Gora reggaetoi feminista!

Gora reggaetoi feminista! –

Iraia Pereiro Urkijok Aiaraldea hedabidean idatzia.

Gure herrietako jaietan murgilduta gaudela, betiko galdera: deabrua bezain nazkagarria eta emakumearentzat* munduko gauzarik iraingarriena den reggaetoia herriko tabernetan goizeko bostetan entzun, eta nire gerria kontrolik gabe astintzen hasten denean, zer egin? Zainak moztu?

Ei, ei, ei, lasai txo! Hausnarketa txiki bat: Reggaetoia musika estilo bat da, erritmo bat, nola izan daiteke musika estilo bat berez matxista? Nola demontre erritmo bat izan daiteke iraingarria? Ezin dut ulertu. Inork ezin du ukatu reggaetoi komertzialaren letren artean, ehuneko handi batean gizonak emakumearen* gain dituen pribilegioen apologia egiten dela. Baina, zer gertatzen da beste musika estilo guztiekin? Poparekin, rockarekin, indiearekin, euskal musika tradizionalarekin?

Gora reggaetoi feminista!
Chocolate Remix taldearen irudi bat.

Heteropatriarkatu honek gure bizitzako esparru guztiak lapurtu dizkigu, eta bai, musika horietako bat da. Baina, orduan zergatik dago reggaetoia jo puntuan? Nik, bi arrazoi nagusi aipatuko nituzke: klasismoa eta sexuarekiko dagoen tabua. Nondik dator musika estilo hau? Ez da kasualitatea honen jatorria Latinoamerikako kaleak izatea, alegia. Noski, emakumea lurrazpian uzten duen abestia gizon txuri dirudun batek abesten badu, orduan inor ez da arrotzen honen aurrean. Beste behin ere, sistema kapitalista honek barruraino sartu digun aporofobiak ziria sartu digu. Horra hor klasismoaren aurpegi sotila, gure aurrean. Eta zer esan dezakegu sexu esplizituari buruz? Zelako arazoa dugun horrekin lagun! Poesiaz eta amodio erromantikoz mozorrotutako letra leun batean gizonak emakumea* guztiz menperatzen badu, orduan bai, zein ederra. Baina, haragiaz hitz egiten dugunean, gorputzez, biluztasunaz… orduan alarmak jotzen du. Sexuaz libre hitz egin nahi dugu, nahikoa da, ostia!

Eta bai, gure tabernetan, oholtzetan, txosnetan… letra matxistak dituzten abestiak desagertzen direnean, ez dakizue zelako festa muntatuko dudan, baina ez dezagun kriminalizatu gorputzean sartu eta hainbeste disfrutatzea eragiten digun zerbait. Musika musika da, ez dago hobeago ala txarragorik. Eraldatu dezagun, gure egin dezagun, GORA REGGAETOI FEMINISTA!

Gora reggaetoi feminista! Gora reggaetoi feminista!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Gora reggaetoi feminista!”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-08-31 11:21

    Hu ez da ez heteropatriarkatuzuria eta ez ezer, artikuluko argakiak nazka ematen du besterik gabe. Zikinak zikina izaten jarraitzen du heteropatriarkatua izan, komunismoa izan edo kapitalismoa izan. Eta argudio tontoekin gu tontotzat hartuz zikina ezin da ederra bihurtu. Gauza bat da emakumea eta bere duintasuna eta bestea artikuluko ikasitako hizjarioa. Orain musika munduan ezer aportatzeko ez duen batek erraza du ospea lortzeko: doktrina berria bandera hartu eta hor zehar ibili tabarra ematen.

  • Euskahaldun 2019-08-31 12:41

    Diskurtso paternalista (edo maternalista esan beharko? Kar kar) ederra bota duzu gustu musikal negargarria duzula justifikatzeko. Inolako arte musikalik ez dutenek, erritmo-base eta melodia bariazio monotonoen gainean letra lizunak eta dantza pornografikoak erantsita arrakasta lortzeko bide erreza da. Egungo mentalitatea isladatzen du,
    berehalako kontsumoarena, dena bide errezetik eta orain, musika erreza, letra eta musikaren xehetasunen inguruan erreparatzeko aukerarik ematen ez duena, sexu erreza, ganadu azoka balitz lez adin txikikoak normaltasun osoz, click batez secu harremanak berehala eta edonola izateko sustatzen duen berbera. Etzazu diskurtso sasi feminista horrekin egoeraren larritasuna zuritu mesedez.

  • Hau pena.Gizon txuri dirudun. Eta zu zer zara bada!, emakume zuri dirudun. Irakurri beharko zenuke Iñaki Egañak “Garan” idatzitako testua. Hegoafrikan, Indian, non-nahi, hemen baino askoz ere gehiago, puskaz gainera, praktikatzen da bortxaketa, kulturaz, eta ez dira , ez txuriak, zu zuria zeren neurri berean, ez dirudun. Ezjakin analfabeto erabatekoak baino ez zarete, eta pena, batzuetan nazka ere, hark esan zuenean ” Hasier Etxeberria ongi hilda dago”. Hau b ai nazka!

  • Ze matxista den reggetoia buuuuh… baina eh, itxaron, niri reggetoia gustatzen zait. mmmm. Ea, ni emakumea* naizen aldetik, ezin dut jarrera matxista batengatik errudun izan, ea nola ematen diodan buelta honi.

    Badakit! Reggetoia matxista? Baina musika guztia da matxista eta! Ez… horrekin ez da nahikoa, bururatuko zait beste justifikazio indartsuagoren bat. Ahal dela gizon zuria sartu behar dut tartean. Badakit! Oraingoan bai! Reggetoia latinoek egiten dute, eta ez dira zuriak. Hortxe dago koxka. Reggetoia matxistatzat jotzen da latinoek egiten dutelako, eta orduan, gizon zuriek beren arrazismoa azaleratuz matxistatzat jotzen dituzte, gainontzeko musika bakean utziz. Ikusten? Banioen ba nik, nire jarrera matxistaren errua ezin nuen nik eduki, errua gizon zuri hetero pribilegiatu horiena da beti bezala!

  • Regetoia, heteropatriarkatua, emakume*, subalternoak, jendarte, hilekoa, giza dragoiak…gehiago espero nuen armiarma dekonstrukzionistaren eskutik. Eta ni kezkaturik…