Menderatua da beti diskriminatzaile

Menderatua da beti diskriminatzaile

Lander Arbelaitz kazetariak, Argia aldizkarian.

Nahiko oharkabean igaro da euskaldunoi aste honetan eman diguten kolpea. Hitz potoloz jositako titularren bitartez kontatu zaigu EAEko Auzitegi Gorenak indargabetu egin duela Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen Normalizazio Plana, erdaldun elebakarrak “diskriminatzen” dituela argudiatuta. Zer gertatu da baina? Euskaldunek erdaldunak diskriminatu? Nola baina?

Menderatua da beti diskriminatzaile

1- Euskaldunok bizi dugun zapalkuntza egoerara ez gara kausa metereologikoengatik heldu. Inork ez du bere hizkuntza albo batera uzten sufrimendurik gabe. Euskal Herrian euskaraz mintzatzeagatik eskolan jipoituak, kalean umiliatuak, zigortuak eta orokorrean asko sufritutakoak milaka eta milaka herritar izan dira azken mendeetan. 40 urteko Frankismoa edo Euskaldunon Egunkaria armekin ixtea euskaldunon aurkako jazarpenaren adierazle gordinenak ditugu. Aurrekari hauekin, azal gogorra behar da euskaldunok erdaldunak “diskriminatzen” ditugula esateko. Ez da hala.

2- Feministek agerian jarri dute “Justizia” delakoa matxista dela. “Matxismoa gizarte osoan indarrean dago, eta beraz, salaketak aztertzen dituzten erakundeetan ere bai: sanitarioetatik peritoetara, ea bortxatu zintuzten ala asmatu egin zenuen erabakiko duten epaileetatik pasata”, dio Barbijaputak Eldiario.es-en. Gauza bertsua gertatzen da euskaldunokin. Salbuespenak salbuespen, erdaldun elebakarrek erabakiko dute euskarak –euskaldunok alegia– aurrerapausoak eman ditzakegun ala ez. Dena “Justizia”-ren izenean. Zer espero behar dugu epaietako batean “euskara hizkuntza espainiarra” dela botatzen digutenengandik?

3- Gipuzkoako Foru Aldundiaren bost neurri atzera bota berri dituzte lasai. Bat aipatzearren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin duela webgunean lehentasunezko hizkuntza euskara jarri, nahiz eta webgune eleaniztuna denez, gaztelaniazko eta ingelesezko loturak eskura jarri. Epaian badiote euskara ezin dela lehentasunezko hizkuntza izan, zein izango da lehentasunezkoa elebitasunaren izenean? Ttak. Bai. Eta eskema sinplista bera erabiliz, gaztelaniazkoa lehentasunezko hizkuntza izateak ez al ditu euskaldunak diskriminatzen? Baina zer txiste da hau?

4- Atzera bota duten beste neurri bat Aldundiak azpikontratatzen dituen zerbitzuetan erakunde honek hobetsitako hizkuntz irizpideak ezartzea izan da. Kasu zehatz bat jartzearren, Aldundiaren izenean lan egiten duten zahar etxeetako langileak kontratatzerako orduan, euskaraz jakitea eskatzea debekatu dute epaitegiek, eta hala herritarrek zerbitzu hauek euskaraz ere jasotzeko eskubiderik ez dute ziurtatuta izango. “Gaztelania hiztunak diskriminatzen” omen ditu hori eskatzeak ere. Egoera hau betiko izango dela esaten ari zaizkigu?

5- Debekatu duten beste pauso bat, Aldundiak prentsaurrekoak euskara hutsez ematea da, nahiz eta kazetariei informazio guztia gaztelaniaz ere idatzita pasa. Horrek erdaldunak diskriminatzen omen ditu. Non dago diskriminazioa telebistan eta irratian euskararen presentzia handitzea bilatuta, areago, kazetaria bere hizkuntzan ere informatzeko neurriak ere hartzen badira? Zenbat aldiz gertatu zaigu kazetari euskaldunoi “egunon, buenos días” entzun ostean gaztelania hutsezko aurkezpenak jasotzea, inongo azalpenik eman gabe gure hizkuntzan? Non dago diskriminazioa?

6- Adibideak jartzen jarrai genezake luze. Nekagarri ere egiten da. Astun Espainia eta Frantziaren zama. Komunikazio kanpainetan ezin da euskaraz gaztelaniaz baino handiago idatzi, kaleak gaztelania hutsezko kartelez josita ditugun bitartean. Gipuzkoako Foru Aldunditik diru-laguntzak jasotzen dituzten elkarte, erakunde edo pertsonei ezin zaie eskatu euren dokumentu, euskarri, publizitate edo ekitaldi publikoetan euskara erabiltzeko. Dena Justiziaren izenean.

7- Euskara arriskuan dagoela Unescok ere esan arren, Espainiako eta Frantziako estatuek eman dezakegun edozein pauso oztopatzen, blokeatzen saiatzen jarraitzen dute. Ez da oso azkarra izan behar atzean dagoen posizio politikoa igartzeko. Gaur egun hala ez esan arren, garbi hitz egindakoak ditugu, Espainiako Carlos III.a erregea adibidez 1770ean:

Que de una vez se llegue a conseguir el que se extingan los diferentes idiomas que se usan en los mismos dominios y sólo se hable el castellano”.

8- Izenak jakitea garrantzitsua denez, nor dira legearen izenean euskaldunok azpiratzen aritu diren epaileak? Carlos Urquijo inkisidoreari men eginez, 2016ko irailean Victor Mora Gaspar izan zen ebatzi zuena ondorengoa: “Euskara hizkuntza orokor eta orokortu gisa Administrazioan ezartzeak, beste hizkuntza ofizialarekiko erabileran egoera diskriminatzaileak sor ditzake”. Aldundiak errekurtsoa jarri ostean, 2017an Luis Javier Murgoitio Estefanía, José Damián Iranzo Crezo eta Margarita Díaz Pérez izan ziren adierazi zutenak, baietz, euskaldunok gaztelania hiztunak diskriminatzen ditugula goian azaldutako pausoak emanez gero. Eta azkenik, 2018ko urtarrilaren 4an, urtea ongi hasteko ondorengo epaileek berretsi zuten kolpea: Luis Angel Garrido Bengoechea, Ángel Ruiz Ruiz, Jose Antonio Alberdi Larizgoitia, Maria José Artaza Bilbao eta Trinidad Cuesta Campuzano. ARGIAko lankide beterano batek dioen bezala, izen-abizenak gehiago aipatu behar ditugu euskal kazetariok.

9- Gure herrian euskararekin gaztelania hiztunak diskriminatzen ditugula esaten diguten horien Estatuaren zerbitzariak mundu osoan ehunka hizkuntza desagerrarazitakoak dira, inongo damu eta kalte-ordainik gabe gainera. Eta ez gaitezen kexatu, Zoido Barne ministroak orain gutxi esan bezala, “euskal herritarrek daukazuen autogobernu maila mundu osoarentzat adibide bat da, baina hori bai, 155. artikulua denei aplika dakieke”. Ez dezagun eskatu askatasuna, ez diezagutela daukagun apurra kendu. Bitartean Koldo Izagirrek Autopsiarako Frogak maisulanean zioen bezala, menderatua da beti diskriminatzaile. Zakurraren putza.

10- Amaitzeko, bi galdera: batetik, ezetz asmatu zein hizkuntzatan dauden idatzita epai hauek erdaldunak ez diskriminatu asmoz? Bestetik, halakoen aurrean zer egiteko prest gaude euskaldunok?

Menderatua da beti diskriminatzaile Menderatua da beti diskriminatzaile Menderatua da beti diskriminatzaile
Diskriminazioa, epaia, euskara
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude