Konspiranoiko nago, Euskaltzaindia dela eta

Amets arraroa egin dut bart. Nire burua dron bihurturik ikusi dut eta hara eta hona ibili naiz airean leihoetatik sartuz ikusmiran begiluze.

Lehenik Guggenheim Museoko areto batean sartu naiz eta hantxe zegoen bi metroko amerikano betaurrekodun handi hori BRANDING AND MARKETING ikastaro bat ematen, marken balioa eta ustiapena esplikatuz. Ikasle arretatsuen artean hainbat euskatzain ezagutu dut.

Gero handik atera eta Bilboko Plaza Berriaren gainetik igaro naiz hegan eta Euskaltzaindiako balkoietako batean SNOOPY handi bat zegoen.

Zirt zart batean Lakuako eraikinen artean nenbilen disimuloan eta HIZKUNTZA POLITIKA jartzen zuen etxalde batean sartu naiz eta han ikusi ditut baztarrian hika­mikan zalapartaka ziharduten jende batzuk gainbehera adierazten zuen grafika batean aurrean eta halako batean buzo urdinez jantzitako gizon bat sartu da ukabila gora zuela oihuka “fabrika!, fabrika!” eta orduan jende zalapartari horiek pozik saltoka hasi dira ehun euroko bileteak jaurtikiz konfettiak bailiran.

Konspiranoiko nago, Euskaltzaindia dela eta
Esnatu naizenean, gazte garaian irakurritako Freuden “Ametsen Interpretazioa” liburua hartu dut apaletik, ametsaren esanahia asmatu nahian. Gogora ekarri dut berriro ametsak ulertzeko hainbat gako: ametsak, gure oharkabeko beldur irrazionalak adierazteko istorioak dira, eta normalean duela gutxi jasotako estimuluren batek luzatzen du istorioa eratzeko materiala.

Hausnarraldi labur baten ondoren ikusi dut garbi. Horratx nire beldur irrazionalak: Euskaltzaindian ez ote duten erabaki “Euskaltzaindia” marka, ustiatu beharreko ondare bat dela, etekin ekonomikoa atera beharreko ondare bat. Hizkuntza Politikan, euskararen erabileraren inguruko porrot mingarriaren aurrean zerbait egin behar dutela eta, zirt­zart, lan mundua euskalduntzen ahalegintzeko erabakia ez ote duten hartu, orain arteko porrotaren azterketa zintzoa egiteari uko eginez.

Aurki lan­mundua euskalduntzeko diru funts garrantzitsuak ez ote diren eskainiko. Diru horietako zatirik handiena eskuratzeko Euskaltzaindia ez ote dabilen bere “markan” oinarrituriko monopolio bat sortu nahian…

Euskaltzaindiari berriki eskatu zaion lidergoa hartzearen kontu hori montaje zabar bat ez ote den izango.

Auzo eskaria izan ordez, auto­eskaria ez ote den izango. Datorren otsailerako antolatu duen kongresu horretara joango diren gonbidatuak “gonbizilegi” (barka neologiskoa) batzuk ez ote diren izango, aldez aurretik hartutako erabakiei zilegitasun lustrea emateko joango direnak, alegia.

Izu et beldur irrazionalek lotuta bizi naiz nonbait, nire ametsek erakusten dutenez gero. Usamerikar aberatsa banintz, nire psikiatrari kontatuko nizkioke denak berehala, baina ez bata eta ez bestea ez naizenez, garrafoiko orujoa alde batera uzten saiatuko naiz, ea horrenbesterekin konpontzen zaidan arazoa.

Konspiranoiko nago, Euskaltzaindia dela eta

4 pentsamendu “Konspiranoiko nago, Euskaltzaindia dela eta”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude