Ahotsak Gernikako Arbolan, Euskal Herriaren ereserkian

Ahotsak Gernikako Arbolan, Euskal Herriaren ereserkian –

Ahotsak Gernikako Arbolan, Euskal Herriaren ereserkian

2021ari kaixo esanez 2020ko abenduan plazaratu da Txalapartaren azken liburuetako bat: Gernikako Arbolaren biografia: Euskal Herriaren ereserkia. Jose Maria Esparza tafallarrak Covid-19 zomorroaren kontrako neurrien epelean umotu du irakurleak harriturik leituko duen idazlan hau. Testu laburra izateko hasierako egitasmoa luzatzen joan zen, gure Arbolari buruzko informazioa hainbat iturritatik bor-bor oparo isuri ahala, luzatu egin zen datu bilketa eta idazketa, inoiz amaitzen ez den lana, baina azkenean bukatua. Heldu gara eta hona hemen azken emaitza 2020ko urtearen hondarrean. Historikoki, iturri askotan aipatu izateaz gain, pertsona ugarik hartu dute ahotan Gernikako Arbola ereserkia, zenbaitek gaitzesteko, baina zenbatek ere gehiagok goresteko eta haren doinuak laztantzeko. Iparragirreren kantua europar mugimendu iraultzaile eta abertzaleen epelean ondu zen eta, behin sortutakoan, ezusteko indarra hartu zuen Euskal Herrian, hainbeste ezen denek, joera politiko guztiek, nahi izan baitzuten haren karmatik edan. Paradoxikoki eta zorigaiztoz, Gernika herria bera jarri zuen faxisten jopuntuan 1937ko apirilean, eta haren suntsipena ekarri.

Ezusteko indarra hartu zuen Euskal Herrian, hainbeste ezen denek, joera politiko guztiek, nahi izan baitzuten haren karmatik edan.

Esan daiteke ereserkiak askotariko pertsonaien sinfonia bat izan zuela inguruan. Baten batzuk, ez-jakintasunez segur aski, zuzenean lotuko dute Gernikako Arbola ereserkia euskal abertzaletasunarekin edo, are, karlismoarekin, baina irakurleak interesez ikusiko du gure Arbola sinboliko horrek sorreran lotura estua izan zuela Frantziako Iraultzatik sortutako zuhaitz askatzaileen irudiarekin, Bigarren Karlistaldian euskal batailoiek Baionara sartzean ahotan zerabiltela, Kubako Gerraren espainiar joko kolonial zitalean (elkartasun nazionalez) erori ziren euskaldunek ereserkia kantatu zutela, baita euskal errepublikarrek ere 1936ko Espainiako Gerra Zibilean. Musikan (protestan, operetan, zarzueletan, diasporako ekitaldietan…) ezusteko arrakasta izan zuen sorterrian zein nazioartean, haren oihartzunak itsasoak gainditu zituen. Gurean, Gamazadaren epelean (1893-1894), Nafarroan utzi zuen aztarna beharbada inon baino gehiago, hala nola Gaiarre tenorearen eta Sarasate biolin-jolearen errepertorioetan. Batera edo bestera, euskaldunen ereserkitzat hartu dute bertako zein nazioarteko idazleek, kazetariek eta politikariek, baita euskaldunen ereserki nazionaltzat ere, normaltasunez, karlistaldien lorratzean Euskal Herria Ameriketako bidean husten zen bitartean.

Euskaldunen ereserkitzat hartu dute bertako zein nazioarteko idazleek, kazetariek eta politikariek, baita euskaldunen ereserki nazionaltzat ere, normaltasunez.

Nafarroara itzuliz. Nola adierazi nafar ahots horiek idazlanean? Euskal idazleen eta itzultzaileen aspaldiko buruhaustea da traizio egin gabe irudi albait zintzoenaz errealitatearen berri ematea, euskara estandarrean bai, baina asepsian erori gabe. Bada, idazlanak bertakotasuna adieraztea eskatzen zuen, beharbada David Jaime Dean tafallar eta euskaldun errepublikazalearen itzala izango da. Nafar kutsua hartu du ahots nagusiak: erran egin du, eta ez esan, berbera Tafallakoa izanik, eta nafar isuri hori guzia aurkituko du irakurleak, ez baita nafarrera esatearen berdina, Altaffayllaren Tafallaren historia liburuan jarraitu zen bidetik (2000). Ahots nagusiak, kontalariak, bere lurraldeko euskararen ukitua duen bezala, hor agertzen diren beste pertsonaiak ezin ziren bera bezala mintzatu nafarrak ez baziren.

Liburuan baliatutako iturrietan, askotariko ahotsek maiz erdaraz egiten zuten, eta zein hizkera ukiturekin adierazi, orduan, haien hitzak? Nafar ukitua hartu dute testuko aipuek hizlariak Euskal Herrikoak ez direnean; Euskal Herri mendebaldekoen ahotsak, berriz, lurralde horietako lexiko eta esamoldeetara lerratu dira, eta Bortuez iparraldekoek Bortuz haranzko ukitua izan dute, inoiz edo behin agertzean.

Tamalez, 80ko hamarkadan eta aurreko belaunaldiari kontra egiteko gogo biziaz, Irungo Baldin Bada taldearen ahotsak, ereserkirik nahi ez zuenak (anarkoa baitzen, ulertzekoa beraz), letrak itxuragabe aldatu zizkion, apostasiaz edo, baita haietan Gernikako Arbola “EAJren ereserki” bihurtu ere. Bada, euskaldunen ereserkiak lur azpian bukatu zuen, are alboratu eta tristeago utziz EAJk (EAEko ereserkian) eta beste alderdiek zoko bazter batean utzitako mende eta laurdeneko euskal askatasunen ereserkia. Ez, segur aski ereserkia ez da erabat zuri eta ez beltz, halakorik ba al dago inongo ereserkitan? 2020an ozen etorri da sortu zenetik Gernikako Arbola izan dena ofizialki eta babes zabalez berreskuratu eta aitortua izateko eskaera, Euskal Herriko musikaren ahots ugarik bultzatua. Gernikako Arbolaren lehen bi paragrafoak Euskal Herriko ereserki, hala izango ahal da!

Ahotsak Gernikako Arbolan, Euskal Herriaren ereserkian

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea