TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa

TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa / TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa

Miguelek  30 urte daramatza meatzari gisa lanean Michoacanen, Mexiko hego-ekialdean dagoen estatuan. Lan gogorra izan arren, gustura aritu da urte guzti hauetan, familia mantentzeaz gain harro sentitzen baita ikasitakoa belaunaldi berriei irakatsi ahal dielako eta bere burua meatzari profesional bezala ikusten duelako.

Lanean hasi eta urte gutxira, ordea, aldaketa nabarmen eta gogorrak jazo zirela datorkio gogora lana galtzear dagoen honetan. Sekula ondo ulertu ez zuen enpresaren salerosketa lehenik (eraginkorra zen!), eta are gutxiago konprenitu zuen NAFTA Itunaren sinadura ondoren. Aitzitik, ondo gogoratzen du, baita ondo ulertu ere, guzti hark ekarri zituen ondorioak: lan baldintzen kaskartze orokorra, soldata jaitsiera lehiakortasunaren izenean, kanpotik zetorren kapitalaren esku-hartzea hainbat eta hainbat sektore estrategikotan eta meatzaritzan zehazki,  ustiapen modu berri eta oldarkorrak naturarekiko… Tristuraz oroitzen ditu garai haiek, batez ere pentsatzen duelako bere garaian enpresak eta gobernuak esandakoari men egin baino beste zerbait egin izan balu, beharbada egun ez litzatekeelako grebara joatera behartuta egongo lanik gabe ez geratzeko. Zer egin zezakeen baina?

TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoaBien bitartean, Zumarragan, munduaren beste puntan dagoen Gipuzkoa erdialdeko herri itsusi batean, Aitorrek lana galtzeko arriskua du; eta hamar urte daramatza bertan… Eraikuntzarako hagaxkak egiten dituen enpresa batean ari da lanean eta aurretik ere mehatxuak jasan behar izan ditu: enpresa itxiko zutela, lekuz aldatuko zituztela, EREak… Oraingo honetan, baina, badirudi benetan itxi eta Euskal Herritik kanpora bidaliko dituztela bera eta lankideak.

Bere etorkizunaren gaineko kontrol eza nabaritzen du Aitorrek, Atlasen zama balitz bezala: erosi berri duen etxea saldu beharra, hipoteka ordaindu eta, hasieran behintzat, alokairuan bizitzeko, seme-alabak lekuz aldatzera behartu horrek dakarren guztiarekin; besteak beste, euskaraz ikasi ezingo duten eskola batean izen ematea, lagun aldaketa edo gainerako familiarekiko urruntasuna. Haustura bortitza dudarik gabe, eta, gainera, zer esperantzarekin? Nork daki zer erabakiko duen ehundaka kilometrora dagoen multinazional honetako administrazio kontseiluak datorren urtean, edo bost urte barru…

Miguel eta Aitor kasu hipotetiko batzuk besterik ez dira, bizpahiru hilabete hauetako errealitatean[1] lekua izan dezaketen bi istorio. Baina, Ozeano Atlantikoaren alde banatan egon arren, deigarria da zenbat bizipen eta egoera konpartitu ahal ditzaketen. Ez diot multinazional berean ari direlako soilik; harago doan kontzeptu edo ideia batez ari naiz: neoliberalismo deritzogun sistema ekonomikoak inposatzen digun erabakimen faltaz, ezegonkortasun sentsazioaz, norabide ezaz. Beste modu batera esanda: neoliberalismoaren atzaparrek maila guztietara hedatzen den subiranotasunaren galera orokortua dakarte.

Subiranotasun kontzeptua, oro har, ulergaitza egiten zaigun ideia abstraktu bat besterik ez da, politika handiarekin lotua, herri, nazio, autoritate eta enparauekin bat egin dezakeena. Horrek,  sarritan anabasa besterik ez du sortzen errealitatearen gainean aldaketak egin nahi ditugunean. Sinpleki erabili nahiko nuke hemen, ez estatu-nazioaren eskuduntza pribatu gisa; pertsona orok alor guztietan (bere gorputzetik hasi eta bere herrialdearen egituraketaraino) duen (edo beharko lukeen) botere eta erabakimen ahalmenaz, hots, beste botereekiko duen independentziaz ari natzaizue.  Eta nioenez, neoliberalismo deritzogun sistema honek erruz eragiten du geure burujabetasunaren gainean.

Har ditzagun Miguel eta Aitorren kasu hipotetikoak ostera. Lanak eragindako ondorio pertsonaletan antzekotasun ugari dituzte,  neoliberalismoaren zutarri diren multinazional batean lan egiten duten heinean,  baina desberdintasunak azpimarratu nahiko nituzke esperantzari aukera emateko. Darabilgun gaian, AEBekin merkataritza askeko itun bat eduki edo ez edukitzea da Mexiko eta Euskal Herriaren arteko desberdintasun behinena. TTIP bolo-bolo dabilen honetan, Mexikon 1994tik hona (hots, NAFTA sinatzetik egundaino) gertatutakoaz mintzatu nahi nuke, datorkigunaren mamua astintzeko asmoz. Har dezagun Miguelen ofizioa galdutako subiranotasuna ilustratzeko: meatzaritza ekonomiaren oinarrian dagoen jarduera bat izaki, aski ongi erregulatuta geratzen da horrelako tratatuetan. Egun, Mexikoko lurren %25 inguru (Espainiaren tamainako lurraldea!) meatzaritza ustiaketarako emanda dago[2], eta horren %70 multinazionalen artean banatuta dago. Estatuak bere baliabideen gaineko jabetza ezin badu eduki, zer subiranotasunez ari gara hizketan? Ez da zoritxarrez datu beldurgarri bakarra. Neoliberalismoak zuzeneko etsai gisa hartzen ditu natura eta horren gaineko erregulazioak (fracking-aren kontrako legediak, transgenikoen ingurukoak, etab.). Mexikok, batik bat Txina Munduko Merkataritza Erakundera sartu eta soldata baxuen abantaila galdu ostean, naturaren erregularizazio eza saltzen du nazioarte mailan, eraginkor itxura ematearren. Hori teknologia berrien botereari lotu ezkero, ondorio penagarriak dauzkagu: Espainiar koloniak iraun zuen hiru mendeetan ateratako halako lau tona urre erauzi dira azken 10 urteetan Mexikon, adibidez[3]. Oraingo honetan ere atzerrira bidaltzeko, Kanadara batez ere (gogoratu herrialde hori ere NAFTAren partaide dela). Gainera, merkataritza askeko itunek korrelazio zuzena dute atmosferara jaurtitzen ditugun berotegi efektu sortzaile diren gasen areagotzearekin, inportazio-esportazioak handitzen eta elikagai zein abeltzaintza sektoreak eraldatzen dituen heinean.

Lurraldetasunaren eta naturaren gainean dakarren erabakimen faltaz gain –askori zerutiarrak iruditzen baitzaizkio gai horiek edo Miguel eta Aitorrek bezala badauzkatelako lehentasunezko beste gai batzuk–, jo dezagun egunekotasunean eduki ditzakeen ondorioetara, geure gorputz, osasun, elikadura eta ohituretan ukan ditzakeen ondorioetara. Dakizuenez, itun hauek ez dira berdinen artean sinatzen diren adiskidetze prozesuak; AEBen hegemonia eta, bide batez, neoliberalismoaren dotrina zabaltzeko gailu bat baizik. Mexikoko janari tradizionala UNESCOk gizateriaren ondare izendatu duen dieta bakanetakoa izateak eragin ttipia izan du janari prozesatuaren eta transgenikoen hazkundea gelditzean. Indize kaloriko altuko jakietan AEBek bikoiztu egin zuten inbertsioa Mexikok NAFTA sinatu eta hurrengo urtean (2300 milioi U$D vs. 5300 milioi U$D), eta azukre maila altuak dituzten freskagarrien kontsumoa ere bikoiztu egin zen hamar urteetan zehar (1992-2002). Mexiko, gaur egun, munduan haur lodienak eta diabetes maila altuenetarikoak dituen herrialdea da.[4] Ez dirudi kasualitatea.

Osasunarekin jarraituz, merkataritza askeko itun horiek patenteei garrantzi itzela ematen diete eta, adibidez, Itun Transpazifikoak (negoziaketa unean dagoen merkataritza askeko beste itun bat),  Mexikok patentea duen botiken generikoak saltzea izugarri mugatzen du. Osasun sistema guztiz pribatu batean pentsa horrek izan dezakeen eragina. Ez hori bakarrik, biopirateria izeneko praktika zitala darabilte industria farmazeutikoek, herri indigenetan (edo tradizio handiko komunitateetan) antzinatik erabiltzen diren erremedio naturalen azterketa egin eta zerbait erabilgarria aurkitu ezkero formula hori patentatzean datzana; ezer ordaindu gabe noski.

Bukatzeko, merkataritza askeko itunak tokian tokiko ekonomian izan duen eragina nabarmendu nahiko nuke. Mexikon ituna sinatu eta gero, dendari txikien kaltetan 24 orduz irekita dauden denda-kate batzuk hasi ziren zabaltzen, Oxxo edo 7eleven deituak. Denda hauetan freskagarriak, patatak (Lays eta horiek), opil prozesatuak, gailetak, garagardoa eta antzeko gauzak saltzen dituzte. Kalkulu desberdinen arabera, irekitako Oxxo bakoitzarengatik 5etik 10era denda txiki ixten dituzte, eta 8 orduro (!) irekitzen omen  dute bat.[5]

TTIPa gure bizitzen gaineko giltzarrapo bat da, mamu baten antzera hedatzen den giltzarrapo bat. Modu ikusezinean, samurki, gure bizitzen, geure gorputzen, osasunaren eta identitatearen gaineko kontrola hartzen duena.  Ez da hori okerrena, ordea, infekzio horrek duen ezaugarririk doilorrena gure onarpen eta konplazentziarekin egiten duela baizik, beste aukerarik ikusi ez eta eroso asko moldatzen garelako. Pentsamendu bakarraren garaipena da, neoliberalismoaren alaba kuttuna, supermerkatura (Walmartera!) sartu eta aske sentitzearen sentsazioa, aurretik entzun gabeko gaitzentzako erremedioak saltzen dizkigun aztia, beste edozein bide amildegira doala kontatzen digun ipuina…

Kudeatzaile bikainak hasi dira gurean lamien kanta xoragarriak zabaltzen, baina erne ibiltzeko garaiak dira hauek lagunok; Europak klausula batzuk ezarriko ditu ziur aski , baina ez eduki inongo dudarik ez direla inondik inora populazioaren gehiengoarentzako onuragarriak izango. Ezagutzen ditugu, Aitorrek eta Miguelek ezagutzen dituzte, neoliberalismoaren pean lan egin beharrak dakartzan ondorio pertsonalak[6]; garaiz gaude bizitzaren alor guztietara heda ez dadin.

Ez dut esan nahi Mexikon gertatutakoak Euskal Herrian derrigor gertatu behar duenik, noski, lehenik eta behin desberdintasun nabariak daudelako eta munduan AEBekiko menpekotasun handienetarikoa duen lurraldea (handiena ez bada) delako Mexiko, baina arriskuak hor daude eta kontuan hartzekoak direla iruditzen zait gutxienez. Ez da soilik itun ekonomiko bat jokoan dagoena, biopolitika bera baizik, geure bizitzaren (eta heriotzaren) gaineko legedia.

Mexikoko diktadore  izandako Porfirio Díaz berak zioen duela ehun urte baino gehiago: “Pobre México, tan lejos de Dios y tan cerca de Estados Unidos”. Manten gaitezen urrun, badaezpada.

P.D.: Bioakie besarkada estu bat Zumarragako Arcelor Mitaleko langileei. Eutsi goiari!

.

  • [6] Honen inguruan liburu bikain bat dago: Richard Senneten “La corrosión del carácter: las consecuencias personales del trabajo en el nuevo capitalismo”. Anagrama argitaletxearena.
TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa / TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa / TTIP edo gure bizitzen gaineko giltzarrapoa

Herritik urrun dabilen urretxuar bat. Asterix eta Obelixen komiki bikainek historia maitatu eta inperialismoa gorrotatzen irakatsi zidaten. Ordundik giza jarduerarekin lotutako gaiek liluratzen naute, parranda ahaztu gabe noski.