Hiri eta komunitate jasangarriak aldarrikatzeko 16 proposamen

Hiri eta komunitate jasangarriak aldarrikatzeko 16 proposamen –

Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren KLIK PROGRAMA aurkeztu dute. Aurtengo programak 16 ekimen berritzaile ditu, lurraldeko 24 eragilerekin elkarlanean sortutakoak. Gizartean inpaktu positibo bat eragiteko modu erraz eta erakargarri bat eskaintzea da ekimenaren helburua, eta aurtengo edizioa hiri eta komunitate jasangarrietan ardaztuko da (11. Garapen Jasangarrirako Helburua).

Hiri eta komunitate jasangarriak aldarrikatzeko 16 proposamen

Donostia, 2024ko maiatzaren 3a. “Espazio hau pertsona guztientzat irisgarria eta bizigarria dela uste al duzu?” Gisa honetako galderak zituzten kartelekin eta Donostiako hainbat gune prezintatuz aurkeztu dute aurtengo Hitzetatik Ekintzetara egitasmoa. Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek sustatzen duten proiektu berritzaileak gizartea 2030 Agendara hurbildu nahi du, eta bertan jasotzen diren erronketan inplikatzeko modu desberdinak eskaintzen dizkie herritarrei.

Edizio bakoitzak Garapen Jasangarrirako Helburu zehatz bat du oinarrian. Iaz gose eza (2. Garapen Jasangarrirako Helburua) izan zuen jomugan proiektuak, eta aurten Hiri eta Komunitate Jasangarriak izango dira aztergai. Maiatzetik ekainera, xede honi lotutako 16 jarduera egingo dira lurralde osoan.

Egin KLIK, pasa Hitzetatik Ekintzetara

Hitzetatik Ekintzetara ekimenak jarrera aldaketa bat sustatzea du helburu, gizartea aktibatzea, klik bat eragitea. Estatistiken arabera, herritarren %50a prest dago gizarteko erronka desberdinetan inplikatzeko, baina laguntzeko denbora, modua edota testuinguru egokia topatzea zaila egiten zaie.

KLIK PROGRAMAri esker, zailtasun edota muga hauek gainditu eta kausan inplikatzea erraza eta erakargarria bihurtzen da, izan ere, ekarpena egiteko nahikoa da programan proposatzen diren ekintzetan parte hartzea. Aurtengo jardueren bidez, espazio publikoak komunitatea indartzeko duen garrantzia aldarrikatuko da, errealitate eta testuinguru desberdinak erakusteko eta herritarrengana hurbiltzeko: inklusioa, bakardadea, jasangarritasuna, irisgarritasuna, belaunaldien arteko erreleboa, etab.

Ekintzen artean, proposamen desberdinak daude. Matia Fundazioak eta Languages of Energyk kaleko bankuak erabiliko dituzte helduen arteko harremanak indartzeko; Eibarren birziklautako latekin egindako instalazio artistiko bat egingo da Debegesak eta IMFP Eibarko Institutuak sustatuta; Gure Txoko elkarteak atzoko jolasak berreskuratuko ditu belaunaldi desberdinetako pertsonak elkartzeko; Gazte Ekoliderrek, Matiazaleak eta Elkartuk bakardadearen gaia ikusaraziko dute Donostiako Gipuzkoa Plazan; SOS Racismo Gipuzkoak jatorri desberdinetako familiak elkartzeko proposamena egingo du.

Ekintza programa 3. sektore eko-sozialeko eragileekin lankidetzan eratu da. Hainbat ekimen ko-sorkuntza lansaio bidez sortu dira eta, besteak, deialdi bidez jasotako proposamenak izan dira. Hauek dira aurtengo programan parte hartu duten eragileak: AHIKU Arkitektura, Anakon, Artaziak, Debegesa, EHU Arkitektura ikasleak eta CAVIAR Ikerketa taldea, Eibar Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutua, Elkartu, Emaus Fundazioa, Etiopia utopia, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa (GKEF), Gure Txoko Elkartea, Gurutze Gorria, Helduak adi, Irati Santxez (Ekoliderra), Jatorkin Al-Nahda Elkartea, Matia Institutoa, Matiazaleak, Mindara Elkartea, Naizen Elkartea, Pausoka, SOS Racismo Gipuzkoa eta The Languages of Energy.

Hiri eta komunitate jasangarriak aldarrikatzeko 16 proposamen

Gizarte Berrikuntza Laborategia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude