Mutildantzetan ematen den genero bazterketari begirada bat

Mutildantzetan ematen den genero bazterketari begirada bat

Mutildantzetan ematen den genero bazterketari begirada bat –

Aurten, azken urteetan bezala Baztango jauziak egiten diren plaza guziak dantzariz bete dira.

Elizondoko herriak bestetako programan argi utzi zuen: Elizondoko elizaren inguruan edo bertze edozein lekutan ematen den emakumeekiko bazterketa salatu nahi dugu eta (…) egiteari uztea eskatzen diegu. Baztandarren Biltzarrak ere bai: B.B. elkarteak ez du mutildantza baztertzailerik babestuko. Hala ere gizon talde batek bizkar eman nahi izan dio Baztanen gero eta zabalagoa den eskaerari eta berriz ere mutildantza baztertzaileak antolatu zituzten Elizondoko bestetan.

Bazterketarekin tematuak zirela ikusirik, horrekin akitzeko modu bakarra ekintza zuzena zela erabaki genuen: 26an arratseko 20:00tan 30 bat feminista bazterketa gauzatzeko erabiltzen duten elizako eremuetara  hurbildu ginen dantzatzeko prest. Baztertzaile batzuk aunitz urtez bakarrik dantzatu zuten; bertze batzuk billantziko bakarrik; eta bakar batzuek saio osoan zehar dantzan jarraitu zuten, beraz hauek erreza dute, dantzatu daitezela aniztasunez beteriko herrietako plazetan.

Elizako jardinetan emakumeekin dantzan ibili ziren batzuk biharamunean plazan mutildantza parekideetan parte hartu beharrean, ikastolako parkera joan ziren dantzatzera. Zergatik? Tarte batean baztertzeari uzteko gai direla erakusten badute ere, beren jarrera matxistarekin segitzea erabaki dutelakoz.

Aukera dute honekin akitzeko. Aukera dute oraingo eta etorkizuneko Baztanen lehenbailehen laketzeko. Aukera dute behingoz herritar guziendako bestetako partaide izateko. Horretarako botere guneak partekatzeko prest ere egon beharko lukete, baina horixe da patriarkatuarekin bat egitearen ondorioetako bat: boterea emakumerik gabe gizonen esku mantendu nahi izatea.

Horregatik hamaikagarrenez errepikatuko dugu: bazterketarekin akitu eta elizako atean egin genuen bezala, herrietako plazetan dantzatuko dugu elkarrekin.

Mutildantzetan ematen den genero bazterketari begirada bat

Plazara Dantzara

Herri ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude