituretan, eta ETBk horretarako borondaterik balu, Vasconiaren beste ikuspegi bat transmititu zigukeen!

    Zerbait eranstera noa: UR GOIENAK/UR BARRENAK ospakizunaren historia Neandertalaren eskutik datorkigu:
    Arduratuta omen zebilen gure lehengusua, ea Eguzkik zer egiten ote zuen gauez, eta zelan konpontzen ote zen hurrengo goizean atera ahal izateko.

    Bada, pentsatu zuten UR BARRENA zegoela, lur azpiko itsaso bat, eta handik igarotzen zela Eguzki (eta bere atzean Ilargi, noski)
    Baina zelan igaro? Arrain handi baten sabelean!!!
    Hortik gero Bibliak Jonas eta Balearen istorioa jasotzea…. Eta hainbat Kobatan (Nerjakoan, adibidez) arrain handiak margoztea edo marraztea!

    Eta guk UR GOIENA, UR BARRENA ospatzen jarraitzea.

  • sUTARA PASA ORDUKO:

    EGU *ez-gu–>e-gu “GU ez den beste guztia”: INGURUA

    INKO *jin-go-en “Goitik datorrena”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude