Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko

Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko –

“Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko. Zer da, dislexia ala atzerapena?”

Irakurtzen ikasteko prozesua garapenaren eta ikaskuntzaren interakzioaren emaitza da, eta, berez, oso konplexua.

Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzekoProzesu hori nola garatzen duten, alde handiak egoten dira umeen artean. Ikasle gehienek 6 edo 7 urte inguru dituztenean ikasten dute irakurtzen, Lehen Hezkuntzako lehen urtean. Gutxi batzuek Haur Hezkuntzan ikasten dute, eta beste gutxi batzuek geroago, 8-9 urterekin; batzuetan, luzaroko laguntzarekin soilik ikasten dute irakurtzen. Azken horiei dagokienez, urritasun kognitiborik edo beste mota bateko urritasunik ez badute, gerta liteke irakurtzeko zailtasun espezifiko bat izatea.

Eredu jarraituaren barnean, Gauss-en kanpaian kokatzen dira haurrak. Eredu horretan, oso txarto irakurtzen dutenak punta batean daude, eta beste puntan oso ondo irakurtzen dutenak; erdian, continuum bat dago. Oso txarto irakurtzen eta idazten dutenek ikasle normalek baino emaitza nabarmen txarragoak ateratzen dituzte irakurketa-proba edo/eta idazketa-proba estandarizatuetan (PROLEC, TALE…). Bada, nahasmendua dute haietariko batzuek: dislexia.

.

ZER DA DISLEXIA?

Nazioarteko sistema nagusietako bik (DSM-IV eta CIE 10) diagnostikoa egiteko ezartzen dituzten irizpideetan, ikaskuntzan izaten diren nahasmenduen artean ageri dira irakurmena eta idazmena garatzeko arazoak.

Sailkapen horien arabera, ikasteko nahasmenduen ezaugarri nagusia da umeak ikasketetan duen errendimendua nabarmen eskasagoa dela haren adinekoengandik eta haren adinekoen adimen-kozientetik espero dena baino. Ikasteko nahasmendua duen umeak arazo larriak dauzka espezifikoki irakurri, idatzi edo kalkulatu behar duenean;hala,dislexiaren kasuan, ezaugarri nabarmenena da hitzak zehaztasunez eta arin identifikatzeko zailtasunak izatea.

DSM-IV eta CIE 10 nazioarteko sistemen definizio horiek hainbat muga dituzte. Arazoetako bat da adimen-kozientea eta irakurketan dugun errendimendua bat ez etortzea hartzen dutela kontuan. Baina desadostasun hori neurtzeko, haurrek 8 urte bete arte itxaron behar dugu, lehenago egitea ez baita fidagarria.

.

ZER DA ATZERAPENA?

Atzerapenean, haurrak normala baino denbora luzeagoa behar du irakurtzen ikasteko; baina, azkenean, ondo ikasten du.

Atzerapenaren zergatiak, askotan, esparru soziokulturalean eta hezkuntzan aurkituko ditugu. Umeak, izan ere, irakurtzen ikasteko arazo larriak izan ditzake, eskolatu aurretik lexikoa gutxi garatu badu, liburuekin harreman gutxi izan badu, heldu batek lagunduta inoiz irakurri ez badu… Horretaz gain, irakaskuntza intentsitaterik gabekoa bada -material eta metodo desegokiak erabiltzen direlako edo espezialisten laguntzarik ez dagoelako-, umeak irakurtzen ikasteko dituen zailtasunak dislexia neurobiologikoa duen haur batenak bezalakoak izan daitezke.

Beste askotan, hau baino ez da arazoa: umearen heltze-prozesua normala baino astiroago doala; beraz, denbora eta errefortzu gehiago behar da.

.

ZER IRIZPIDE ERABILI ATZERAPENA ETA DISLEXIA BEREIZTEKO?

Atzerapena edo nahasmendua den jakikeko, irizpide orokor batzuk hartu behar ditugu kontuan. Irizpide hauek definitzen dute dislexia:

  • Nahasmendu espezifikoa da: irakurtzeko eta idazteko arazo larriak ditu umeak, baina beste zereginetan ez du arazorik; adibidez, errendimendu ona dauka espazioaren pertzepziozko jarduerekin (puzzleak, dominoa…).
  • Iraunkorra da, bizi osorako.
  • Arazo neurobiologikoa da: dislexia duen umearen garunak, funtzionalki, beste modu batera jokatzen du. Gehienetan, ez dute adimen-koziente eskasa izaten, baina ume dislexikoen irakurketa maila nabarmen baxuagoa da haien adinekoengandik eta haien adinekoen adimen-kozientetik espero dena baino. Hala eta guztiz ere, berezitasun batzuk aurki ditzakegu proba kognitiboetan (adibidez, WISC-IV).
  • Zentzumenaren, adimenaren edo beste zerbaiten gabeziaren bat ere badago, irakurtzeko zailtasunak handiagoak dira gabezia horrek berak eragin ohi dituenak baino; horrelakoetan, ezkutatuta egon liteke dislexia.
  • Ikasketetan, errendimendua eskasa dute, bai eta eguneroko bizitzako zenbait jardueratan ere (irakurtzeko abileziak beharrezkoak badira jarduera horiek aurrera eramateko).Dislexia duten ikasle gehienek idazteko arazoak ere izaten dituzte, eta, hainbatetan, kalkuluak egiteko ere bai..

.

DISLEXIAREN DIAGNOSTIKOA. NOLA JOKATU ESKOLAN?

Ikaslea eskolatzeak behar bezalakoa izan behar du. Kasu batzuetan, baldintza hori ez da betetzen: ijitoak, etorkinak… Horrelakoetan, ezin dugu hasiera batean ikaslea dislexikoa dela esan; kognitiboki nola funzionatzen duen jakin behar dugu. Bestetik, oso inportantea da eskolan metodo eta material egokiak erabiltzea; lan prebentiboa egin behar da beti, eta, kasu batzuetan, errefortzu-neurriak hartu behar dira; beharrezkoa ikusten bada, komeni da talde txikitan edo/eta banan-banan lan egitea.

Gorago esan gugun bezala, ikasleak 8 urte izan arte itxaron behar dugu dislexiaren diagnostikoa egiteko (Lehen Hezkuntzako 2. edo 3. mailan). Bitartean, irakurtzen irakasteko, berdin jokatu behar dugu ume guztiekin. Horrek ez du esan nahi zailtasunak detektatu arte itxaron behar dugula: lan prebentiboa egitea guztiz beharrezkoa da, eta, batzuetan, irakurketa indartzeko neurriak hartu behar dira, bai taldeetan, bai banan-banan.

.

DISLEXIAREN ADIERAZLEAK HEZKUNTZA ETAPETAN

Dislexiaren adierazleak aldatu egiten dira bizitzan zehar: lehenengo etapetan, ahozkoaren, irakurketa mekanikoaren eta ortografia naturalaren alorretako akatsek ematen dute atentzio gehien; bigarren etapan, berriz, horrelako akats gutxiago egiten dituzte: poliki irakurtzen dute, ortografia akatsak egiten dituzte, zailtasunak dituzte testuak egituratzeko, testuak ulertzeko zailtasun handia dute (esfortzu handia egin behar dute irakurtzeko, eta horrek galarazten dio ulermenari)…

Horiek horrela, adinak markatzen digu umeekin zer landu behar dugun:

  • 6-7 urte arte, prebentzio lana egingo dugu: adimen fonologikoa izango da programaren helburua, disfuntzio hori baita irakurtzeko zailtasunen oinarria.
  • 6 eta 9 urte artean, ahozko zein idatzizko kontzientzia fonologikoa garatzea eta irakurketaren automatizazioa hobetzea izango dira helburuak.
  • 10 urtetik aurrera, frogatuta dago zaila dela kontzientzia fonologikoa garatzea eta irakurketaren automatizazioa hobetzea. Testuak ulertzeko estrategiak landu behar ditugu. Beste estrategia batzuk ere baditugu ikasten laguntzeko: kalkulagailuak; ahots-grabazioak; ikasgaiak boz goran irakurtzean, heldu bat izatea alboan irakurri ahala zuzentzeko; testu-prozesadoreak; testu digitalak audio-testu bihurtzeko programak…
Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko  Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko  Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko

4 pentsamendu “Nire ikasle batek arazoak ditu irakurtzeko”-ri buruz

  • GizonMisteriotsue 2017-11-26 14:06

    Kaixo Lorea !! Galdera bat dekot zuretzat… ze urtetan jaio zinan¿?

    • Kaixo! 17 urte ditut, baina nire ahizpa nagusia 21 urte ditu eta magisteritza ikasten ari da, gauza hauei buruz asko hitz egiten dit eta aproposa iruditu zitzaidan gauza hauei buruz hitz egitea..

  • Askotan irakurri dut prentsan dislexia lehenago diagnostikatu behako litzatekeela etab. Atzo, 17-12-17, esate baterako, Deia egunkarian…

    Irakurri nahiko nukeena, baina, diagnosiaren ostean zer egin litekeen. Dislexia daukaten ikasleei ariketa batzuetan denbora gehiago eman, beste modu batean ebaluatu… Badaukagu, gaiaren inguruan zer ikasi.