#denokbatera, Athletic! (bideoa)

Athletic zaleentzako egun handia da biharkoa, maiatzak 30 zapatua, Kopa finala jokatuko baitau Athleticek Bartzelonan. Belar gainean bizkaitar taldeko jokalariak arerioa baino gutxiago direnaren jakitun, harmailetan erakutsi nahi dabe nagusitasuna zaleek; askoz gehiago izango ei dira barça zaleak  baino, hauen sarrerak 200-300 euro bitartean erosten ei dabiltza-eta!

Kirol aldetik bi taldeen arteko alde galanta ezagun dau taldeak ere, eta bideo bat atondu dau Athleticek finalera begira, #denokbatera leloa daramana (“La final la jugamos todos”).

Bideoa Ligako azken partida eta gero, Andoni Iraola jokalari fina omentzearekin batera aurkeztu eben. Protagonista daben ume athletic zaleari, bere egunerokotasunean, jokalariak agertzen jakoz alde guztietatik, baita eskuz binakako txapelketan ere!

(Making Of-a ere badago, hemen). Sarean gainera, ehundaka batzuk badira zaleek beraiek egin eta eskegi dabezan bideoak, hitzordua berezia dala-eta.

Gabarra
Datorren zapatuan Espainiako Errege Kopako finala jokatuko dabe Barcelona F. C. eta Bilboko Athletic-eko mutilek. Elkarren kontra jokatzen daben zortzigarren norgehiagoka izango dabe, Kopa finaletan, eta aurrekoetako bostetan Katalanak izan dira nagusi; halandabere ez da ilusiorik falta bizkaitarren artean.

Milaka izango dira Bartzelonara bertara joko daben zaleak -50.000 milatik gora eta asko sarrera barik, botxoko iturriek esan dabenez-, eta talde zurigorriak hiriaren erdian jarriko daben Athletic Hirian, Plaza España eta Montjuic-eko Iturriaren arteko 20.000 metro kuadrotan, besteak beste Zea Mays eta Doctor Deseok (bihar eguerditik aurrera), eta Gatibuk (gaur gabaz) joko dabe.

Partida irabaziko baleu balentria handia lortuko leuke Athletic-ek, titulu inportanterik lortu barik hiru hamarkada egoteaz ezeze, Bartzelonak egun munduko talderik onena dau eta, egundokoa, jokoan daben guztia irabazteko aukerak dabezana. Gainera, ez da ahaztu behar Messi eta enparauek etxean jokatuko dabela, Bartzelonan bertan.

Kopa irabaziko balebe, eta horretarako eginahalak eta bi egingo dabez jokalari zurigorriek, datorren astelehenean, ekainaren 1ean, izango da gabarra itsasadarrean gora; txiki geldituko jako Bilbo. Eup!

 

*Bartzelonarako bidean, gaur Guardia Zibilak egin ei die ongi-etorria Athletic zaleei Zaragozan, eta isunak jarri autoetan bandera zurigorriak ebazenei.

#denokbatera, Athletic! (bideoa)

Athletic, Barcelona, futbola, Kopa finala

Zer duzu buruan “#denokbatera, Athletic! (bideoa)”-ri buruz

  • Patxi Artola 2015-05-30 20:59

    Zuri-gorri, dekretuz

    Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2015-05-29 12:37 Iritzia

    Mendebalean, Bizkaian argitaratzen diren egunkarietan ez dago beste konturik, Espainiako Errege-koparen finala jokatuko baita bihar Bartzelonan. Azaletako argazkietan, bandera zuri-gorriak erakusten dituzte. Zuri-gorriz jantzitako lagunak. Zuri-gorrizko azala duten gozoki asmatu-berriak.

    Eraikuntza partikular nahiz publikoetan jarri dira teilatutik kalerainoko oihal zuri-gorriak, metroak eta metroak; kilometroak jarri direla egingo nuke, Bilbon baikaude.

    Atentzioa eman dit bandera zuri-gorriak eraikuntza publikoetan ere izatea: eskoletan, udaletxeetan, ospitaletan… Atentzioa eman dit ikustea eskola batzuetara umeak sartzen direla Atlheticen ereserkia bozgorailuetatik entzuten dela.

    Ematen du Bizkaia eta Bilbo, Bilbo eta Bizkaia zuri-gorri bilakatu dituztela dekretuz. Ogia falta dela, ongi-etorria izan bedi zirkua…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude