Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide

Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide –

Munduan 6.000 hizkuntza omen daude gaur egun. Gehienak, ordea, oso txikiak dira. Hiztun gutxi dituzte eta ez dute presentziarik medioetan, literaturan, kulturan, merkataritzan, industrian, medikuntzan…

Garapen bidean dauden herrietan daude hizkuntza pilo hori. Normalean, nekazal munduko herrialde pobreenetan dauden hizkuntzek dute arrisku handiena desagertzeko. Afrikan, ingeles, frantses edo arabierak ordezkatzen dituzte tribuetako hizkuntza asko. Kasu batzuetan, tribu txiki bateko hizkuntza galtzen da, ondoko tribu handiago baten mesedetan. Asian eta Amerikan ere horrelako fenomenoak suertatzen ari dira. Hegoamerikan gaztelania edo portugesak ordezkatzen ditu hizkuntza txikiak eta Asian, inguruko hizkuntza handiengatik (errusiera, txinera, hiduera…).

Hizkuntza hauek “hizkuntza gutxituak” deitzen dira.

Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide
Andoni Barreña, Garabideren sortzailea

Gure herrian ondo ezagutzen dugu zer den “hizkuntza gutxitua”. Baina guk ez bezala, munduko beste hizkuntza askok,  egoera okerragoa pairatzen dute. Esan bezala, ez dute gureak duen garapenik. Ez dute tradizio idatzirik, arauak ezarrita, ofizialtasunik, ez da eskoletan irakasten…

Honengatik guztiagatik, GARABIDE elkartea  sortu zuten. GKE (gobernuz kanpoko erakunde) bat da, hizkuntza gutxituen suspertze prozesuak bultzatzen dituena, euskararen esperientziatik abiatuta.  Besteak beste nasa yuwea, aimara, guarani, kitxua, mapuzudunga (maputxeen hizkuntza)…

Andoni Barreñarekin (Garabideko lehendakaria) hitz egin dut eta galdetu diot Garabideri buruz eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz:

.

Zergatik aukeratu zenuten Garabide izena? “garatu”, “gara”, “bide”… hitzen elkarketa da?

Hitz jokoa da, bai. Logoan ‘garabide, bidegara’ jartzen du. Argi dago, beraz, batetik ‘garapena lortzeko bidea’ edo ‘garatzeko bidea’ adierazi nahi duela, zuek aurreikusi duzuen legez. Bestetik, ordea ‘bidea gara‘ edo antzeko zerbait litzateke adierazi nahi dena.

Zein irizpideren arabera erabakitzen duzue hizkuntza baten alde egitea eta ez beste batzuen alde?

Elkarteak edo pertsonak dira Garabiderekin harremanetan jartzen direnak eta zerbait eskatzen diegu; erakunderen bat atzean egotea saiatzen gara ahalik eta gehien laguntzen baina modu sendoan lan egiten dugu 6-7 hizkuntzarekin eta modu ahulagoan beste 6-7rekin. Behar ditugu baliabideak. Modu intentsiboan: maputxe, Ekuadorreko kitxuak, Colombiako nissuekin (nassayowea), Guatemalako kaptxikeak, nawatxekin, Yukataneko maya. Apur bat ahulago: Boliviako guaraniak eta Aimarekin, Guatemalako kechiarekin, amasiekin, kurdoekin. Proiektu nagusi gehienekin beti dago erakunderen bat atzean.

Baduzue helburu finkorik epe ertainean, adibidez, hurrengo 5 urteetarako?

Lau lanlerro nagusi ditugu, Kanpora begirako kontuak hiru dira:

  1. Euskal Herrian egiten ditugun formazioak. Kanpotarrak Euskal Herrira etortzen dira formazioa jasotzeko.
  2. Tokian tokiko diplomaturak egitea edo ikastaldiak. Aurten 2 egin ditugu (Kaukako Nasekin eta Yucatango Maiekin). Gure asmoa da egitea Mexico-ko nawatekin eta Guatemalako Sawakachikerekin.
  3. Bidaide: aholkularitza puntualak dira.

Horretaz gain, Euskal Herrian zera nahi dugu burutu: kontzientziaraztea hizkuntza lankidetzaren garrantziaz, geure egoera gogoraztea eta ahuspo ematea.

Zer da gogorrena herrialdeetara bidaiatzen duzuenean? Segurtasun eskasia nabaritu duzue, lapurketarik jasan duzue? Edo bertakoen utzikeria nabaritu duzue? Edo bertakoen arteko gatazketan sartzea?

Egian esanda, erantzuna nire ikuspuntutik, nire subjektibetatetik erantzun behar dut, nahitaez. Niretzat aipatzen ituzuen artean azkena baino ez zait gertatu, ‘bertakoen gatazken sartzea’. Nahi barik izaten da, eta norbera kontrako ahaleginetan diharduen arren. Herri askotan, gurean bezala, ikuspuntu diferenteko lagunak daude eta sarri gertatzen da ‘talderen batek’ bere ikuspuntua gailendu nahi izatea gure laguntzaz.

Baina badago beste kontu bat sarri gertatzen zaiguna, norberak programatzen duen lanaren laurdena ere ez dela lortzen gauzatzea, aurrera ateratzea. Sarri, gure errealitatetik aurreikusten ditugu besteen errealitateak, eta hori gure akatsa izaten da.

Lortuko al da hizkuntza gutxitu batzuk salbatzea? Edo ezinezkoa da?

Ezinezkoa dela pentsatuko bagenu ez genuke zeregin honetan jarraituko, ezta? Badaiteke eta horrela izango da, zenbait hizkuntzak iraungo dute. Ez dakit zenbat, baina zerbait esan beharko banu zera esango nuke, %90 XXI mendean zehar desager araziko dituztela/ditugula. Baina zenbaitek iraungo dute, eta horien artean gaur baztertutako edo gutxitutako dexente izango dira.

Herrialde batzuetan espainiartzat soilik hartzen zaituztete. Lortu al duzue Garabideren jatorria eurei helaraztea?

Gurekin harreman estua dutenek badakite euskaldunak garela eta hizkuntza eta kultura ezberdinak ditugula. Badakite gure ‘bihotza’ (eta burua ere esango nuke nik) euskalduna dela. Sarri esaten digute, badakigu zuen hizkuntza gaztelaniatik oso ezberdina dela, gurea bezala, eta horregatik behar dugu zuekin bat egitea, arazo bertsuak ditugulako. Halere, sarri gertatzen zaigu eskualde horietan espainiartzat hartzea. Gogoan dut, esaterako, 2017ko azaroan Ekuadorreko Imbabura eskualdean izan ginenean, hango egunkari batean, gaztelaniaz ateratzen duten egunkari batean, ‘espainiar talde bat kitxuaren biziberritzeaz’ ari ginela kontatu zuela.

Halere, oso gutxitan ikusi dugu (Hego Amerikan ari naiz) hizkuntza baztertuetako kideak euren estatuan desoroso. Maputxeak dira salbuespena, ez baitaude oso pozik Txileren asimilazio (edo likidazio) estrategiarekin.

Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide
Andoni maputxetarrez inguratuta

Nire amama zaintzen duen pertsona guaraníz aritzen da. EHn bizi diren atzerritarren artean, kontaktua egin duzue? Haiek nahiago dute gaztelania egin eta euren jatorrizko hizkuntza ahaztu?

Bai, batzuetan egin ditugu harremanak. Kitxuekin esaterako, edo Amazighekin. Guk harremanak ditugun lagunak euren hizkuntzak eta kulturak maite dituzte. Bestalde, badakigu zuk aipatzen duzun lagunaren modukoak ere badirela, hemen eta han, gurean bezala (ez ahaztu hau!).

Finantziazioa, batez ere, EHko erakunde publikoetatik jasotzen duzue Garabiden. Laguntzen dituzuen hizkuntzen lurraldeetan ez duzue laguntzarik jasotzen? Adibidez, Kurdua bultzatzeagatik kurdistango gobernutik jasotzen duzue laguntzarik?

Garabidek hemengo erakundeetatik eta zenbait enpresatatik jasotzen ditu diru-laguntzak, eta bazkideengandik ere, noski. Baina guk garatzen ditugun tokian tokiko zenbait programatan edo ekimenetan bertako erakundeek ere laguntzen dute. Esaterako, Caucako nasen artean garatzen dugun ekimena hango CECIDIC-ek edo Plan de Vida Proyecto Nasa-k ere laguntzen dute.

Kurdistanen, zoritxarrez, ez dugu egitasmorik. Ez dut uste Kurdistaneko gobernurik dagoenik, ezta? Royabaz ari bazara, jakingo duzu gerra-egoeran bizi direla. Irak aldean dagoen Kurdistaneko herritarrekin ez dugu harremanik.

Halere, normalean estatuek ez digute laguntzen edo gure egitasmoak ez dituzte babesten. Atsegin dituztela esaten digute (esaterako Ekuadorren edo Mexikoan gertatu zaigu hori azkeneko bi urteetan), baina benetako orduan ez dute baliabiderik jartzen. Ea noiz aldatzen den jarrera hau! Halere, pentsa ezazu gure estatuak zertan laguntzen duen.

UNESCOtik edo nazioarteko beste erakundeen aldetik laguntza jasotzen duzue?

Jasotzeko eskatu egin behar da lehenago, eta oraingoz Garabide erakunde txikia da halakoetan aritzeko. Aurten lehen aldiz aurkeztu genuen egitasmo bat Munduko Bankuaren deialdi batean, baina ez genuen ezer lortu.

Bestalde badugu Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedrarekin harreman sendoa, eta sarri garatzen ditugu egitasmoak batera. Baditugu gobernuz kanpoko beste zenbait erakunderekin harremanak, baina ez dugu proiektu bateraturik aurkeztu oraingoz.

Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide  Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide  Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide  Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide

4 pentsamendu “Munduko hizkuntza gutxituak eta Garabide”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2018-09-12 09:12

    Gure herrian euskara kinka larrian dago eta gure herrikideek laguntza itzela behar dute beren inguruan euskal hizkuntza eta kultura garatu ahal izateko (adibidez, ikus itzazue Iparraldeko ikastolen baliabide murritzak beharrezko irakasleak kontratatzeko) eta hala eta guztiz ere ez-dakit-nongoei laguntza ematen indarrak galtzen ditugu.

    Benetan etxekalte gara…

  • Bitxikeria bat: “aita” kitxueraz “tayta” esaten da. Nahiko antzekoa, ezta?
    “padre, father edo pére edo papa”tik urrunago behintzat.

  • Aitzol Aizurtza: ez dut uste indarrak galtzea denik herri horiei laguntzea. Nazioartean egiten ditugun gauzen artean zerbait salbatu behar banu Garabiden lana izanen litzateke. Gainera seguru naiz lan horretatik gure aldeko onura aunitz sortzen dela.

  • Beste kontu bat da mundu guzia salbatu nahi hori. Hasi Internazionalista brigadetatik eta segi Eusko Jaurkaritzaraino. Bere burua salbatzeko gai ez den herri miserable hau mundua salbatu nahi. Ikaragarria!