Yolanda Barcinak Sarrionandia irakurtzen du

Uxue Barkos Nafarroako presidente izateko bidean ei dagoen arren, Yolanda Barcina da oraindik erantzunkizun hori betetzen duen emakumea, gutxirako bada ere.

UPN-ko kidea aztoratu samar dabil egunotan bere alderdiak erresuma zaharreko agintea ez ezik hiri buruzagikoa ere gal dezakelako; eta jakingo duzuenez, adierazpen “pizgarri batzuk” egin berri ditu Televisión Españolan.

Boto emailea, nola ez,  errespetatu egiten du Barcinak baina… hausnartu beharra ei du herritarrak -UPN bozkatu ez duen heinean  beti ere-; Nafarroaren balizko etorkizuna egungo Venezuelara, Peronen Argentinara edo… Hitler aurreko Alemaniara hurbil baitaiteke! -Barcinak aipatu zituen herrialdeak-.

1933an hauteskundeak irabazi eta Alemaniako boterea erdietsi zuten Naziek, eta ezagun da geroztik, demokratarik sutsuenek beti erabiltzen dutela gertakaria adibide gisa, hauteskundeen emaitzak gustuko izan ez dituztenean (3.43 minutuan aipatzen du Barcinak).

Yolanda Barcinak Sarrionandia irakurtzen du
Barcinak honela agurtzen ditu nafarrak.

Barcinaren konparaketa, beraz, ez da gauza berria, baina esandakoen larriaz oharturik, TVE-ko kazetariek beste bi aldiz galdetu behar izan diote, “Nafarroaren egoera Hitler agintera heldu zeneko Alemania Naziarekin konparatu duzu?” (6.02 eta 7.22 minutuetan). Guztietan, argi erantzun gabe, “kakamokordoa hemen utzita joan da” Barcina.

Bilduk Iruñeako alkatetza lortzeko aukera izatea Naziak boterera heltzearekin parekatzeaz gain, Barcinak sistema elektoralean aldaketak proposatu -bigarren buelta baten aldeko agertzen da, Frantzian bezala (5.21 minutuan)- eta “antisistema”-tzat  jotzen dituen alderdiei komunikabideetan tokia mugatzea iradokitzen du (6.46 minutuan); beti ere hiritarren mesedetan, ez pentsa!

Atentzioa eman digu, bestalde, 12 minutuko elkarrizketan -bi aldiz esanak kenduta laburtu egin dugu-, eta  kazetariek Nafarroako Gobernuagatik galdetzen dioten arren, Barcinak Iruñeko Udala hartzen duela behin eta berriro ahotan.

 

Autokritika

Nafarroa ahitzearekin nahikoa ez eta hiritarren, sistema elektoralaren zein komunikabideen errua da orain UPN-k agintea galtzea. “LLega la alternativa KAS”, dio presidentak! (1.30 minutuan).

Aldaketa garai  honetan, hausnarketa sakon bat eskatzen die hiritarrei Barcinak. Berak, bere aldetik eta oraindik ere UPN-ko presidente den aldetik, ezker-eskuin egin du “Autokritika”; antza denez irakurria du Joseba Sarrionandiaren “Hitzen ondoeza” (Txalaparta, 1997) hiztegi-saiakera.

Yolanda Barcinak Sarrionandia irakurtzen du

Yolanda Barcinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude