Gatibu: “Bizkaieraz kantatutea ukitu exotikoa omen”

Gatibu: “bizkaieraz kantatutea ukitu exotikoa omen” –

Gernika inguruko rock estiloko musika talde bat da Gatibu. 2000 urteko udan sortu zuten. Bizkaieraz abesten dute; Busturialdeko euskalkian, zehatz mehatz. Taldekide nagusia Alex Sardui da, azken urteotan nahiko ezaguna ETBko hainbat saiotan parte hartzeagatik.

Instrumentu nagusiak kitarra, baxua eta bateria dituzte, baina Alexen ahotsa bereizgarria da. Alex-ez gain, beste hiru kidek osatzen dute taldea: Haimar Arejitak, Gaizka Salazarrek eta Mikel Caballerok. Antza, Haimar da taldearen ardatza, izan ere, berak ezagutu zituen gainontzeko taldekideak.

Hasiera batean, Alexen lokal batean biltzen ziren. Kasete eta gitarra akustikoaz hasi ziren. Taldera, bateria eta bajista gehitu ziren eta orduantxe lokalez aldatu zuten.

Ia 15 urteko ibilbidean, zazpi disko kaleratu dituzte. Azkena, 2016an plazaratu zen, “Aske Maitte, Aske bizi” izenekoa.

“Aske Maitte” abestia, disko horren abesti ospetsuena da. Youtube-n ikustaldi pilo dauzka, ia 3 milioi! Arrakasta izugarria.

Gatibu: "bizkaieraz kantatutea ukitu exotikoa omen"Gaur egun, bideoklipak ere garrantzi handia du, abestia bera ezagutzera emateko. Aske Maitte-ren ekoizpenean denetarik  zaindu dute: eszenifikazioa, koreografia, irudiaren kalitatea, dantzarien koordinazioa/sinkronizazioa, dron bidezko ikuspegi ikusgarriak, Elantxobe herriaren xarma, Izaro abeslariaren kolaborazioa… eta hori dena, aldarrikapen bat eginez: maitatzeko modu asko daudela, eta denak askatasunez burutu daitezkeela.

Argi dagoenez, bideoklip hau oso profesionala da; ikusgarri eta erakargarria da, zalantzarik gabe. Horregatik ikus-entzuleengana heldu da, publikoa euskalduna izan zein ez izan. Bideoko iruzkinetan ikusten da hori.

.

Haimar Arejita: «Bizkaieraz kantatutea ukitu exotikoa omen»

Taldeaz luze eta sakon aritzeko, Haimar Arejita taldeko gitarra joleari galdera batzuk planteatu dizkiot. Hona hemen galderok:

Gatibu taldea 2000 urtean sortu zenuten. Denok zenuten esperientzia beste talde eta proiektuetan. Nola sortu zenuten taldea? Zergatik?

Bai, denok gentozen beste proiektu batzuetatik, batzuk ezagunak, beste batzuk ez… baina musika esperientzia denok eduki dogu, bai.

Batzutan ez dakizu zergatik den,  gauza batek besteren batera eroaten zaitu eta berba egiten egon ginen Alex eta biok. Zeozer gustatuko leuskigukeela sortzea, gauza berriren bat bizkaieraz, euskaraz izatea, eta esan genduan “Zer, hasiko gara batzen eta gitarra batekin eta..?” eta beno, hasi ginen intentzio handi barik, baina zerbait sortzeko helburuagaz.

Zergatik “gatibu” izena? Zerbaiten gatibu izatea salatu nahi duzue?

Hori Alexen kontua zan, burutan ez zan izan, holantxik etorri zan burure eta esan “zer Haimar, hau izena okurri jat, Gatibu da” oso erraza, garbia, erraza ahoskatzeko…

Gatiburen esanahia “cautivo” da. Hitz bat da, nahiko iradokitzailea eta azken finean zer jotzen dozun, taldearen izena jartzen dozunean islatu behar da. Erraza izatea, laburra. Eta esanahi potentea badeuko, askoz hobeto.

Bizkaieraz aritzen zarete. Nire uste apalean, horrek naturaltasun, freskotasun eta nortasuna ematen die abestiei. Eztabaida handia dugu euskaldunon artean, batua dela eta ez dela.

Nik pentsatzen dot naturaltasuna eta freskotasuna bai izan leikela, ze azken finean, guk gure eguneroko bizitzan berba egiten dogun era bardinean abesten dogu, orduan, bai, guk berba eta pentsatzen dogun era berdinean. Eta batez be, ez dagoelako talde askorik bizkaieraz kantuak sortzeko, baina beno, ni ez nago pentsatzen hobeto edo txarrago batuaz egiten danik. Nik uste dot garrantzitsuena dala abesti ona sortzea edozein euskalkitan.

Kontrakotasunik nabaritu duzue bizkaieraz egiteagatik?

Guk beti izan dogu harrera oso ona, Gipuzkoan izan leike toki apur bat, zuk komentatzen dozunaren harira, apurtxu bat konflikto gehien egon leiken tokia, eta nire eritxiz, gipuzkoarrak hartu dabe bizkaitarrak baino hobeto, gure “Bizkaiako poesia”. Guztiz onartuta dago, nik uste dot apur bat puntu exotiko moduan….. ez dakit, hasieratik harrera ona izan dogu eta guretzako ia normala da. Adibidez, gipuzkeraz abesten dabenak be bai, zerbait exotikoa dabe, ez dakit.

Taldekide bi Bilbo eta Basaurikoak dira. Haiek bizkaieraz egiten dute? eta zuen artean?

Haiek batueraz ikasi dabe eta gure artean bizkaieraz eta gazteleraz egiten dogu.

Fito abeslaria Gernikan bizi da. Berarekin elkarlana egin duzue. Fito euskara ikastera animatu al duzue?

Fitorekin kolaborazioa duela hamabost urte egin genduan, eta Urepel abestia gurekin egin eban gure laguna zalako, kanta asko gustatu jakolako eta horrela, gauza natural bat zan. Bera gure estudio bardinean egon zan eta berba egin genduan “Zer, zerbait egingo dogu? Bai, bai…” eta horrela sortu genduan Urepel. Eta beno, euskara ikastera animatzea, ba ez dot uste baina gustatuko leuskigu…

Azken kolaborazioan Izaro izan duzue lankide. Musika arloan neska asko daude kontserbatorioetan. Kontzertuetan, beren kabuz abesteko joera dute koroetan (batez ere 15-23 urtekoak). Musika komertzialean asko agertzen dira. Baina dirudienez, emakumeen presentzia musika jaialdietan ez da oso nabaria. Zer dela eta hori? Nola sustatu emakumeen presentzia?

Betidanik ikusi dogu emakumearen presentzia musika pop edo musika komertzialean, baina rockean ez, baina badakizu zer pasatzen dan? EH-ri buruz bagabiz berbetan EH-n dagoen eszena musikal gehiena gizonezkoena da. Zeren ikusten da musika estilo gehiena ba jorratu daben gehiena dala rocka. Eta hor barruen emakumeek ondiño ez dabe %1a bez, kasik inexistentea da emakumearen presentzia. Orduan, rocka da programako kartelen %95a, ba klaro emakumeek ez dabela presentziarik. Nik bakarrik gogoratzen dot Sorkun, Zea Mays… rock estiloko taldeak.

Orain gertatzen ari dana da estiloak zabaltzen dabizela, estilo gehiago batu dira, adibidez musika elektronikoa;  Gose adibidez. Lehen ez egoan horrelakorik, orain derrepente hasi dira jorratzen beste estilo batzuk, eta nahiko transbersala hizkuntzen erabileran be. Ingelesa edo gaztelera erabiltzen da. Nik pentsatzen dot hori zabaldu egin dala eta hortik gehiago sortu egingo dala hemendik aurrera…

Aldaketarik antzeman duzue zuen ibilbidean?

Bai, ez handia, baina aldaketa bai, badago. Nik uste dot emakumeen presentzia gizartearen eraginez halako musikan be bai, baina musika esparru honetan estilo gehiago gertatzen hasi  direlako beste urte batzuetan ez direnak landu eta orain zabaltzen ari dira, adibidez rocka gutxiago entzuten da EH-an, nahiz eta presentzia handia daben. Nik pentsatzen dot beste estilo batzuk entzuten ari direla, adibidez Glaukoma taldea, Izaro edo Anita Parker eta asko neskak dira.

Gaur egun nola lortzen duzue finantzazioa?

Finantzazioa era askotan lortu leike, onena da “banku atrakatie” (karkarkar), baina hori ezin danez, normalean disketxea kontratatzen dogu. Berak diru kopurua jartzen dau. Igual guk beste bat edo negoziatzen dogu gero etekina errekuperatzeko nolabait. Eta holan egin dogu orain arte. Gu urte asko egon gara holan eta urte batzuetatik hona erabaki dogu auto-ekoizpena bideratzea, momentu horretarako guretzat hoberena zan. Probatu genduan eta bi disko egin dogu eta oso ondo eta holan jarraituko dogu.

Orokorrean diskoen merkatu fisikoena bajatu da izugarri, baina egia esan gu salbuespen bat gara. Gatibu, ez dakit zergatik jendeak oraindik 15 urte eta gero diskoak saltzen doguz ia-ia hasieran bezala. Kantitatea dinotsut.  Disko bakoitzetik 15.000 gutxi gorabehera. Hori EH-an nahiko anekdotikoa da, zoritxarrez, baina beno holan da. Guk beherakada ez dogu hainbeste igarri.

Lehen, internet aurreko garaian, diskoen salmentarekin dirua lortu ahal zen. Baina gaur egun?  Kontzertuak emanez bizi daiteke? Interneten, Youtube, Spotify, iTUNES, BADOK… diru-iturria da?

Nik uste dot gehigarri bat dala, ez dau ordezkatzen batek bestea, baina gehigarria da gure kasuan, ze gure disko salmentak ez dira bajatu. Orduan ondo horrekin, ze Spotify edo iTUnes beste plataforma digitala adibidez oso erosoak dira, gainera musika ia dana mobilean entzuten dalako, beraz, pentsatzen dot gehitu egiten dala eta neu naz lehenengo pertsona kontsumitzen dadena gehien bat musika plataforma digitaletatik, erosita. Hori ikusten dogu zenbakietan be, gero eta gehiago dagozala.

Musikari esker bizi zarete Haimar?

Beno, bai eta ez, taldekide batzuk beste lan batzuk badekoguz, baina beno profesionalak saiatzen gara izaten. Taldea gure bizitzako sostengua izatea, ez da erraza baina beno…

Gatibu: "bizkaieraz kantatutea ukitu exotikoa omen"

Mila esker zuen pazientzia eta arretagatik, espero dugu zuen ibilbide eta arrakastak orain arte bezala jarraitzea!!

Gatibu Gatibu Gatibu Gatibu Gatibu Gatibu

elkarrizketa, gatibu, musika

Zer duzu buruan “Gatibu: “Bizkaieraz kantatutea ukitu exotikoa omen””-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2018-09-12 00:46

    Maiz egozten zaigu gipuzkeraren hiztunoi euskara batua “bahitu” dugula, batuak gipuzkeraren kutsu handia omen duelako (zenbaitek “kiratsa” ere esango luke).

    Euskara batuak gipuzkeraren kutsua izateak zentzu osoa du, gaur egun euskara dinamikoena eta biziena euskalki hau mintzatzen den lurraldeetakoa delako (Goierri, Tolosaldea, Beterri eta Urola-Kosta). Azken urteotan eskualde hauetatik dator kultura euskaraz sortu duen hiztun kopuru handiena (kazetariak, idazleak, itzultzaileak, antzezleak, hiztegigileak, irakasleak…) eta euskara batuan hauen hizkera gailentzea erabat ulergarria da.

    Euskara batuak bestelako kutsua izan zezakela? Bai noski, baina bestelako kutsu hori ematea beste euskalkietako hiztunei dagokie.

    Niri ederra eta freskagarria iruditzen zait bizkaiera entzutea “baia bizkaieraz txarto berba egiten dot”, beraz inork ez diezadala eskatu nik sortzen dudan euskarari bizkaieraren kutsua eman diezaiodala. Hori bizkaiera menderatzen dutenek egin beharrekoa lana da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude