Gure morroitzaren jatorria

Gure morroitzaren jatorria –

Gure morroitzaren jatorria
Arg: Misha Gordin

Gure garaiko munduan hain bilakatu zaizkigu ohikoak menderakuntza egoerak, non boterekeriarena gaitz estrukturala dela erratea ez den kasik eztabaidagarria ere. Egungo gaitz politiko eta sozial gehienen jatorrian dago mota bateko ala besteko opresioa, baina hain urrun begiratu behar izan gabe ere, boterekerian dute oinarria gure berdinekin ezartzen ditugun harremanetako askok ere. Makro-an ala mikro-an begiratu, benetan asaldagarria da dominazioaren sistemikotasuna.

Menderakuntza zergatik gertatzen den aztertzeko, norabide batean baino gehiagotan begiratu beharra dago. Tiranoak nor diren eta non dauden identifikatzeko segitu beharko dugu, noski, gorantz begiratzen, baina ezin dugu gure jarduna eginkizun horretan bakarrik oinarritu. Hain ohikoa ez bazaigu ere, beherantz ere hasi beharko dugu so egiten, tirano horien boterekeria hain erraz onartzen duten horiengana, alegia. Jada XVI. mendean La Boetiek ohartarazi zigunez, mendekoaren nolakotasunean aurkitzen duelako menderakuntza prozesuak, menderatuen artean benetan nagusitzeko behar duen faktore garrantzitsuena. Menderakuntzaren fenomenoa mendekotasun psikologikoaren perspektibatik ikertu nahi izan dutenen artean Wilhelm Reichen aportazioa azpimarratu nahi nuke, bera izan delako gaiari ezohiko erradikaltasunarekin heldu diona. XX. mendeko faxismoaren garaipenaren gako nagusia masaren psikologian zetzala argi frogatu zuen, eta ordura arte aintzat hartu gabe genuen faktore garrantzitsu baten berri eman zigun iraultzaileoi. Jendearen psikologiaren manipulazio errotikakoa dela botereak darabilen menderakuntza-arma eraginkorrena.

Gizarte guztiek erreproduzitzen dute hurrengo belaunaldietan gizarte hori sustengatzeko beharrezkoa den profil psikologikoa, eta eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte, noski, jendearen mentalitatea eta jokamoldea beren beharren arabera zizelkatzeko. Haurtzaroa izanik helduaren konfigurazioan erabakigarriena den garaia, heziketaren kontrola da etorkizuneko hiritarren karakterrean eragin nahi duen sistema batek duen modurik errazena. Horregatik dakigu heziketa-plangintza guztien oinarrian dagoela pertsona/mundu ideal bat, eta eredu horren arabera atontzen dela haurrarengan lortu eta ekidin nahi diren ezaugarri karakterialen zerrenda.

Askatasunez bizitzeko ezintasunarena da sistema autoritarioek gure psikologian bereziki instalatu nahi duten txip-a, nor bere buruaren autoritate gisa bizitzeko gai ez den pertsonak halabeharrez ibili behar izanen duelako beste norbaiten gidaritzapean, bere esanetara, bere morroi.

Dependentzia emozionalaren inokulazio hori masiboki eragitea da heziketak isilgordean daraman ezkutuko curriculumaren funtsa, heziketari benetan eskatzen zaion egitekoa, eta erran gabe doa, arrakasta handiz lortzen duena.

Arg: Matteo Rigossa

Haurren heziketa ulertzeko paradigma hegemoniko gisa direktibitatearena ezarri izanaren atzean helburu horixe baino ez dago. Pertsona gisa garatzen ari den garaitik beretik haragitu dadila haurrarengan beste baten gidaritzaren beharra, eta ahal bezain laster eta ahal bezain sakon barneratu eta irents dezala funtsezko lezioa: bizitzan zehar eginen dituen mugimenduak ez dituela bere desio eta beharren arabera erabakiko, beregandik kanpo direnen interesen arabera baizik.

Mekanismo bat eta bakarrean datza, funtsean, kultura pedagogiko instruktiboak horretarako haurrengan aplikatzen duen mikrobiolentzia. Adinaren arabera tipiagoa edo handiagoa izanen den bizitza-esparrua askatasunez kudeatzeko haurrak duen gaitasuna kaltetzea, horretarako dagokion eskubidea urratuz horrela. Morroitzarako ingeniaritza politiko honek oso goiz abiarazten du bere makineria, eta haur niniari berari ikasarazi nahi izaten zaio ez dela bera izanen amaren bularra hartzeko unearen egokitasuna erabakiko duena—bera barneko motibazioa edo beharraren arabera—, kanpoko instantzia bat baizik. Adibidez. Ohikoak—eta beraz, normalak—direlako erabat onartu baditugu ere, erabat politikoak dira praktika pediatriko eta pedagogiko hauek guztiak, inozenteak diruditen arren, ekintza horien bitartez hasten zaiolako pertsonari kanpo-gidaritza baten behar kasik biologikoa sortzen. Bere erabakien zentralitatea bere baitatik erauzita, halabeharrez ezarri beharko duelako beste norbaitengan. Autorregulazio (eta autogobernu)rako duen berezko gaitasuna, batzuei hainbeste komeni zaien soziorregulazioak ordezkatuz.

Eta zer ez dugu erraten ahal eskolak erabiltzen dituen mekanismoei buruz… Irakaslea da egin behar dena eta egin behar ez dena une oro erabakiko duena; zer, noiz, nola eta zertarako ikasi behar duen aginduko diona; hitz egiteko baimena eman edo kenduko diona; erantzunak zuzenak ala okerrak diren epaituko duena. Gizarte asimetriko eta bertikalaren eredua bete-betean erreproduzitzen da hor, horrela obedientzia eta gizarteari adaptatu beharraren normaltasuna errotik asumituz.

Adoktrinamenduaren kontrako gure borroka efektiboa izango bada, hiritarraren oinarri psikologikoa eraldatzeko sistemak dituen mekanismoen higadura ezarri behar dugu jomuga. Eta horretarako abiapuntua, guretzat ere nahi dugun askatasunaren paradigma ekarri behar dugun haurtzaroaren kultura argiztatzera.

Sortzean diren bezain aske eta burujabe hazi daitezen, eta ez dezaten helduaroan, gure moduan, emantzipazioaren aldeko bide luzea urratu behar izan.

Jatorriz Berrian argitaratua

Gure morroitzaren jatorria

Psikoterapian eta neurosiaren prebentzioan aritua. Euskara eta literatura irakaslea.