BIZI ez da abertzalea baina ideia eta irudi abertzaleak instrumentalizatzen ditu

BIZI ez da abertzalea baina ideia eta irudi abertzaleak instrumentalizatzen ditu –

“Iñon ez iñor menpekorikan nor bere buruaren jabe, herri guztiok bat eginikan ez gabiltza gerorik gabe”.

Joxean Artze / Mikel Laboa

BIZI ez da abertzalea baina ideia eta irudi abertzaleak instrumentalizatzen ditu
Herribiltzako kideak, burujabetzarako bidean.

Horra “Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu” BIZI mugimenduaren irailaren 11ko idazkiari buruzko gure oharrak.

Zintzoki, ez dago arrazoirik pentsatzeko Euskal Herria bezalako lurralde ttikiagoen subiranotasun instituzionala a priori hobea izango denik” erranez, BIZIk argi uzten du burujabetasuna, hau da instituzio burujabeak ukaitea, hots independentzia, ez duela lehenesten, eta berriz ere ez du euskal populuaz hitz egiten baizik eta euskal lurraldeaz.

Gandhi independentistak Erresuma Batuko ordezkari gorenari Indiatik joan behar zirela erran ziolarik, ordezkariak, Erresuma Batua joaiten baldin bazen, India burujabeak barne arazoak ukanen zituela erantzun zion; orduan Gandhik hau erran omen zion: “baliteke barne arazoak ukaitea, baina azkenean gure arazoak izanen dira, ez zuenak”. Ildo beretik, ez dakigu instituzio burujabeekin Euskal Herriaren egoera hobea izango denez, baina azkenean guk erabakitakoaren araberakoa izango da, eta zintzoki pentsatzen dugu instituzio burujaberik gabe egoera a priori txarragoa izango dela. Besteak beste horregatik abertzaleak gira. Hain zuzen, Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, abertzale izaitea, euskal populu gisa gure burua gobernatzeko erakunde burujabeak aldarrikatzea eta eraikitzea da bereziki.

“Abertzale eta ez-abertzale direnek elkarrekin Euskal Herrirako lurralde jasangarri eta bidezko proiektu bera zehaztu dezaten lanean ari” dela dio BIZIk. Guk, abertzale ez direnekin hitz egiten dugu, baina lehenik eta behin uler dezaten frantziar eta espainiar estatuen agintariek Euskal Herria zapaltzen dutela; eta abertzaleekin, herri gisa gure erakunde burujabeak eraikitzeko eta planeta desegiten ari diren kapitalistei aurre egiteko lanean ari gira besteak beste.

Demokrazia errepresentatiboaren eta demokrazia parte hartzailearen kontzeptu engainatzaileei buruz BIZIri egin dizkiogun kritikei, BIZIk erantzuteak interesatuko gintuen, baina ez du egin.

Via Campesina 1996tik gora (eta ez 1993tik gora BIZIk dion bezala) elikadura subiranotasuna ideia hedatzen hasi zen. BIZIk dio ideia horren ildotik doala. Alta, 2002an Erroman eta 2007an Malin antolatutako elikadura subiranotasunari buruzko munduko foroetan, elikadura subiranotasuna definizioak ondoko bi ideia hauek barne hartu zituen:

populuen eskubidea autonomia osoz beren laborantxa eta elikadura politika publikoak definitzeko eta egiteko;

– beharrezkoak diren tresna instituzionaletarako eskubidea.

Elikadura subiranotasunaren ideiak, populuen instituzio burujabeen ideia barne hartzen du beraz. BIZIren egitasmoa ez doala ildo horretatik pentsatzen dugu, euskal populuaren bere burua gobernatzeko eskubidea ez baidu aipatzen.

Harritzen gaitu ikusteak BIZIk bere “Euskal Herria Burujabe” dokumentua 2018an idatzi zuela ohartaraztea, orain kritika publikoa jaso duela eta, zaharkitua balitz bezala. Alta, BIZIk urriko “Euskal Herria Burujabe” ekitaldia urtarrilean eta ekainean iragarri zuelarik, ekitaldi horren eta bere dokumentuaren arteko lotura agerian ezarri zuen. Gainera, 2018tik hona BIZIk dokumento honen hedapen publikoa behin eta berriz egin du, azkena joan den uztailaren 19an.

“Gure bizien baldintzen berreskuratze horri burujabetza erraten diogu” adieraziz, BIZIk burujabetza ideia despolitizatzen du eta burujabetza ideiari bere erranahia emaiten dio. Alta, Euskal Herrian burujabetza hitza bere egiazko erranahi politikoarekin (independentzia) aspaldian erabiltzen da. Ildo beretik, BIZIk zazpi Euskal Herrien irudia lurralde erranahiarekin erabiltzen du, irudi horrek aspalditik euskal populu erranahia daramalarik.

BIZI mugimendua ez da abertzalea; horregatik, gure iritziz, “Euskal Herria Burujabe” lema erabiltzeari utzi behar lioke, lema guztiz abertzalea delako; ez balu uzten, abertzaletasuna edukiz husten segituko luke. Baina gure ustez, BIZIk gauza hobea egin dezake: abertzale bilakatzea! Ongi etorri!

Ez gira BIZIk urriaren 7 eta 8an Baionan antolatzen duen ekitaldira joanen, ez pentsatzen dugulako BIZIren “BURUJABE Gure bizi baldintzak berreskuratuz” egitasmoak ez duela gure bizi baldintzak berreskuratzea ahalbidetzen (ikus egitasmo horri egin diogun bigarren kritika www.herribiltza.eus gunean), baizik eta egun horietan Billabonan izanen girelako, bertan Euskal Herrian Euskarazek ekitaldia antolatzen duelako, lema honekin: independentzia.

BIZI ez da abertzalea baina ideia eta irudi abertzaleak instrumentalizatzen ditu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude