[Kafe Aleak] Borja Goñik Dusminguet

[Kafe Aleak] Borja Goñik Dusminguet –

[Kafe Aleak] Borja Goñik Dusminguet.

Dusminguet

Postrof
(Chewaka/Virgin, 2001
)

.

[Kafe Aleak] Borja Goñik DusminguetZaila izango da asmatzea noiztik entzuten duzun musika. Amaren-aitaren lagun batek esan zion ona omen zela zure garapenerako musika klasikoa entzun(?)araztea. Jaio bezain pronto, amatxik (aitatxik, amamak, aitonak, amumak, aitxitxek, amonak, atxitxek, aititek edo deitzen duzun erara deitzen duzula ere) aspaldian euskaraz ikasitako sehaska kanta bat abesten zizun, eta zeuk, zehatz-mehatz ulertu ez arren (ez zehatz, ezta mehatz ere; baina ulertu egiten zenuen nolabait), irribarretsu erantzuten zenion, ulergaitz bezain maitagarri egiten zitzaion hots batez. Haur-eskolan, Pintxo Pintxotik hasi eta ikasturteak zituen egunak bete arteko beste kanta entzun eta kantatu egin dituzu. Baina lehenengoa zein izan zenuen? Oporretan zindoazela, aitak edo amak kotxean Benito Lertxundi (ez Benito El de Txurdi), Chavela Vargas, Serrat edo Sabinaren zintekin ematen zenituen Espainiako kintokuloko herri hondartzadunera ailegatzeko hamaika (mila) (miloi) orduak. Koskortu heinean, eta bizitzatik hartzen zenituen gauza guztien kontra egin nahian, anaia, arreba, ahizpa edo(ta) neba nagusiaren gelan sartu, apalategian oso ondo lerrotuta zituen kopiatutako (artean pirateo hitza asmatu gabe zegoen, eskerrak jainkoari/Nietzscheri) kaseteak ostu eta existitzen ziren baina entzuten ez zenituen punkaren irainez gozatu egiten zenuen… Gozamena, gero! La Polla, Kortatu, Negu Gorriak, Hertzainak, Potato, Kojon Prieto, Reincidentes, Extremoduro… Klasera ailegatu eta Loquillo, La Unión, Take That, Mecano eta enparauak entzuten zituztenen aurrean auzoko mutiko/neskatorik txarren agertzen zinen palestino bat lepoan zeneramala. Idazte hutsak hotzikara sorrarazten du, ezta? Edo ez. ”Gure jarrera”…

Nik badakit zehatz-mehatz noiztik hasi nintzen musikari aditzen. Dusmingueten Postrof diskoarekin izan zen. Disko horrekin ulertu nuen musika ez zela harrikoa egin, logela garbitu edota irakurri bitartean erabiltzen duzun soinu banda. Musika entzute pasibotik musikaren autopsia dekonstruktiboa egitera pasatu nintzen. Hasi nintzen abesti osoa musika tresnaren arabera entzuten. Ea zer egiten duen perkusioak. Ea baxuak. Eta pianoak? Joder! Zenbat instrumentu dago hemen ba? Postrof ez zen nire belarrietan sartu. Belarrietatik sartu eta burmuina, gihar guztiak, bihotza, hankak, zakila, titiburuak eta ileak astindu zizkidan. Konturatu nintzen abesti bakoitzaren barruan kapa pilo bat dagoela, kipulak dituenak baino gehiago, neguan hotz dagoenean eta hainbat kamiseta-jertse-txaleko-txamarra jartzen ditugunean bezala, arkeologoek Konstantinoplako ikerketak egin zituztenean aurkitu zituzten beste, Fukushimako eta Txernobilgo zentral nuklearrek behar zituztenak baino askoz ere gehiago…Gerora deskubritu nuen Mad Professorren eskuak tartean zirela Postrof-en.

Baina ez hori bakarrik. Disko horrek munduan zehar bidaiatzeko grina piztu zidalakoan nago. Izan ere, lehenengo kantua entzutean, eta lipar batez begiak itxiz gero, Marokora egin ahal duzu bidaia erraz asko, marokoar peto batek egiten duen aurkezpen hirueledunaz. Eta haraxe joan ginen koadrilakoak. Beste batzuetan, Atlantikoa zeharkatu, Latinoamerikara ailegatu eta kunbia eta son kubanoa jorratzen dituzte. Eta haraxe joan ginen beste urte batean. Katalunian bertan ere geratzen dira (haiek, La Garrigakoak dira-eta), eta sardana bat egiten dute. Eta haraxe joan nintzen bizitzera urtebetez. Mazedoniara ere egiten dute jauzia… Agendan dudan hurrengoko bidaia dut horixe hain zuzen ere.

Gaur egun entzuten dudan musikarekin batere zerikusirik ez badu ere, oraindik ere entzuten dut. Aitortzen dut. Egunerokotasunarekin apurtu eta milaka kilometrora dauden herrialdetara ihes egin nahi dudanean, diskoa jarri eta lehenengo kantaren d’rbuka doinuek alfonbra magikoaren lanak betetzen dituzte. Hara igo eta datozen abestiek aukeratzen dute alfonbrak egingo duen hurrengo geldialdia.

Azkenik, disko honek musikarien duintasunaz hausnarketa egiteko ere balio izan zidan. Akordatzen naiz, gaur izango balitz bezala. Aste Nagusian, agertokian Potato eta Akatz taldekoek jo behar zuten. Reggae-Ska gaua antolatuta zegoen txosna batean. Euria gogotik ari zuen. Akatzekoek jo zuten eta Potatokoek ez. Jendea irentsitako garagardo-kalimotxo-patxaranak kexaka agertu zen. Orain ez dut buruan Potatoko ala Akatzeko batek esan zidan honakoa: “Ez al dakizu nola hil zen Dusminguet-en baxu jotzailea?”.

Potato eta Akatz askotan ikusi ditut ordutik. Dusminguet ez dut berriro ere ikusiko taula gainean.

.

.

Borja Goñi (Bilbo, 1983)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Borja Goñik Dusminguet [Kafe Aleak] Borja Goñik Dusminguet [Kafe Aleak] Borja Goñik Dusminguet