Corpore sano in men sana

Corpore sano in men sana – 

Duela 6 urte inoiz hartu dudan erabakirk egokiena hartu nuen. Atzo balitz bezala gogoratzen dut, gimnasio batean eman nituen lehenengo urratsak. Txikitatik gustatu egin zait kirola, izan ere, gimnasiora sartu nintzen eskubaloian hobetzeko asmoarekin. Baina pixkanaka-pixkanaka, horretaz maitemintzen hasi nintzen eta nire pasio bihurtu nuen. 

Gaur egun, duela urte asko bezala, jende gehienak kirola egiten hasten da bere itxura fisikoa aldatzeko asmoarekin. Beste asko osasunari begira sartzen dira gimnasiora, eta badira beste batzuk, ni bezala, beste kirol batean hobetzeko xedearekin gimnasioan sartzen direnak, eta beste hainbat arrazoirengatik. Baina izan ere, soinketa egitea, fisikoaz aparte, aldaketarik garrantzitsuena pentsamoldean eta bizitza ikusteko moduan da.

Gimnasioa esan dudan moduan, beste edozer esan nezake (instrumentu bat edo zaletasunez egiten den beste edozein ekintza), baina nire kasuan harrapatu nauena gimnasia izan da. Baina kemenaz, esfortsuz eta disziplinaz denbora luzez egiten den edozer izan daiteke. Gainera, kirol edo dena delako saio bat bukatu ostean, dopamina askatzen da, zoriontasunaren neurotransmisorea eta energiaz betetzen zaitu.

Pentsamendua edo mundua ikusteko moduaren harira bueltatuz, lehen esan bezala, disziplinaren erruz da. Guztiok ezagutzen dugu norbait, edo gu geu gara, gimnasiora astean behin doana edo nagitasuna daukanean ez dena joaten. Honen gakoa gogorik ez duzunean joaten datza. 

Hasiera batean, askori ez zaio gimnasiora joatea gustatzen, galduta sentitu zaitezke eta batzuetan baita beldurturik besteok zer esaten ari diren pentsatzen. Baina kirol egiten jarraitzen duzunean tokatzen zaizkizun egunetan eta zure beldurrei edo urduritasunei zein alferkeriari aurre egiten diezunean, hile bat pasa eta gero, aldaketak ikusten dituzu eta konturatu gabe ohitura bat bihurtu egin da. 

Niri hainbeste gustatzen zait gimnasioa, berdin diolako zenbat diru daukazun edo nongoa zaren, azken finean bakarrik lortuko dituzu zure helburuak gogor lan egiten baduzu. Hori da benetan zure burua aldatzen duena, eta hori beste esparruetara eraman daiteke. Horregatik, berdin dio zein den zure xedea eta zein den zure abiapuntua, animatzen zaitut gimnasio batera joatera eta zure helburuak lortzeko gogor lan egitera. Ez zara damutuko.

Corpore sano in men sana

3 pentsamendu “Corpore sano in men sana”-ri buruz

  • Gimnasioetara zoro zoazten moduan, liburutegietara ere joan beharko zinatekete, corpore sano in men sana benetan eman dadin, eta tamalez, halakorik ez da gertatzen. Narzisismoaren erakuslehioa bihurtu den gizarte honetan, “men sana”k ez dauka lekurik.

  • Citius Fortius Altius 2023-09-27 00:20

    Tximino probokatzaile jaun edo anderea, jakizula badela liburua zein haltera hartzen duenik eta ez direla bata bestearen aurkako. Socrates, Platon eta Aristotelesek, hirurek gomendatzen zuten ariketa fisikoa egitea, lanketa intelektualarekin batera (ez noski aldi berean, hori bai dela zaila, naiz eta baden Bruce Leeren argazkiren bat bizepsa landu bitartean irakurtzen) eta aski ikertua dago baita ere ariketak burmuinaren funtzionamendu egokian betetzen duen papera.

    Ez ahaztu ez garela garun eta gorputz zentzu dikotomikoan, baizik eta hauen osotasun bat, elkarreraginean baizik ezin daitezkeenak ulertu; ez da gorputzik burmuinik gabe ez eta burmuinik gorputzik gabe. Orekan datza osasunaren gakoa.

    Ez dakit egiten duzun orokortzea idazleagatik egiten duzun, baina Xabierrek azaldu duenez praktikatzen duen kirolean hobetzeko hasi zen gimnasiora joaten. Zer du honek txarretik? Esadazu, arren, ez baita ulertzen nondik datorren zure ernegua.

    Bai, gertatzen da. Bagara liburutegira joan (gaur bertan joan naiz eleberri bat jasotzera, kasualidadea) eta gimnasiora ere zoro moduan goazenak, edo beste kirol batzuk praktikatzera. Eta badira, Xabierrek legez, beste batzuk nartzisismoa ikusten duzuen lekuan borondatea eta disziplina ikusten duenik, azalekotasunetik urruti dagoena. Ongi landutako gorputz bat ederra da, poetikoa, eta gainera pertsona horren borondate indarraren erakusle. Erosokeriaren aurkako txerto bikaina. Kirolak eta ariketak badaukate bere esparru estetikoa, ez dena gaitzesgarri, baizik miragarri. Atleta baten fintasuna ikusi duenak badaki.

    Bestetik, liburutegiko liburuak fetitxe bihurtzeak ez du onik egiten, badira liburu onak eta liburu txarrak, eta azken hauek aurrekoak baino aiseago aurkitzen dira jendearen eskuetan. Jakintza leku askotan aurkitzen da eta ez beti liburuetan, batzuetan norberaren meditazio sakonetan aurkitzen da. Ariketa meditazio sakon horren bitartekari edo bidaide izan daitekeela aurkitu dut askotan.

    Eta mens sana aipatzen duzula. Ez dut uste onik egiten dizunik hainbeste pozoi Zuzeun zabaltzen ibiltzeak. Bihotzarentzako eta garunarentzako (eta oro har gorputzarentzako!) ez da ona. Bihotzarentzako are hobeagoa da soinketa. Denontzako lekua dago, lasai. Gimnasioari izkin egin nahi? Beno, Euskal Herrian badugu mendi andana. Hori lasaitasuna eta gogo askatasuna mendi puntan bizi dena!

    PD: Xabierri aipamen berezia. Gustatu zait zure artikulua eta identifikaturik sentitu naiz oso. Ez egin kasu Tximinoiei eta segi lasai asko entrenatzera. Bestetik, latinezko hitz egokia “mens” da, s rekin bukaeran. Ohiko esaldiari ere buelta eman diozu, klasikoa Mens sana in corpore sano delarik. Ez dakit berariaz egina den baina efektu ona lortu duzulakoan nago, zeren eta, ispiluan begiratuta, zerk dauka zer? gorputzak burmuina edo burmuinak gorputza? Erabaki hori zure esku uzten dut, baina niretzat ezinezkoa da jakitea bat eta bakarra garelako, dikotomia hori gorabehera.

    • Xabier Bilbao Zabala 2023-09-30 13:00

      Kaixo, Citius Fortius Altius.
      Mila esker zure erantzunagatik, asko gustatu zait eta benetan hunkitu nauela. Zurekin bat nator esaten duzunean ez garela dikotomikoak, baizik eta gorputzak eta garunak bat egiten dutela biak batera, eta ni bezala, askok elkarte hori ariketa fisikoa egiten dugunean aurkitzen dugu. Badakit errepikorra naizela, baina benetan eskerrak zure erantzunagatik eta asko hunkitu nau.

      PD: Baliteke ni lehiaketan parte hartzea, baina zuk egindako erantzunarekin, seguro irabasteko modukoa dela gutxienez. Ze nolako maila eta idazlan maila. Txalotzekoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude