Zu barik ezingo bainuke…

Zu barik ezingo bainuke… –

Barkaidazu, hasiera batean zure izaera bera zalantzan jartzeagatik. Txiki-txikitatik ezagutu zintudan. Hasiera batean ez nuen zalantzan jartzen zurekin egiten nituen gauza horiek. Garai hartakoak ordea, ez ziren garrantzitsuak, nire haurtzaroko bizitza zen eta.

Nerabezaroan zuk nirekin egon nahi zenuen. Ni, ordea, zalantzati. Barkaidazu laztana, ez baitzintudan ulertzen. Nire nortasuna bera zalantzan jarri nuen, identitate-krisia ere edukitzeraino. Garai hartan nire burua zalantza-dantzan zebilen. Izan ere, zurekiko maitasuna besteen aurrean erakustea bera ere ez nekien egokia zen. Zure itxuraz ere ez nengoen ziur. Pentsa, ez nekien nire gustukoa zintudan edo ez!

Baina aurrerago, 17 urte nituenean, konturatu nintzen erabaki irmoa hartu behar nuela. Zirt edo zart egin behar nuen. Bai. Eta, ez nizula berriro ere huts egingo zin egin nion nire buruari. Izan ere, ohartu nintzen zu gabe ezin izango nituzkeela hainbat eta hainbat gauza egin. Ezingo nituzke Gorka Urbizuren abestiak ulertu.

EztZu barik ezingo bainuke…a hain gogoko ditudan Eñaut Elorrietaren letra horiek ere. Ezta Huntzarenak ere. Zerrenda amaigabea da. Izan ere, zuk helarazi dizkidazun xehetasun eta ñabardura horiek gabe ezingo nituzke, sakon-sakonean, bene-benetan ulertu. Zuk, hala ere, pazientzia handiz itxaron zenuen ni eroso sentitu arte. Lagunek baino, nagusiek esaten zidaten zein maitakorra zinen. Bitxia, ezta?

Barkaidazu, laztana, eragin izan ahal dizudan min horrengatik guztiagatik. Badakit ez zarela onena ezta txarrena ere. Baina zuk zure altzoan jaso nauzu, besarkatu nauzu beste inork egiten ez duen bezala. Nire familia bera bezalakoa zara. Ez zara munduko onena edo txarrena, baina neure-neurea zaitut. Badakit ez didazula huts egingo, beti egongo zarela hor nire zain. Nire mespretxuak barkaezinak dira.

Beti izango zaitut presente, bihotza, nire pentsaeran, nire hitzetan eta besteekiko harremanetan. Hemendik aurrera, besteen aurrean lotsarik gabe eta harro defendatuko zaitudala hitz ematen dizut. Izan ere, zuk ez diozu inoiz besteei esan zer edo nola hitz egin behar zen. Bai, badakit ez zarela indartsuena edo boteretsuena. Baina nik zaren bezala maite zaitut. Nire kuttuna zarelako. Nire zeraren… nire arimaren parte ere zarelako. Ezingo zaitut inoiz ahaztu. Ezingo zintuket nire bihotz eta burutik atera, gaur bertan ere hilko bazina. Eta ziur nago nire ondorengoek ere, berdin jokatuko dutela. Izan ere nire aberriko hizkuntza zara, euskara.

Zu barik ezingo bainuke…