Zuzeu Gaztea Saria, eta ekainean zer?
Eta ekainean zer
Ekaineko azken txanpan sartu gara eta aste bete baino ez duzu, 30 urte azpikoa bazara, gurean sarrera bat idatzi eta 150 euro eskuratzeko. Zeren zai zaude, gazte?
Zerbait esateko duen ororentzat tresna ezin aproposagoa delakoan, eta kazetaritzak egun bizi dituen zailtasunak ezagututa, ZUZEU orainkari horizontalak, Azkue Fundazioaren laguntza estimagarriarekin, gazteei zuzendutako saria sortzea deliberatu zuen, Zuzeu Gaztea Saria.
Asmoa, gazteak euskaraz idaztera xaxatzea. Akuilua, 150 euro hilero-hilero, 30 urte azpiko idazlearen sarrera bikainena saritzeko.
Antza, ez da nahikoa, urtarrilean saria martxan jarri genuenetik hona parte hartzea apurka-apurka itzaliz joan baita hilabeteak aurrera egin ahala.
Zer duzu, gazte? Ez duzu ezer interesdunik esateko? Ala zuretzako gorde dugun diru poltsa eskasa begitantzen zaizu?
150 eurogatik merezi ez duela uste baduzu, biba zu, geu baino aberatsago zabiltzan seinale. Baina esatekorik ez duzula uste baduzu, ezin sinetsiko dizugu. Oraindik ekain erdia duzu buruan darabilzun hori gurera ekartzeko; esnatu lozorrotik eta hartu agudo arkatza eta bloka!
Gazte, ZUZEUk (oraindik ere) saritu nahi zaitu. Ez galdu aukera!
* Lehiaketan parte hartzen duen orok benetako izen-abizenez argitaratu beharko du artikulua, argazki eta guzti. (Baldintzak HEMEN).
.
.
Zuzeuko Gaztea sariak azken bost hilabetetan argitaratu dituen artikulu guztiak irakurgai dituzue hemen. Orain arteko irabazleak, hauexek izan dira:
- Urtarrilean, Katalin Antxiaren “Kirol arroparekin bueltaka”.
- Otsailean Alazne Sainz Gil de Paulesen “Feminaziak sutan”.
- Martxoan Jon Intxaurragaren “Museoan mozkor”.
- Apirilean Leire Regadasen “Kaleko eserlekua”.
- Maiatzean Mikel Jauregiren “TTIP edo gure bizitzaren gaineko giltzarrapoa”
Aupa! Ekimen polita jarri duzue abian!
Hilabeteko ikastaro bat ematen nabil ikasle gazte batzuekin eta parte-hartzera bultzatu ditut.
Idazlanak aste honetan joango gara jartzen. Zaila da ikasleak parte-haraztea. Euren esanetan “ez dakit zer idatzi”, “ez dugu lehiaketa irabaziko”… eta halakoak entzuten ditut. Baina irakaslearen laguntza eta inplikazioarekin gutxika-gutxika lortzen dugu.
Nik normalean idaztarazten eta idatzitako argituarazten diet (adibidez: https://zuzeu.eus/euskal-herria/adi-erresaka-hondartzan/)
Wikipediako ekarpenak: https://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Ekarpenak/Souligne