Aizpea Goenaga izango da Etxepare Institutuko zuzendaria

Antzerkiari eta zineari dagokionean, denetarik egiten ikusi dugu Aizpea Goenaga: idazten, antzezten, zuzentzen, ekoizten… Gutxik erakutsi dute berak adinako adore eta indarra euskarazko antzerkia eta zinemagintza defendatzeko orduan. Telebistan eta paperezko hedabideetan ere, ez da makala izan haren zeregina.

Denak eta gehiago beharko ditu orain, ordea, Etxepare Institutu sortu berria munduan ezagutzera emateko. Euskarazko kulturaren izen ona dago jokoan. Besteak beste.

MjQwNA==

Etxepare Institutua 2009an sortu zen baina orain arteko bere bilbidea antzua izan da guztiz. Barne eztabaidatan eta bere zeregin/norabideak finkatzen egin da ahalegina, eta zalantza zegoen krisi garaiotan jaio ere ganoraz jaioko ote zen.

Berez, honakoa egiteko sortu zen Etxepare Institutua: “euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako tresna eta euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpena helburu duen Institutua da. 2009ko urtarrilaren 9an hasi du bere jarduna.”

Irrigarria gertatzen da, hala ere, jakitea duela urtebete egin zen lehen bileretako batean  PPko ordezkariak gaztelaniaz mintzatzeko eskatu izana, “porque en castellano entendemos todos”. Zein aurpegirekin begiratu ote zioten Iparraldeko ordezkari diren Claverie eta konpainiak?

Hori ere ikusteko baitago, PSOE gobernuan izanik, Nafarroa eta Iparraldeko ordezkariek jarraituko ote duten batzordean. Pentsatzekoa da baietz, euskararen eremura zabaldu behar bailuke Etxepare Institutuak bere zeregina eta ez lurraldeen zatiketa administratiboaren areberako mugatu. Baina, ikusiak ikusita, auskalo. Aholkua onartzen bazaigu, Ramon Llull Institutuaren adibide kataluniarra aholkatuko genuke guk, haiek ere hamaika lurralde eta administrazio hartzen baitute menpe: Andorra,Katalunia, Valentzia, Baleareak…

Goenagak edukiko duen beste zereginetako bat, “euskal” terminoaren beraren eztabaida argitzea izango dela esango genuke, izan ere, arte batzuk hizkuntzarekin lotuak diren bitartean (literatura, antzerkia, zinea…), beste batzuk ez dute halako loturarik (arte plastikoak, dantza, musika…). Zeintzuk, zergatik eta nola bultzatu izanen da lehenengo kontua.

Ondoan ditugun Farntzia eta Espainiako (Instituto Cervantes eta Institut Française, alegia) ereduak imitatzen badira, itxura batean ematen du hizkuntzarekin lotutako ekoizpen kulturalak bultzatu behar direla berariaz. Baina hori ikusteko dago. Paradoxak baliol badu, ikusteko dago gaztelaniazko “euskal”  sorkuntzak zein izan beharko duen lekua Etxepare Institutuaren baitan.

Ez dauka lan erraza Goenagak, baina kemenik ez zaio faltako. Hori aurrez dakigun gauza da.

Irudia | Aizpea Goenaga | Aizpeagoenaga.com | Creative Commons By SA
Aizpea Goenaga, Etxepare Institutua, Kultura
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Aizpea Goenaga izango da Etxepare Institutuko zuzendaria”-ri buruz

  • Animo Aizpea!! Jalgi hadi euskal kultura mundura. Nola? adibidez hitzarmenak lortu munduko unibertsitetekin han euskara ikastea posible izateko, sustatu euskal zinema, antzerki eta literatura munduan barrena, Etxepare institutua interneten webgune interesgarri bat izan… mila gauza egin daitezke baina gakoa eraginkorrenak eta beharrezkoenak hautatzean datza. Sorte on.

  • Hainbat izen bururatzen zaizkit Aizpea estimatuak baino hobeto bideratu zezaketenak Etxepare insitutua.

    Arte-sorkuntzaren alorraren nolabaiteko ezagutza duenik ez dut ukatuko, baina ez dut egokiena ikusten atzerriko unibertsitateetako lektoradotzak, Euskal Etxeekiko harremanak edota euskararen irakakuntza-programak bultzatzeko atzerrian.

    Uste dut gure unibertsitate eta erakundeetan merezimendu gehiago eta hobeak dituzten hainbat eta hainbat baditugula. Hori bai, beharbada, ezetz esan diote egindako gonbiteari…

    Bakar-bakarrik eskatzen diot Aizpeari ez ditzala zapuztu euskaldunok erakunde honetan jarrita ditugun esperantzak. Eta ez dezala ahaztu zergatik eman zitzaion institutu honi Etxepare izena: EUSKARA jalgi hadi mundura!

    Ib

  • Hasier Etxeberria

    […] Aizpea Goenaga izango da Etxepare Institutuko zuzendaria […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude