Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa

Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa –

Ama, Maritxu Barandiaran Etxeberria, ataundarra nuen. Haren aita, Matias Barandiaran Begiristain, San Gregorio auzategiko Soazabal (Sorozabal)  baserriko semea zen eta haren ama, Anttoni Etxeberria Urbiztondo, San Martingo Azarola baserrikoa. 1936ko gerrak eraman zituen Donostiara, eta anaia batek ezkutaturik eduki zuen luzaz gure aitona etxepeko batean, abertzalea zenez, faxistek ez zezaten fusilatu. Urte luzeren ondoren, kalera atera ahal izan zen, baina beti beldurrez eta erdi ezkutuka ibili zen. Nik ez nuen ezagutu, nire ama nirekin haurdun zegoelarik, minbiziak gazte eraman baitzuen. Baina amona Anttonirekin, berriz, oso harreman estua izan nuen beti, ttikitatik hil zen arte.

Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa

Amonak mantendu zuen gurean euskararen hazia eta abertzaletasunaren sua. Hari esker jakin genuen euskaldunak ginela, Euskal Herriak zazpi lurralde zituela, eta euskara eta euskal kultura jazarriak zirela. Maitasunez eta zuhurtasunez mintzo zen garai bateko istorio zaharrak, Santa Krutz apaizaren edota gudarien ibilerak, euskararen herri bateko eta besteko ezaugarriak, Ataunen gertatutakoak, edota euskal mitologiako istorio gogoangarriak ederki eta poliki kontatzen. Altxor paregabea zen. Anitz irakurtzen zuen euskaraz zein erdaraz. Haren burua artxibo aberatsa zen. Euskal Herria eta euskara gogotik maite zituen, bere-bereak baitzituen, eta egunerokoan, noiznahi eta nonahi, euskal izaera agertzen zuen. Bera ere jazarria izan zen gerra aurreko urteetan ikurrina Ataunen jarri zuelako. Gauero, oheratzerakoan, eta bilobei hainbat kontu zahar azaldu ondoren,  irratia pizten zuen eta uhinen borrokari ekiten zion Euzkadi Irratia edota Pirenaica entzun ahal izateko. Gaueko ordu ttikietan ere horretan aritzen zen. Euskal erresistentziaren gora-beherak ondotxo ezagutzen zituen.

 

1.- Nire haur bizipenak Ataunen

Gauero kontatzen zizkigun ipuin, gertakizun edo istorioen artean, nik gehien maite nituenak euskal mitologiarekin loturikoak ziren: Ttortto, laminak, Basajaun, sorginak, jentilak, Mari, Sugaar…, eta abar luzea. Euskal mitoarekin  hazi nintzela erran dezaket. Donostian bizi ginen, baina udaretan San Martingo Gartza (Garagartza) baserrira eramaten ninduen. Bertakoak bere lehengusuak ziren eta bertan izan nituen nire haur garaiko bizipenik ederrenak, inoiz nire burutik ahantzi ez ditudanak. Amonak, edota Gartzako aitonak, gauero beheko suaren inguruan ipuinak kontatzen zizkiguten, beti euskal mitoarekin loturikoak, eta gainera, izenak, mendiak, errekak, baserriak eta horrelako zehazkizunak ere aipatuz. Mundu hark ez zuen zer ikusirik erdal eskolan erakusten zigutenarekin, baina askoz ederragoa zen, kitzikagarriagoa, eta batez ere, gure-gurea. Oraindik maiz etortzen zait gogora Musa izeneko mendi-mazelatik baserriraino zetorkigun kablearen bitartez, belarrez betetako txirrikak,  indarrez etxeko mandiora sartzean, ematen zuen danbatekoaren soinua. Mari berak sorturiko danbada zela iruditzen zitzaidan.

Amonak askotan hitz egiten zigun Barandiaran izeneko apaizaz, ttikia omen gorpuzkeraz, baina izugarria handia adimenez eta jakintzaz. Eta apaiz burutsu horrek ba omen zekizkien ipuin zahar guztiak, euskal kondairak, Ataungo gertaera zaharrak, euskararen historia eta ezagugarriak, eta bitxiena, ba omen zuen berak egindako aparatu bat, irrati moduko bat, eta harekin besteek entzuten ez zituztenak entzun zitzakeen. Titanic ontzia urperatu zelarik, bera izan zen Gipuzkoan albistea ezagutu zuen lehena. Batzuek ziotenez, aparatu horrekin ba omen zekien Ataungo etxe guztietan gertatzen zena. Apaiza zen, baina baita erdi aztia ere, eta beti jentilek, sorginek, laminek eta gainerako horien guztien arrastoen bila omen zebilen.

Eta gainera, arrasto anitz topatuak omen zituen.

Bai nire amona eta bai Ataungo nire familia osoa arras kristaua zen, igandero mezetara joan zirenak. Amonak igandero San Gregorioko elizara eramaten ninduen. Oraindik gogoan dut, ate ondoan den intxaurrondo  handiaren usaina. Elizan gizonak toki batean jartzen ziren eta emakumeak bestean, baina ni umea nintzenez, amonarekin egoten nintzen emakume eta beste haurren artean. Amonak gure familiaren argizaiola pizten zuen, gure arbasoen izpiritua, gogoa edo bizi-indarra oroitarazteko eta beste munduko bideetan barna laguntzeko. Kristauak ziren baina denbora berean jentilak edo paganoak. Hor bazen sinkretismo bat. Mari jainkosaz eta gainerakoez sinesten zuten. Ipuin horiek ez ziren asmatuak, haien ustez, garai zaharretan gertatuak baizik.

Baserriko ate handian, beti bazen Aralarretik ekarritako eguzki-lore ederra, eta baita lizarrez egindako gurutze ttipi batzuk. Sorgin eta izpiritu gaiztoak uxatzekoak omen ziren, zeren izan baziren, eta kontuz ibili beharra zegoen etxeetan ez zitezen sar. Amonak gauero harri koxkor bat jartzen zuen ate aurrean eta goizero tokiz aldatua zen. Kontatzen zuenez, gauero askara edatera hurbiltzen ziren izpiritu gaiztoek aldatzen omen zuten tokiz, baina ez ziren baserrira sartzen ateko eguzki-lorearekin izutzen zirelako. Hori bai, tarteka hainbat orri kenduta azaltzen ziren, eta landarea orriz eskasten hasten zen aldiro, Aralarretik beste bat ekartzen zuten eta aurrekoaren toki berean zuten ezartzen.

Berak kontatu zidanez, Azarolan, hau da, bere baserrian, askotan ikusia omen zuen zeruan, hodei artean, ahariek zeramaten organ zihoan Mari jainkosa ederra eta dotorea. Eskuan suzko igitaia eramaten zuen eta harekin zerua irekitzen zuen euri on eta goxoa ekarriz. Haren ustez, Anbototik zetorren eta Putterriko kobazulora zihoan.

Gauza berberak kontatzen zituzten Ataungo etxe eta baserri guztietan. Euskal mitoa bizi-bizirik zegoen Ataunen.

Geroxeago, helduagoa nintzela, historia egin nuen Donostiako EUTG-n eta hango irakasleen ahotik entzun nituen Barandiarani eta euskal mitoari buruzko istorio berberak, nik ttikitandik, amonaren ahotik ezagutzen nituenak. Eta behin, familiaren kontu bat zela eta, San Gregorioko Sara etxean izan nintzen Barandiaran handiarekin hizketan. Ttikia zen gorputzez, handia jakintzaz eta izugarri handia, erraldoia, giza harremanetan, goxoa, zuhurra eta guztiz atsegina.  Hura zen gizona, hura!

 

2.- Barandiaranen nondik norakoak

Joxemiel Barandiaran Aierbe Ataunen sortu zen, San Gregorio auzategiko Perune Zahar baserrian, 1889ko abenduaren 31n eta Ataunen hil zen 1991ko abenduaren 21ean, 101 urte zituela. Eta berak askotan erran zuenez, euskal mitoa amaren ahotik jaso zuen ttiki-ttikitatik. Gasteizko apaizgaitegian ikasketak egin ondoren, etnologiako ikerketak egiten hasi zen Ataungo Jentilbaratzan. 1917an Aranzadi eta Eguren ikerlariekin batera indusketak egiten hasi zen. 1918an Eusko Ikaskuntzak Oñatin izan zuen lehen biltzarrean egon zen. 1921ean Eusko Folklore sortu zuen. 1935ean Nazioarteko Antropologia eta Etnografia Biltzar Iraunkorreko kide izendatu zuten Londresen. 1936an Itziarko Urtiaga harpean indusketak egiten ari zen Aranzadi eta Egurenekin batera, gerraren hurbiltasunaren berri izan zuenean. Bertan aurkitutako bi buru-hezurrak zakuan sartu eta Bilboko Museoan utzi zituen. Gero, Bilbotik, arrantzaleen txalupa batean, Lapurdiko Zokora eta gero Donibane Lohizunera ihes egin behar izan zuen. Garai hartan berrogeita sei urte zituen.

Hasieran Ahurtin, Belokeko abadia beneditarrean aterpetu zen, gero Baionako Apaizgaitegian, ondoren Angeluko Endara etxean, geroago hiru urtez Miarritzen eta azken hamahiru urteak Sarako Ibarsoroberria izeneko etxean. 1946ean Institut Basque de Recherchestaldea sortu zuen eta talde honek Ikuska aldizkaria argitaratu zuen 1953ra arte. Iparraldeko mendi guztiak korritu zituen indusketak eta bilaketak egiten. Osora 52 trikuharri, 78 harrespil eta 48 tumulu aurkitu zituen. Hori marka!

1953an Ataunera itzuli zen Antonio Tovarren bitartekaritzari esker. 1954an indusketa berriak egin zituen Urtiagan. 1956ean indusketak egin zituen Arrasateko Lezetxiki izeneko leizezuloan, 1960an Errenteriako Aitzbitarten. 1964an Iruñeko Unibertsitatean euskara eta euskal kulturaren eskolak ematen hasi zen eta horrela jarraitu zuen hamazazpi urtez, 90 urte bete zituen arte. Aipatu unibertsitatean Etniker taldea sortu zuen. 1972an Gran Enciclopedia Vascanbere idazlan guztiak plazaratzen hasi ziren. Osora 20 liburuki. 1976an Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu zuten. 1980an azken indusketak egin zituen Dimako Axlor harpean. 1988an Eusko Ikaskuntzak Barandiaran Fundazioa sortu zuen. Urte horietan Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustukoan honorik causa doktore izendatu zuten. Eta lanean jarraitu zuen, beti buruargi, 1991ko abenduaren 21ean, 101 urterekin, Ataungo Sara etxean hil zen arte.

Hogeita hamar bat liburu plazaratu zituen eta ehunka artikulu. Aipa ditzadan famatuak diren hainbat liburu: Paletnografia Vasca (Euskal Paletnografia) (1921),Euskal Mitologia (1924), Nacimiento y expansión de los fenómenos sociales (Gizarte aferen sortze eta zabalkundea)  (1925), Euskalerriko leen gizona (1934), Antropologia de la población vasca (Euskal biztanleriaren antropologia) (1947), Cuestionario para un estudio etnográfico del Pueblo Vasco (Euskal Herriari buruzko ikerketarako galdetegia) (1953-1957),Mitología Vasca(Euskal mitologia)(1960), El mundo en la mente popular vasca ( Mundua euskaldunen herri pentsamenduan) (1960), Idazlan guztiak. 20 liburuki. (1972-1984), Cultura Vasca (Euskal kultura)  (1977), Historia General del Pais Vasco (Euskal Herriko historia orokorra) (1980), Dicionario Ilustrado de Mitología Vasca (Euskal Mitologiari buruzko hiztegia) (1983), Brujería y brujas (Sorgin mugimendua eta sorginak) (1984), Mitos del Publo Vasco(Euskal Herriko mitoak) (1989), Recetas y remedios en la tradición popular vasca (Errezetak eta sendabideak euskal tradizio zaharrean) (1989), Mitología del Pueblo Vasco (Euskal Herriko mitologia) (1994),…  Lan etnografiko erraldoia egin zuena. Zoritxarrez, gaur egun, oraindik, idazlan horietako gutti dira euskaraz irakur ditzakegunak.

Berak defenditu zuen euskara ez dela inondik etorria, hemen, mendi hauen artean, sortua baizik, eta euskaldunak kromainoide garatu baten ondorengoak garela zabaldu zuen bere teoriatan. Euskaldunen odol mota ere aztertu zuen eta 0RH negatibo izeneko odolaren zabalkunde handiaz ikertu eta teorizatu zuen. Euskal antropologiaren aita izan da inolako zalantzarik gabe.

 

3.- Barandiaran eta euskaldunen mundu magikoa

Ene aburuz, Joxemiel Barandiaran garai eta leku ezin hobean jaio zen. XIX. mendearen azken hamarkadan eta Ataunen, euskal mitoa eta tradizioa bizi-bizirik ziren herrian. Amaren ahotik jaso zuen euskal mitoa, eta istorio horiei jarraiki       egin zituen bere lehen ikerketak. Bere artikulu eta liburuen bitartez, euskal mitoa zabaldu, indartu eta bideratu egin zuen, eta gaurko egunera arte bizirik iritsi bazaigu, hori Barandiarani zor diogu.

Mari, Sugaar, jentilak, Ttortto, sorginak, Kixmi, Olentzero…. Horiek denak gaur arrunt ahantzita zeudekeen Barandiaranek jaso izan ez balitu.

Ene ustez, Barandiaran bere garaiko seme kontzientea izan zen, inguruan zeukana ikusten eta preziatzen jakin zuena. Bazekien mundu hori bere azken hatsetan zegoela, sortzen eta hedatzen ari zen gizarte teknologiko berrian desagertuko zela, eta pazientzia handiz eta lan ikaragarria eginez jaso eta zabaldu zuen. Berak bildu, plazaratu eta moldatu zituen ahozko kontakizun horiek guztiak, Ataunen eta Euskal Herri oso-osoan. Batzuek diote euskal mitologia arramoldatu zuela, baliteke, baina biziki normala iruditzen zait ikertzen zuena bere arrazoinamendura eramatea, azken finean, hori egiten baitugu denok, eta anitzetan konturatu gabe. Haatik, inork ezin du ukatu Barandiaranek egindako lana eta urratutako bidea. Gaurko antropologian, mitologia kontuetan dabiltzan gehien-gehienak, denak ez erraiteagatik, Barandiaranek zabaldutako ildoetatik abiatuak direla erranen nuke nik, okertzeko bat ere beldurrik gabe.

Aitzpea Leizaola Euskal Herriko Unibertsitakeo antropologia irakasleak 2016ko abenduaren 30ean, Berria egunkarian plazaratu zuen Barandiaranen itzalaizeneko artikulu ederrean, honela zioen beste gauza askoren artean: Barandiarani zor diogu euskal mitologiaren lehen ikuspegi orokorra eta berau osatzen dituzten elementu nagusien identifikazioa eta bilketa sistematikoa. Berari zor diote hainbat euskal herritarrek izena, Urtzi, Hodei, Amalur, beste askoren artean, Euskaltzaindiak izendegian onartu dituenak.

Batzuek diote: nondik atera zen apaiz hori, hil arte sotana beltzaz jantzita ibili zena, euskal mitologia paganoa aztertzen?Uztar-ezina iruditzen zaie kristau erlijioa eta euskal mitologia zaharra. Barandiaranek, inolako beldurrik gabe, erran eta idatzi zuen euskaldunen lehen jainkosak Lurra, Eguzkia eta Ilargia izan zirela eta horrela izan zela, denbora luze-luzean, kristauak gure lurretara etorri ziren arte. Mark Legasse lapurtarrari, behin baino gehiagotan, entzun nion Barandiaranek,  beltzez jantzita eta horrelako gauzak erranez, anarkista behar zuela izan. Hori erraiten zuen Barandiaranen adorea eta pentsamendu librea goraipatu nahian. Ez, ez zen ohikoa bere garaian, apaiz batek horrelako gauzak egitea eta erraitea.

Euskal mitoa ikertu, zabaldu eta bideratu zuena gaur mito bihurtzeko bidean daukagu, Axular handiarekin gertatu zen bezala. Barandiaran gure historiako pertsonaia handia da, baina mito ere bilakatzen ari zaigu. Herri honek mitoak maite ditu, eta miresten dituenak mito bihurtzeko joera erakusten du anitzetan. Gaur Barandiaranen ibilerak maiz kontatzen dira, ahoz aho, liburuz liburu, artikuluz artikulu  dabiltza eta euskaldunen pentsamendu magikoan beste izar berri bat pizten ari dela iruditzen zait niri. Ongi merezia, gainera. Geroak erranen.

Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa
Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

8 pentsamendu “Barandiaran, Ataun eta euskaldunon mundu magikoa”-ri buruz

  • Pello Eizagirre 2019-09-01 15:35

    “Barandiaranek, inolako beldurrik gabe, erran eta idatzi zuen euskaldunen lehen jainkosak Lurra, Eguzkia eta Ilargia izan zirela eta horrela izan zela, denbora luze-luzean, kristauak gure lurretara etorri ziren arte.”
    Agian, Iruña-Veleian gaia argituko ligukete aurkitutako aztarnek .
    Piezaren zenbakia:13395
    Irakur daiteken testoa: ILAR O / LVRA SVA

    “Sua” izan litekeen egun eguzkiari dagokiona?. Baietzaren alde nago. Hipotesis hau baiestatzeak argituko lizkiguke “sugar”, “sugoi” eta abarreko izenak ere, eguzkiarekin zerikusi handia izango luketelako.
    http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:13395

  • Benat Castorene 2019-09-01 16:38

    “SU”gaurko adieran ere ulergarria izan liteke, dakigularik izadiaren funtsezko osagaia zela presokratiko batzuentzat.
    Bestenaz sua terminoa pasatzeko “iguzki”aren adieratik oraikora gure arbasoekiguzkia suzko pelota erraldoia zelako intuizioa beharko zuten.
    Ez da erabat ezinezkoa.
    Artetik erraiteko zer pena ostraka eder hau datatu nahi ez izaite madarikatu hori.! . .

  • Joseba Aurkenerena 2019-09-01 18:32

    Penagarria eta lotsagarria da Iruña-Veleiako ostraka horiekin gertatzen ari dena. Argi dago horrelako aurkikuntzak min handia egin diela zenbait pertsona eta erakunderi, baina hortik egiten ari direna egitera bada amildegi zabal eta sakona. Bada tenorea datatu ditzaten. Susmoa daukat horien desagerpenaren zain daudela.
    Sua garai batean eguzkia izan ote zen, ez dakit, baliteke.

  • Pello Eizagirre 2019-09-01 20:54

    Oraino nik ere lau elementozko adierazpidetzat izan ditut pieza honen idazkian azaltzen diren hitzak. Baina hasteko,ordea, hiru dira lau izan beharrean, eta gainera dugu ILARena. Ez dirudi oso egokia izango denik ilargiaren aipamena sua, lurra, ura eta airearen artean.
    Gero dago beste gauza bat. Artikuloa, -a bukaeran agertzen zaiguna, LVRA eta SUAn, hain zuzen. Agian zerikusirik ote daukaten balizko izendapen berezi horrekin? Nolabait, ez lioke emango beste kutsurik artikuloaren ezbaiari?
    Hala ere, esaten duzuenez , froga guztiak egin ditzaten jakiteko behingoz kale edo balekoak diren ala ez.

  • Joseba Aurkenerena 2019-09-01 21:01

    Pello, zure mezua irakurtzean hauxe etorri zait burura: Beti pentsatu dugu ILARGI hil+argi zela, hau da, hildakoen argia edo horrelako zerbait. Baina baliteke izen zaharra ILAR izatea eta hortik gero -gi/-ki edo -zki atzizkiaz ILARGI eta ILAZKI sortu izana, eguzkiarekin bezala: egu + -zki.
    Gainera, badugu IZAR, ILAR horrekin antza handia duena.

  • Joseba,
    Diozunez Barandiaran “azken hamahiru urteak Sarako Ibarsoroberria izeneko etxean” bizi izan zen. Hori ez da arras zuzena, Ibartsoroan zonbait urte egin ondoren Bidartea izan zen bere egoitza 1946/1953. Bertan bizi ziren Antonio Maria Labaien eta familia. Bidartea eta ingurua maiz agertzen dira bere Sarako etnografia lan erraldoian.

  • Joseba Aurkenerena 2019-09-01 21:10

    Joxemiel, ez nuen datu hori ezagutzen. Mila esker argia emateagatik.

  • Joseba Aurkenerena 2019-09-02 18:56

    Pello Eizagirreren bi mezuek nigan piztutako gogoeta:

    Zure bi gutunen irakurketa hutsak zer pentsa eragin dit eta honako testua egitera bultzatu nau. Hasi baino lehen, argitu beharra daukat Iruña-Veleiako ostraken egiazkotasunaren aldekoa naizela eta bat egiten dudala Juan Martin Elexpuru gipuzkoarrak eta Hektor Iglesias lapurtarrak, beste batzuren artean, aipatu ostraken egiazkotasuna defendatzeko plazaratu dituzten agiri, ikerketa eta liburuekin. Hori garbi utzirik, 13.395. piezan azaltzen diren eta gogora ekarri dizkidazun hiru hitzei buruz honako gogoeta egin dut.

    Nik ere, zuk bigarren gutunean erraiten duzun bezala, hiru hitz horiek lurraz, eguzkiaz eta ilargiaz ari direla uste dut. Baliteke ilargiaren izen zaharra ILAR izatea eta geroago –(z)ki / -gi atzizkia hartuta, ILARGI / ILAZKI bilakatu izana. Atzizki hori hainbat pertsonifikaziotan azaltzen da, EGUZKI (egu + zki) delakoan, erraite baterako. Ilar hitzaren oso antzekoak baditugu: IZAR, SUHAR (SUGAR bilakatua), INAR…. Beraz, ez zait atrebentzia handia iruditzen ilar ilargiaren izen zaharra izan daitekeela erraitea.

    Bittor Kapanagak 1978an plazaratu zuen Euskera, erro eta gara liburu gogoangarrian euskararen baitan hiru mintzaira zaharren sistema hirukoitza zegoela aipatu zuen, eta bakoitzak bere erroak eta bere aztarnak utzi dituela izatasuna, egintza eta getasuna adierazteko orduan. Getasuna izatasunaren eta egintzaren eza litzateke bere aburuz. Mintzairarik zaharrenak honako hiru morfema erakusten ditu: IZ izatasunerako, IN egintzarako eta IL getasunerako. Hiru erro zahar horiek abiapuntutzat harturik, hitz eratorri ainitz sortu omen dira. Aipa ditzadan hiru hauek: IZAR, INAR eta ILAR.

    Josu Naberanek 2005ean plazaratu zuen Hitzen koba izeneko liburuan bat egin zuen Bittor Kapanagaren adierazpenekin, eta gainera aipatu zuen Euskal Herrian garai zahar-zaharretan izan zen Nehandertaleko gizakiak ere bere mintzairaren aztarnak utzi zituela eta euskara osatzen duen sistema hirukoitz horren barruan direla. Iz erro zaharraz honela dio bere liburuan: “IZ erroa euskara arkaikoaren zimendarri nagusienetako bat dugu berau, ZI homologoarekin batera. Izarren eta egunaren argia irudikatzeaz gain, bizia ondorioztatzen du, baita izan aditz nagusia ere. Badirudi bizi-energia oro har adierazten duela: izan, izaite, izadi, izaki… Arrasto piloa utzi du mundu zaharrean.”

    IZAR hitza, Naberanen aburuz, Iz nabarmena litzateke, eta gauza bera erran dezakegu adibide honi jarraituz, Inar eta Ilar hitzez. Izar izatasunarekin lotua da, Inar egintzarekin eta Ilar getasunarekin. ILAR biziaren aurkako zuzena litzateke, biziaren eza, heriotza. INAR hitzarekin loturik Inko hitza dugu; batzuren ustez Jainko Jaun Inko izan daiteke. Indar hitza ere honekin loturik egon daitekeela dirudi. Halaber, gogora dezagun gaur (a)inar eta ilar hitzak baditugula gure hiztegian, lehena belar mota da eta bigarrena lekari bat. Loturarik ba al dute lehen aipatu ditugun egintzako Inar eta getasuneko Ilar hitzekin? Nork daki!

    Eta SUGAR eta SUGOI hitzez egiten duzun aipamenak beste honako gogoeta iradoki dit. Ostrakan ILAR, LURA eta SUA hitzak azaltzen dira. ILAR ilargia litzateke, LURA lurra gaurko grafiaz eta SUA eguzkia. Iruña-Veleiako hainbat ostrakatan SUTAN, ZUTAN eta horrelakoak agertzen dira, eta badirudi zeruaren aipamena egiten dutela.
    Adibidez SUTAN SERANA, Aita Gurearen ZERUETAN ZERANA delakoaren ordaina dirudi. (17050 zenbakiko ostraka) Izan daiteke, beraz, eguzkiari, eta orokorrean zeruari ematen zioten izen zaharra.

    Ilar eta Egu hitzak Ilargi eta Eguzki baino zaharragoak izan daitezke, agian gure arbasoak naturalismotik animismora pasatu ziren garai zaharretakoak. Erro zaharrak ILAR eta EGU dira bi hitzetan, eta –(z)ki / -gi atzizkia harturik sorturiko ILARGI eta EGUZKI bi dibinitate naturalista horien pertsonifikazio animista izan daitezke, MARI LURRAren pertsonifikazioa den bezala. Horrela uler ditzakegu SUHAR (gero SUGAR bilakaturik) eta SUGOI hitzen erranahia. Lehena suarekin, hau da, eguzki zaharrarekin loturik legoke, eta bigarrena goiko sua, hau da, goiko eguzkia litzateke.

    Gogoeta honi amaiera eman nahi diot gure erakundeei eta gure intelektualei dei eginez, denok elkarrekin indarra egin dezagun Iruña-Veleiako ostraken behin betiko datazioari egin diezaioten. Ez dugu zer galtzerik, eta bai berriz, ainitz irabazteko, gure hizkuntza hobeto ulertzeko giltza izan baitaiteke.